Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria, Zinegoak 2022ko programazioaren protagonista

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria, Zinegoak 2022ko programazioaren protagonista –

Jaialdiak hiru kategoria izango ditu sail ofizialean (FIK, DOK, KRAK), film laburren bi ziklo berri estreinatuko ditu (Trantsizioak eta Maitasunezko Poliedroak) eta nazioarteko zinegile eta epaimahaien bisitak berreskuratuko ditu.

Zinegoak Sari Nagusia EITBk babestuko du eta 4.000 euroko balioa izango du.

Aurrez aurreko programazioaz gain, Zinegoakek bere leiho digitala mantenduko du Filminen, eta Euskal Herriko 45 herri baino gehigotara helduko da ZG Hedapenari esker.

Jaialdiak ZG PRO topaketa profesionala indartuko du martxan dauden proiektuen aurkezpenekin, masterclassekin eta Europako LGTBI+ jaialdien topaketarekin.

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria, Zinegoak 2022ko programazioaren protagonista

Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren programazio ofiziala aurkeztu du gaur. Zinegoak otsailaren 28tik martxoaren 7ra antolatuko da Bilboko hainbat aretotan, zinemaren eta kulturaren bidez sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko.

Bilborocken egindako prentsaurrekoan, Alaitz Arenzanak (zuzendari artistikoa), Pedro Andradek (produkzio zuzendaria) eta Julen Nafarratek (komunikazio arduraduna) jaialdiaren 19. edizioko nobedade nagusiak iragarri dituzte. Film luzeen sail ofiziala hiru kategoriatan banatuko da berriro: DOK (dokumentalak), FIK (fikzioak) eta KRAK (narratiba berriak). Guztira 16 film luze ikusi ahal izango dira sail ofizialean, Golem Alhondiga zinema-aretoetan proiektatuko direnak, eta Zinegoakek Filmin plataforman duen leiho digitalean ere ikusi ahal izango dira, aurrez aurreko proiekzioak amaitu ondoren.

Alaitz Arenzanak azpimarratu duenez, Zinegoaken aurtengo edizioaren helburuetako bat presentzialtasuna mantentzea izan da, “zineaz eta kulturaz in situ gozatu ahal izateko. Zinegoak kulturaz eta aniztasunaz gozatzeko topagune izatea nahi dugu”. Nolanahi ere, Zinegoakek leiho digitala ere izango du, “Bilbora hurbildu ezin diren pertsona guztiek jaialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten”.

Gainera, Zinegoakek nazioarteko zinegile eta epaimahaien bisitak jasoko ditu aurten ere, iazko etenaldiaren ondoren. Honako zinemagile hauek bisitatuko dute Zinegoak: Isabelle Solas (Nos corps sont vos champs de bataille), Reka Valerik (Silent Voice), Adrián Silvestre (Sedimentos), Tim Leyendekker (Feast), Noel Alejandro (KRAK epaimahaia), Cecilia Montagut (DOK epaimahaia), Susi Sánchez aktorea (FIK epaimahaia) edo Ohorezko Saria jasoko duen Albertina Carri argentinar zinemagilea. Carrik Zinegoakeko hasiera ekitaldian jasoko du Ohorezko Saria, otsailaren 28an Arriaga Antzokian.

Zinegoaken programazioa askotarikoa izango bada ere, jaialdiak hainbat gai jorratuko ditu hainbat filmetan, hala nola “indarkeria eta aterpea”, hau da, beren genero eta adierazpen orientazio edo aniztasunagatik jazarpena edo errepresioa pairatu duten pertsonen istorioak. Zinegoakeko programazioaren beste gai nagusietako bat GIB birusa izango da, 40 urte bete berri badira ere birusa agertu zenetik, gizartean dagoen estigma soziala oso handia baita.

