Musika, haurren erritmora

Donostia Jazzaldiaren 50. urtemugan buru belarri dagoen honetan, jaialdi nagusiak bere baitan gordetzen duen jaialdi txikia hasten da gaur. Txikia orain bizpairu urte abiatu zelako, txikia handiaren ondoan hiru eguneko egitaraua baino hartzen ez duelako eta, batez ere, umeek goza dezaten antolatua dagoelako. Jazzaldiak oholtza parean falta zuen adin tarte bakarrari erreparatzen diolako eta goizeko ekitaldi eta zuzenekoekin egun argiz garatzen delako, Jazzaldiko harribitxia dugu Txikijazz.

Musika, haurren erritmoraEkimenak Europan gero eta ohikoagoa bihurtzen ari den joera bati erantzuten dio. Lehen gazteenak ei ziren musika jaialditzarrak eta gau giroak; eta helduenak, oso helduenak, jazza eta auditorioetako emanaldi ´jasoak´. Tarteko belaunaldia desagertu egiten zen, gurasoen hutsunea nabarmena zen zenbait kultur jardueratan.  Guraso izan eta musika zaletasuna zokoratzen ei zuen askok.

Baina apurka-apurka kontuak aldatzen doaz eta gero eta gehiaago dira musika emanaldiak (eta beste) familia giroan bizi nahi dituztenak, beren zaletasunei eutsi ez ezik seme-alabekin partekatu nahi dituzten gurasoak.

Bartzelonako Sonar jaialdia esaterako, 1994an Bartzelonan sortua eta musika joera elektronikoak eta esperimentalak jasotzen dituena, konturatu zen jaialdiak urteak bete ahala bertaratzen ziren musika zaleek ere betetzen zituztela, eta jada zale asko eta asko guraso direla; jaialdiaz gozatzen jarraitu nahi luketen guraso musika zaleak. Eta beste esparru askotan ere berritzailea izan den jaialdiak SonarKids martxan jartzea deliberatu zuen. Umeentzako, edo hobe familia osoarentzako jaialdia.

 

Txikijazz

Beste horrenbeste egin zuen Jazzaldiak 2013an, “familiek eta haurrek musikaz, arteaz eta teknologia berriez gozatzeko eta horiekin ikasteko aukera eskaintzea helburu” duen Txikijazz sortuta. “Jaialdia haurrekin aisialdia pasatzeko beste era bat bilatzen duten gurasoengan dago pentsatua. Etorkizuneko publikoa musika-formazioan hezi nahi duten gurasoengana iritsi nahi du, musikak heziketarako eta gozamenerako eskaintzen dituen aukera amaigabeen jakitun”; dio jazzaldi txikiaren webguneak.

Txikijazz doakoa eta irekia da, eta jaio berrietatik hamaika urte bitarteko haurrentzako eta jarduerak programatzen ditu -Kursaaleko terrazak ditu kokagune-, euskaraz. Gainera, umeentzako pentsatua dagoenez, ikus-entzule huts izan baino parte hartzaile aktibo izatera gonbidatzen du bertaratzen dena, tailer ezberdinen bitartez: aurpegiak pintatzekoa, erreziklatutako objetuekin musika tresnak sortzekoak, Dj-enak, dantzatzekoak (jazz-dantza eta 50. hamarkadako dantzak), sukaldaritzakoak (Txikitxef: fruta-burruntziak eta koloretako entsaladak)…

Aparte, aurtengo egitarauak sekulako kontzertutzarrak jasotzen ditu; guztira hiru egunetan lau. Bat beren-beregi haurrei zuzendutako ikuskizuna da, Pop ´N´ Kids deiturikoa, eta beste hirurek (nagusien) Jazzaldian parte hartzen dutenak: Carla Cook, Ray Gelato & Claire Martin Donosti Lindy Hop-ekin eta Andrea Motis & Joan Chamorro Group.

 

Hemen bakoitzaren lagin bana:

 CARLA COOK (Gaur uztailak 23, 10.15ean)

Jazz standar-ak kantatzen ditu Carla Cook-ek laukotean, Neil Young edo Marvin Gaye-n kantekin batera, besteak beste. Egun New Yorken bizi den Cook musika irakaslea ere bada, gazteentzako Jazz hezkuntza programa interaktibo bat garatu duena. Herenegun eta atzo iluntzean Kursaaleko terrazetan izan da kantari aurtengo jazzaldian.

Bideoan Lynne Arriale eta Grace Kelly musikariekin “River” jotzen du zuzenean Jazz Alley-n.

 

RAY GELATO & CLAIRE MARTIN (+ DONOSTI LINDY HOP) (Gaur uztailak 24, 11.30ean)

Gelato sinpatikoa aspaldiko laguna du Jazzaldiak, sarri kantatu izan baitu Kursaaleko terrazetan -atzo eta herenegun ere bertan izan zen-. Saxofoi joleak “40ko eta 50eko hamarraldietako jazzeko showmen handien tradizioari eusten dio”, Ike Quebec eta Illinois Jacquet eredu dituela -sekulako swing-a du eta Louis Prima gogorarazten du!-. Aurten Claire Martin-ek laguntzen dio, britainiar jazzaren lehen damatzat hartzen ei dena eta 2011n Kenny Barron-ekin “Too Much in Love to Care” grabatu zuena. Emanaldi ezin aproposagoa dantzarako!

Ea asmatzen duzuen “Mambo Gelato” kantuaren bideoklipa egiteko zein hiri hautatu zuen Ray Gelatok.

 

POP ´N´ KIDS (Bihar uztailak 25, 12.30ean)

Propio umeentzako sortutako ikuskizun honetan gehien gozatzen dutenak gurasoak direnaren susmoa dugu. “Antxoak itsasoan antzera, pop-aren historiako arrakasta handienak dantzatuko ditugu”  diote beraiek, eta taldekideek hartzen dituzten izenak ikusita, ez dira asmatzen zailak izango: Freddie Mercurio, Maikel Jackson, Angus, RingoStar eta Stivi Wonder.  Taldeak StarSuperStar aurkezle xelebreak gidatzen du, kantu bakoitzean ekintza ezberdin bat proposatzen duena.

Ikuskizunaren lagin gisara, hona pot-pourri bat…

 

ANDREA MOTIS & JOAN CHAMORRO (Etzi uztailak 26, 12.30ean)

Bi laguneko talde honek -boskote dira zuzenean-, eguerdian haurrentzako kontzertua eskaini ostean, Melody Gardot diva lagunduko du iluntzean, jada sarrera guztiak agortu dituen emanaldian. Andrea Motis kantari eta tronpeta joleak eta Joan Chamorro saxo jole eta kontrabaxu joleak jazz standard dantzagarriak jo ohi dituzte. Azken hau, gainera, pedagogo ezaguna da, Els Comediants taldearekin lan egin izan du antzerkian eta Bartzelona Jazz Orchestrako kide ere bada, besteak beste.

Bideoan, My Baby Just Cares for Me” jotzen dute zuzenean, dantzarien laguntzarekin; Nina Simonek ezagutarazitako standard dotorea.

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.