[Kafe Aleak] Nagore Aburruzagak Stray Cats

[Kafe Aleak] Nagore Aburruzagak Stray Cats

[Kafe Aleak] Nagore Aburruzagak Stray Cats.

Stray Cats

Rant´n´rave With The Stray Cats (EMI, 1983)

.

Musika nire modura

Esaten dute Pat Boone abeslari estatubatuarrak Frantzian izandako opor egun batzuetan idatzi zuela hain ezaguna zaigun My Way abestia. Garaiko abeslari frantziar ospetsu bat entzun omen zuen irratian eta, frantsesez ez zekienez, melodiak eta ahotsak iradoki ziotenarekin letra berria sortu zuen. Frantziar abeslariaren izena ez dugu gogoratzen, ezta bere abestiaren mezua, hainbat eta hainbat autore eta obren moduan hantxe geratu ziren, Frantziako goiz eguzkitsu baten soinu banda, denboraren poderioz beilegi geratu den postalaren antzera. Baina My Way abesti berria bai ezagutu eta gogoratzen dugula, Frank Sinatraren ahotsean. Benetan, abesti mundiala, batez ere letrak dioenagatik:bizitza plenoa bizi izan dut, autopista guzti eta bakoitza bidaiatu ditut, eta gehiago, hau baino garrantzitsuago, nire modura egin izan dut”.

[Kafe Aleak] Nagore Aburruzagak Stray CatsBadirudi mila urte pasa direla niretzat berria zen Stray Cats izeneko talde baten kasetea aurkitu nuenetik denda batean. Bai, kaseteak oraindik erabiltzen ziren eta urte askotarako. Rant´n´Rave zuen izena eta hiru gazte argalek begiratzen zidaten portadatik, kotxe berezi bat lapurtzen saiatzen ziren bitartean. Beharbada lapurretan harrapatu izan nituelako edo berdin zitzaielako begiratzen zuten horrela. Urte batzuk geroago kotxea hot rod bat omen zela ikasi nuen. Dena den, kasetea etxera eraman eta hantxe Pat Booneri frantziar abeslariaren abestiarekin gertatu zitzaiona gertatu zitzaidan neuri ere. Beste mundu batean sartu nintzen, ezagutzeko irrikan nengoen mundu argitsu eta gazte batean. Hizkuntza ez nekienez, nik hemendik eta handik hartutakoarekin sortzen bukatu nuena.

Cadillac batean sartu (Look At That Cadillac) eta Memphisera joan nintzen (18 Miles To Memphis). Han nik neuk izan nahi nuen hamazazpi urteko emakume sexya bizi zen (Sexy And 17). Norbait berarekin maitemindu eta teilatuetatik abesten zion, katuek gauari abesten dioten moduan (I Won´t Stand In Your Way). Baina guztia ez zen gozo eta xamurra. Bizitza gogorra ere bazen, irratian ezin zen rock’n’rollik aurkitu (Something´s Wrong Wity My Radio) eta errebeldeen antzera neure jokabide eta arau propioak izan behar nituen (Rebels Rule). Beharbada portadakoen antzera hot rod bat lapurtu eta talde batean sartzea izango litzateke ideiarik onena (Hotrod Gang), baina zenbat denbora bizi nahi nuen horrela? (How Long You Wanna Live, Anyway?) Beharbada, James Dean aktorearen antzera, urte gutxi hilotz ederra uzteko. Han aurkituko nituen jokabide bereziko pertsonaia interesgarriak (Dig Dirty Doogie) eta hauekin bidaiatuko nuke (Too Hip, Gotta Go), bizitza bidaia besterik ez baita.

Egia esan, berdin zen zer esaten zuten hiru katu horiek. Beraiek sortutako melodia eta ulertzen nituen hitz gutxi batzuek neure mundua sortu zuten. Ziur aski jada neure barnean nuen mundua, baina oraindik konturatu gabe. Han beti zen uda eta bidaia zen helmuga. Bideko hautsa eta sexu nerabea elkartzen ziren etorkizun hitza existitzen ez zen mundu dardarkari batean. Eta etorkizunik ez dagoenean, beldurrik ere ez dago. Guztia da akzioa eta orainaldia. Horrela gogoratzen dut musikak sentiarazten zidana. Eta horrela sentitzen dut, berriro entzuten dudanean, orain CD formatuan, nire ingelesak eta beste ezagupen batzuek ezinezko mundua dela garrasika esan arren. Musika zahar hori jarri eta berriro naiz errepidean, nire mundua, nire modura sortzen.

Denborarekin Rant´n´Rave with the Stray Cats talde estatu batuar baten hirugarren diskoa zela ikasi nuen, 1983. urtean argitaratuta. Brian Setzer, Lee Rocker eta Slim Jim Phantom ziren portadatik begiratzen zuten gazte argal horiek eta 50eko hamarkadako musika rockabillyan oinarritutako musika berria egiten zutela ere ikasi nuen. Neorockabilly-a batzuen esanetan. Eta beste hainbat gauza ikasi nuen talde eta musika honi buruz, baina ez nuen sentitutakoa ahazten ikasi. Horixe da musikaren botere izugarria. Eskerrak.

Nagore Aburruzaga (Balmaseda, 1976) musikazalea

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Nagore Aburruzagak / Nagore Aburruzagak / Nagore Aburruzagak