Film laburrei dagokienez, “Emakume zuzendariak” eta “Haurtzaroa/nerabezaroa” ohiko zikloez gain, Zinegoakek bi ziklo berri izango ditu: “Maitasunezko poliedroak”, harreman afektibo-sexualen formulei buruzkoa; eta “Trantsizioak”, arreta trans errealitateetan jarrita. Guztira, 22 film labur lehiatuko dira sail ofizialean eta doan proiektatuko dira Bilborocken.

Aurreko edizioetan bezala, “Erroak” film laburren zikloak Euskal Herrian sortutako film laburrak bilduko ditu, eta lau lanez gozatzeko aukera izango dugu. Lan horiek Lekeition ere proiektatuko dira, bigarren urtez Zinegoakeko egoitza ofiziala izango baita.

Sail ofizialeko film guztiak lehiatuko dira Zinegoak Sari Nagusia eskuratzeko. Sari horrek EITBren babesa izango du lehenengo aldiz eta 4.000 euroko balioa izango du. Palmaresa martxoaren 7an Bilborocken egingo den amaiera ekitaldian emango da ezagutzera, eta bertan gainerako sariak ere jakinaraziko dira: Publikoaren Saria; Giza Eskubideak eta Aniztasuna; Lesbianismoa eta Generoa; Gazte Epaimahaiaren eta Seniorren sariak, eta abar.

Zinegoak 2022ko programazioa

Emanaldi bereziak eta arte eszenikoak

Sail ofizialaz gain, Zinegoakek Albertina Carri jaialdiaren ohorezko sariaren obrari eskainitako ziklo berezia ere antolatu du. BilbaoArten antolatutako ziklo honetan publikoak Cuatreros, Géminis edo La Rabia bezalako lanez gozatu ahal izango du. Bere pelikularik ezagunena, Las hijas del fuego, hilaren 27an proiektatuko da Bilborocken, “3, 2, 1… Zinegoak!” programaren baitan. Bertan solasaldia egongo da Carri zuzendariarekin eta Irantzu Varela kazetariarekin batera.

Emanaldi bereziei dagokienez, martxoaren 1ean, asteartea, Adrián Silvestre zuzendari valentziarrak bere azken filma aurkeztuko du, Sedimentos, FAS zineklubean antolatutako saio batean. Martxoaren 4an “saio lizuna” egingo da Noel Alejandro epaimahaikide eta helduentzako zine zuzendariaren eskutik. Bere hainbat film laburrez gozatzeko aukera izango dugu. Azkenik, Zinegoakek proiekzio berezia hartuko du Antony Hickling zuzendariaren azken filmarekin, Down in Paris.

Azken urteotan bezala, Zinegoakek arte eszenikoetako hainbat pieza ere izango ditu programazioan. Pabellón 6ko konpainia gazteak Rey desnudo y chico muerto aurkeztuko du martxoaren 4, 5 eta 6ko asteburuan. Bestalde, VACAburra konpainia galiziarrak Metodoloxias carroñeras para corpos invertidos hitzaldia eskainiko du La Fundicionen.

Zinegoaken, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea ere izango da, “Bilgune” saioen bidez: Hector Acuña/Frau Diamanda ikus-entzunezko artistaren “Eszena katalanak: errantzia antropologiko-sexualak” liburuaren aurkezpena (Aimar Arriola komisarioaren laguntzarekin); identitate lesbikoei buruzko solasaldia Aldarte elkartearen eskutik; Trauma podcast-aren hirugarren denboraldia; edo Gure Hots dokumentalaren proiekzioa.

Programazio ofiziala hasi aurretik, otsailaren 25etik 27ra “3, 2, 1… Zinegoak!” aurre-jaialdia hasiko da. Besteak beste, Mapplethorpe, look at the pictures dokumentalaren proiekzioa Guggenheim Museoan; “Nola esan/izan bollera euskaraz” proiektuaren aurkezpena; edo “Ez amour ezta toujours” kontzertu-kabareta Maite Arroitajauregi “Mursego”, Aranzazu Calleja, Cris Lizarraga, Esther Lopez eta Actea Jiménez musikariekin, Irantzu Varelaren gidaritzapean.

Aurtengo edizioan Zinegoakek bultzada bat eman nahi izan dio ZG PRO topaketa profesionalari, non aurten ere sexu-aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko proiektuak aurkeztuko diren. Gainera, hainbat zinemagilek masterclasseak eskainiko dizkiete ikus-entzunezko ikastetxeetako ikasleei, eta Europa Hegoaldeko LGTBI+ jaialdietako ordezkarien arteko topaketa egingo da.

Bilboko jaialdia amaitu ondoren, Filminen leiho digitala irekitzeaz gain, Zinegoak Euskal Herriko hainbat herritan zehar ibiliko da, ZG Hedapena programari esker. Programa horren bidez, sexu-aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko edukiak bultzatu nahi dira herri txikietan ere. Aurtengo edizioan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 47 herrik hartuko dute parte.

Azkenik, aurten Zinegoakek “ZineGogoak” ekimena jarri du abian Portugaleteko Udalarekin batera. Helburua herriko ikastetxeetan sexu-aniztasuna lantzea da, zinearen eta ikus-entzunezkoen bidez. Saioak goizean egingo dira, Ballonti zinemetan, eta dinamizazioa eta solasaldia izango dituzte ondoren. Martxoaren 9tik 11ra izango da, jaialdia Bilbon amaitu ostean.

ZINEGOAK 2022: INPOSATUTAKO ETIKETARIK GABEKO JAIALDIA

Aurtengo Zinegoak jaialdiak arreta jarri nahi du gure identitatea eraikitzeko eta geure burua nahieran birpentsatzeko eta berrasmatzeko aukera ugarietan. Alegia, nor garen eta geure burua nola izendatu nahi dugun erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatzeaz ari gara, betiere begirada irekia ezarrita sexu-aniztasunaren, orotariko orientazioen, genero-identitatea eraikitzearen edo sexualitatearekin loturiko edozein elementuren gainean.

Horixe bera islatzen da aurtengo edizioko irudian ere: hainbat kartelen bitartez, geure burua izendatzeko eta/edo horretarako modu berriak sortzeko aukerak ematen zaizkigu, inposatutako etiketarik gabe bizitzeko gonbidapen gisa.

Zinegoakek, gainera, bere deslokalizazio estrategia sendotzen jarraitzen du eta inoiz baino presentzia handiagoa du Euskal Herri osoan. Egoitza partekatuekin, 50 herri inguruk parte hartuko dute ZG Hedapenean edo hezkuntza-zentroekin batera gauzatuko den jarduera berri batean: ZineGogoak. Aurten Portugaleteko Udalari esker hasiko da, eta etorkizunean beste herri askoz ere gehiagotara iristea espero dugu.

Urtez urte, Zinegoak hazi egiten da, eta erronka eta errealitate berrietara egokitzen da, ezarritako etiketarik gabe. Izan ere, gure helburua ez da bakarrik kultur jarduera garrantzitsu bat izatea, baizik eta gizartea eraldatzeko tresna eraginkorra bihurtzea.

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria, Zinegoak 2022ko programazioaren protagonista

ZINEGOAK 2022

Zinegoakeko 19. edizioa otsailaren 28an hasiko da ofizialki, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazioarekin, eta otsailaren 7an amaituko da, astelehenean, sari banaketarekin. Egun horretatik aurrera eta igandera arte, hilak 13, jaialdiaren sail ofiziala modu birtualean gozatu ahal izango da Filmin plataforman, Zinegoakeko kanalaren barruan.

Jaialdiak, beraz, iazko formula bikoitza errepikatuko du: aurrez aurrekoa eta birtuala, iaz arrakasta handia izan zuelako (14.000 ikus-entzule baino gehiago). Zinegoakeko lehentasuna jarduera presentzialak dira zalantzarik gabe, bilbon, Lekeition eta gainontzeko herrietan, baina aldi berean audientzia birtualari ere eskaintza erakargarria antolatu nahi izan du, jaialdira modu presentzialean hurbildu ezin dutenentzat.

Lehenengo astean, otsailaren 28tik martxoaren 7ra, proiekzio eta jarduera presentzial guztiak egingo dira. Otsailaren 28an, inaugurazio ekitaldian, Olatz Salvador musikariaren emanaldiaz gozatu ahal izango dugu, Nerea Arriolaren aurkezpenarekin. Albertina Carri zuzendari argentinarrak ere Zinegoak 2022 ohorezko saria jasoko du ekitaldi honetan.

Lehen aste horretan, jaialdiko film guztiak aurkeztuko dira hiru egoitza nagusietan: Golem Alhondigan, sail ofizialeko hiru kategorietako (FIK, DOK, KRAK) film guztiak proiektatuko dira. Martxoaren 1etik 6ra bitartean, Bilborock EUSKALTEL ARETOA izango da, film laburren egoitza ofiziala; izan ere, aurten sail ofizialeko ziklo guztiak bertan proiektatuko dira, 19:00etan, eta doako sarrera izango du lekua bete arte. Azkenik, BilbaoArteko ArtHouse Zinema aretoan Albertina Carri ohorezko sariaren atzera begirakoa ikusi ahal izango da.

Zineaz gain, Zinegoaken arte eszenikoentzako lekua ere egongo da: VACAburra taldearen “Metoloxias carroñeras para corpos invertidos” eta Pabellón 6-eko Gazte Konpainiaren “Rey desnudo y chico muerto”, Iñigo Coboren zuzendaritzarekin. Eztabaida eta hausnarketarako tartea ere izango dugu, “Bilgune” saioei esker: nortasun lesbikoen inguruko proiekzioa Aldarteren eskutik, Gure Hots dokumentalaren aurkezpena, Trauma podcast-aren hirugarren denboraldia… Horrez gain, proiekzio berezientzako tartea ere izango dugu: “gau lizuna” Noel Alejandroren sexu esplizituarekin, Antony Hicking zuzendariaren azken lana Down in Paris eta abar.

Amaiera ekitaldia eta sari banaketa martxoaren 7an izango da, Unai Izquierdoren aurkezpenarekin. Aurten Zinegoakeko Sari Nagusiak EITBren babesa izango du, 4000 eurorekin, jaialdi osoko handiena bihurtuz. Era berean, inaugurazio-ekitaldia eta itxiera streaming bidez jarraitu ahal izango dira EITBri esker.

3, 2 ,1… Zinegoak!

Urtero bezala, jaialdia ofizialki hasi aurretik “3, 2, 1… Zinegoak!” aurre-jaialdia hasiko da, hainbat jarduerekin. Ekimen hauek bilboko hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlanean antolatzen da. Guggenheim Bilbao Museoan, berbarako, “Mapplethorpe: look at the pictures” dokumentala ikusi ahal izango da. Horrez gain, “Nola esan/izan bollera euskaraz” ikerketa aurkeztuko da eta “Ez amour ezta toujours” kontzertu-kabaretean hainbat abestiren irakurketa feminista egingo da. Azkenik, inaugurazio ekitaldiaren bezperan, Albertina Carri gure Ohorezko Sariaren proiekzioa egongo da, Las hijas del fuego.

Proiekzio birtualeko aretoa: Filmin

Martxoaren 7tik aurrera, aurrez aurreko jaialdia amaitu ostean, FILMINen leiho birtuala irekiko da. Horrela, online plataforma Zinegoakeko beste egoitza bat bihurtuko da, bertatik igaroko baitira sail ofizialeko film guztiak. Pelikula bakoitza gehienez 72 orduz egongo da eskuragarri. Filmak ikusteko ez da beharrezkoa izango Filmineko bazkide izatea, aukeratutako edukira sartzeko banakako sarrera ordain daitekeelako.

PROGRAMAZIOA

FIK DOK KRAK

Aurten 40 urte bete dira GIB-HIESA agertu zenetik. Zinegoaken beti izan dugu presente gai hau eta modu batera edo bestera landu izan dugu gure programazioan. Edizio honetan bereziki arreta jarri nahi izan dugu gai honen lanketan. FIK sailean, Mila Mineva eta Vesela Kazakova zuzendarien Women do cry filmean, 19 urteko emakume baten istorioa kontatzen da, Bulgarian emakumeen eskubideak zabaltzen diren bitartean. KRAK sailean Tim Leyendekker zuzendariaren Feast lana izango dugu. Bertan Herbeerehetan gertatutako istorio bat kontatzen da: topaketa sexual batean nahita egindako kutsaketak. DOK sailean David Wojnarowicz artistaren lana eta bizitza aztertuko da, Chris McKim zuzendariaren Wojnarowicz: F**k you f*ggot f**ker dokumentalarekin. Baina GIB birusa ez da bakarrik presente egongo sail ofizialean, “3, 2, 1… Zinegoak!” aurre-jaialdian ere landuko da, Mapplethorpe: Look at the pictures dokumentalaren proiekzioarekin. Emanaldi bereziei dagokionez ere, Noel Alejandro zuzendariaren “gau-lizunean” Serodiscordantes film laburra ere ikusi ahal izango da.

Aipatzekoak dira, halaber, Georgiako bi lan, gai desberdinak jorratzen badituzte ere, ikuspegi bera jorratzen dutenak: eskuin muturraren gorakada eta LGTBIfobia mundu osoan, eta horrek LGTBI+ pertsonentzat dakarrena. Katevan Kapanavadze zuzendariaren How the room felt filma futbol-talde baten egunerokotasunean barneratzen da. Futbol-talde hori emakume lesbianek eta bitarrak ez diren pertsonek osatzen dute nagusiki, eta burbuila bat eraikitzen dute beren maitasunak eta identitateak modu askean bizitzeko, gizarte itogarri eta errepresibo baten erdian bizi diren arren. Inguru horretan bertan garatzen da Instructions for survival, Yana Ugrekhelidze zuzendariarena, bikotekidearekin batera ezkutuan bizi behar duen trans gizon baten bizipena jasotzen duena. Emakume horrek bere gorputza subrogatuko du, ihes egiteko behar duen dirua lortzeko. Eta, hain zuzen ere, errefuxiatu bat da Reka Valerik zuzendariaren Silent Voice filmaren protagonista. Hiru lan horien artean, prozesu oso bat landu eta bistaratuko dugu: errepresioarekin hasi, ihes egiteko bitartekoak bilatu, eta aterpe eta babesa bilatu, bizirauteko asmoz.

Azkenik, jaialdian sendotutako joera bat nabarmendu behar da: sail ofizialeko lanen buruan emakumeak dira nagusi, eta oraingoan % 70era iritsi da FIK, DOK eta KRAK film luzeen hiru kategorien artean. FIKen bereziki nabarmena da: Angeles Cruz mexikarraren Nudo Mixteco, Laura Siamani italiarraren Piccolo Corpo, Catherine Corsiniren La fracture eta Cristiane Oliveira brasildarraren A primera morte de Joana. Joera hori jaialdiko gainerako jardueretara zabaltzen da, elkarrekin ehuneko hori % 57ra iristen baita.

Emanaldi bereziak

Kasu honetan Albertina Carri gure ohorezko saridunaren atzera begirakoa izango dugu. Otsailaren 27an Bilborocken bere azken lana ikusi ahal izango dugu: Las hijas del fuego. Bertan izango da Carri bera eta Irantzu Varela kazetari feminista, proiekzioa hasi baino lehenagoko solasaldi batekin. Bere gainontzeko lanak BilbaoArten proiektatuko dira martxoaren 2, 3 eta 4an. Ziklo berezi honetako filmak honakoak dira: Cuatreros (2016), La rabia (2008) eta Geminis (2005).

Ziklo honez gain, beste hiru emanaldi berezi izango ditugu, gaur egungo LGTBI+ zinemagintzan erreferenteak diren hiru zuzendarirekin:

Adrián Silvestre zuzendariak Sedimentos bere azken lana proiektatuko du FAS zineklubarekin elkarlanean.

Noel Alejandrok bere film laburren erakusketa bat eskainiko du, sexualitate esplizituak pantailan duen presentzia jorratuko duen emanaldi berezian.

Antony Hicklingek, bere aldetik, jaialdiaren hainbat ediziotan bere film guztiekin parte hartu duen zuzendariak, Down in Paris bere azken ekoizpena aurkeztuko du goizeko emanaldi batean.

BEGIRADAK + ERROAK

Film laburren sail ofizialak azken urteetan izan ditugun ziklo bi izango ditu. Alde batetik, haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko blokea, Berdindu LGTBI+ arretarako euskal zerbitzuarekin lankidetzan (bertan, besteak beste Berak Baleki Aitor Gametxo zuzendariaren lana ikusi ahal izango da). Bestetik, Emakume Zuzendariak zikloa bere izango dugu, urtero bezala. Edizio honetan, gainera, ziklo berri bi izango ditugu: Trantsizioak, trans pertsonen testigantzak eta bizipenak jasotzen dituena hainbat testuingurutan eta bizi-egoeratan, eta pertsona adina errealitate trans daudela ulertzea ahalbidetzen digutenak. Eta Maitasunezko Poliedroak, bi pertsonek osatutako bikoteetatik haratago, bestelako lotura afektiboak eraikitzeko hamaika modu daudela kontatuko digutenak.

Eta azkenik, Erroak, lehiaketatik kanpo dagoen film laburren zikloa. Bertan azken urtean Euskal Herrian sortutako lanak ikusi ahal izango ditugu, sexu-, identitate- eta genero-aniztasunarekin lotuta. Hori izan baita beti Zinegoakeko helburuetako bat: ikusgarritasuna ematea Euskal Herrian sortzen diren lanei. Aurten lau lan izango ditugu bertan: Mel Arranzen Azaletik Azalera; Xabier Vallinaren Ilunabarrean esan, Maider Garcia Merinoren No deberías eta Tamara Lucariniren Txango. Saio hau aldi berean proiektatuko da Bilbon eta Lekeition.

ZINEGOAK Euskal Herritik

Jaialdiaren deslokalizazioaren aldeko apustuak eta sexu-aniztasunari buruzko ikus-entzunezko eta kultur edukiak Euskal Herriko lurraldearen ahalik eta hedadura handienera eramatearen aldeko apustuak errealitate zabala eta sendotua eta hazteko potentziala eskaintzen digu edizio honetan. Ideia hori gauzatzeko hiru tresna nagusiak hauek dira:

ZG HEDAPENA

Urtez urte, udalerri gehiagok parte hartzen dute ZG Hedapenean, argi geratzen baita behar-beharrezkoa dela LGTBI+ edukiak jarduera kulturaletan lantzea.

Aurtengoan 50 herri inguruk parte hartuko dute Zinegoakeko nortasunaren parte den ekimen honetan.

ARABA: Amurrio, Artziniega, Kuartango, Iruña Oka, Laudio

BIZKAIA: Abadiño, Arrigorriaga, Bakio, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berriz, Durango, Galdakao, Getxo, Igorre, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Orozko, Otxandio, Sestao, Sopela, Urduña, Zalla

GIPUZKOA: Aduna, Anoeta, Aretxabaleta, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Errenteria, Elgoibar, Hernani, Hondarribia, Idiazabal, Lazkao, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Tolosa, Zumaia

EGOITZA OFIZIALAK

Lekeitio, Euskal Zine Bileraren laguntzarekin, jaialdiaren egoitza ofizial bihurtu da berriro, eta Bilboko egoitza nagusiarekin koordinatuta jarduerak antolatuko ditu. Lehen esperientzia oso positiboa izan ondoren, herri honek bere parte-hartzeari eutsi dio. Dagoeneko hainbat herrik erakutsi dute egoitza ofizial bihurtzeko interesa, eta espero dugu Zinegoak 2023k egoitza ofizial berria izatea.

ZINEGOGOAK

Aurten, aspalditik garatu nahian ibili garen jarduera bat estreinatuko dugu: ZineGogoak. Aniztasuna ikastetxeetara gerturatzeko tresna berri bat da, ikastetxeak baitira gure gizarteen balio positibo eta beharrezko gisa ikusgai egiteko eta naturalizatzeko esparruak.

Portugaleteko Udaleko Gazteria eta Kirola Sailarekin lankidetzan, martxan jarriko dugu ZineGogoaken lehen edizioa, eta gure helburua gero eta herri eta eskola gehiagotara iristea da, haiekin eskuz esku lan egiteko.

ZineGogoaken, goizeko zinema-saioak eskainiko ditugu, zinema-aretoetan, ikastetxetik kanpo, eta, saioen ondoren, dinamizazioak eta solasaldiak antolatuko ditugu.

ZINEA BAINO GEHIAGO: ZG PRO

Azken urteotako aldaketak hizpidera ekarrita, gure ingurunearekin adierazteko eta harremanak izateko moduak aipatu behar genituzke, eta ikus-entzunezkoen industria ez da salbuespena. Industriako agenteen eta ikus-entzuleen, eta zinema-jaialdien arteko kontaktua formatu ez-presentzialetan eta plataformetan zertzen da, hots, esparru horiek dira harreman horiek garatzen eta mantentzen dituzten loturak. Hori dela eta, ZG/PRO 2022 ekimenaren bitartez, sexu-aniztasunarekin loturiko zinemaren garapenean lanean diharduten agente eta esparruak ikusgai egiteko apustuari eutsi nahi diogu, are urrats bat aurrera egin ere, nazioarteko leiho bat izan nahi baitugu Espainiako estatuan ekoitzitako LGTBI+ proiektu zinematografikoentzat.

Aurtengo edizioan edukien banaketari erreparatuko diogu.

Joera horri eusteko asmoz, aurten ere Incoproduction ekarriko dugu jaialdira, hau da, zinemarako eta telebistarako proiektuetarako merkatu digitala. Aurten, gainera, lankidetza zabalagoa izango dugu, ZG/PRO Work in Progress (WIP) plataformaren sorrerari esker. Gainera Próxima jatorrizko bertsioko zinema independentearen eta egile-zinemaren banaketarako elkarteak ere bat egin du jaialdiarekin. Estatuko hamabost enpresa txiki eta ertain biltzen ditu elkarteak, denak ere banaketarako eredu alternatibo baten aldeko apustua egiten dutenak.

Madrilgo Lesgaicinemad Jaialdiko Queer Cine Lab eta Bartzelonako FIRE!! Mostrako FIRE!! Lab esparruek ere parte hartuko dute aurtengo edizioan; Espainiako estatuan LGTBI+ proiektuak garatzeko aholkularitza espezifikoan diharduten esparru bakarrak dira, eta haien laguntza funtsezkoa da ZG/PRO (WIP) garatzeko, baita Music Library & SFX, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadi eta Zineuskadi ekimenena ere.

Azkenik, Tartanga LHII ikastetxeak, Euskadiko Zinema Eskolak (ECPV) eta Bilboko Sorkuntza Zinematografikorako Eskolak (ECCBI) ere parte hartuko dute, ZG/PROko agenteen, epaimahaiko kideen eta zuzendari gonbidatuen tailer eta master classen bitartez.

ZINEGOAK 2022: DATU ETA KOPURU NABARMENAK

Jasotako lan kopurua: 456, Epaimahaikide ofizialak: 17, Gazte epaimahaia: 15, Senior epaimahaia: 9, Boluntarioak: 28

  • 38 proiekzio aurrez aurre
  • 20 proiekzio online
  • 7 jarduera eszeniko edota kultur aurkezpen
  • 14 fikziozko film luze
  • 11 film luze dokumental
  • 32 film labur (Begiradak+Erroak+ZineGogoak)
  • 47 udalerri ZG Hedapenean eta 50 proiekzio baino gehiago
  • 8 saio goizean ikastetxeetan
  • %57 emakumeek zuzendutako lanak

Mundu mailako estreinaldiak

  • Maiskind, zuz: iSaAc Espinoza Hidrobo, Alemania
  • Alia, zuz: Zahra Berrada, Frantzia
  • Mi alma azul, zuz: Liam Durán Cardona, Kuba
  • Europa mailako estreinaldiak
  • Leo la nuit, zuz: Nans Laborde-Jourdàa, Frantzia
  • Parvis, zuz: Laurence Gagné-Frégeau, Kanada
  • Descenso, zuz: Dara Schoj, Argentina
  • Los cuerpos de Sigfried, zuz: Emilio Rodríguez, Txile

Estatuko estreinaldiak, film luzeak

  • How the room felt, zuz: Katevan Kapanadze, Georgia
  • Instructions for survival, zuz: Yana Ugrekhelidze, Georgia
  • Nos corps sont vos champs de bataille, dir: Isabelle Solas
  • Rebel Dykes, zuz: Harri Shanahan & Siân Williams, Erresuma Batua
  • Women do cry, zuz: Mina Mileva & Vesela Kazakova, Bulgaria – Frantzia
  • Feast, zuz: Tim Leyendekker, Herbehereeak
  • El perfecto David, zuz: Felipe Gómez Aparicio, Argentina – Uruguay
  • Silent Voice, zuz: Reka Valerik, Belgika – Frantzia

Euskal Herriko lanak: 11

  7 film labur:

  • Berak Baleki, zuz: Aitor Gametxo
  • Azaletik Azalera, zuz: Mel Arranz
  • Txango, zuz: Tamara Lucarini
  • Ilunabarrean esan, zuz: Xabier Vallina
  • No deberías, zuz: Maider Garcia Merino
  • Lesvisibles, zuz: Arene Gabiña & Juan Zubillaga
  • Gure Hots, zuz: Arrate Fernandez

  3 proiektu eta kultur jarduera:

  • Nola esan / izan Bollera euskaraz? Nola izendatzen dugu gure burua? Zein da gure subjektu politikoa? Amaia Alvarez Uria eta June Fernández.
  • T.R.A.U.M.A podcast-aren 3. denboraldia (Euskal Herria- Argentina)
  • Ez amour, ezta tojours, Betidanik ezagutu izan ditugun abestien irakurketa kritiko eta dibertigarria. Uste genuen abesti hauek ezagutzen genituela, baina bortizkeriaz eta patriarkatuaz josita daude.

Partehartzaileak: Cristina Lizarraga, Aranzazu Calleja, Esther López Cabello, Actea Jiménez, Maite Arroitajauregi “Mursego” eta Irantzu Varela.

  1 proposamen eszenikoa

  • Rey desnudo y chico muerto zuz: Iñigo Cobo –Gazte Konpainia / Pabellón 6

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria, Zinegoak 2022ko programazioaren protagonista

Albertina Carri argentinar zinemagileak Zinegoak 2022 Ohorezko Saria jasoko du

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude