[Kafe Aleak] Mursego “Bi (2)”

[Kafe Aleak] Mursego “Bi (2)” –

[Kafe Aleak] Fly Shit "Arnas bakoitzeko ernetzen"

.

Mursego

“Bi (2) (Bidehuts, 2010)

.

Mursegoren “Bi (2)”-tik David Byrneren “Look Into the Eyeball”-eraino

[Kafe Aleak] Mursego "Bi (2)"Mursegoren bigarren diskoa da erosi dudan azkena. Hamar euroan zegoen Durangoko Azokan. Merkeago ezin! Guk Susan saltzen genituen poema liburu berriak baino merkagoa zelako lotsaturik, bost ale erosi nituen: aurreneko aldian bat, hurrengo egunean bi, gero beste bat eta azkenean beste bat (bost erosten ari nintzela inor ez konturatzeko): bat etxerako eta beste lau oparitzeko. Disko xumea, bitxia eta ederra. Gehien gustatzen zaidan abestia “Zuek zarete Za!” da, baina ez dakit esplikatzen zergatik. Nolanahi ere, Mursego ezagutzeko onena da kontzertu batera joatea eta ikustea nola eraikitzen eta garatzen dituen doinuak eta kantuak.

Disko gutxi dauzkat. Gaztetan erosten nituen noizean behin (lehendabizikoa Supertrampen “Indelibly Stamped” izan zen, titiak ageri zituelako azalean). Koadrilako baten etxera joaten ginen musika entzutera: tokata zeukan gelan, eta disko asko eta askotarikoak; eta bere gurasoak ez zeudenetan haren aitaren ekipoa jartzen zuen, izugarrizko bafleak zeuzkana! Janis Joplin eta Col Bloodenak ziren nire lagun horren aitaren diskoketatik gehien gustatzen zitzaizkidanak. Gainerakoan, tabernan entzuten genuen musika. Etxean gutxi egoten ginen; errazago gu hondartzan futbolean edo tabernan garagardoak edaten; eta etxean nengoenean, liburua eskuartean. Gure aitak ere bazituen gutxi batzuk: Lluis Llachen “Gener de 1976” eta Burt Bacharachen album bat ziren gurean gehien entzuten zirenak.

Ez zait sekulan ahaztuko, Argia astekarian Kaki Arkarazok egiten zituen gomendioak irakurtzen nituela sasoi hartan, eta M-ak zela nire euskal talde faboritoa. Aurrerago, “Barkatu, ama” (1989) argitaratu zutenean, elkarrizketa egin nien IZ estudioan.

Baina galdetzen didatenean zein disko ditudan gogokoenak, Special A.K.A.ren “In the Studio”-rekin akordatzen naiz beti; eta The Style Concilen “Cafe Bleu”-rekin. 1984koak dira biak.

Horiek dira oroitzapenetako batzuk. Horiek… eta Iggy Pop eta Pretenders eta Violent Femmes…

Automobilean irrati-kasete zahar bat daukat. Kotxean albisteak entzuten ditut normalean. Baina kasete bat ere badaukat, bakarra: David Bowieren “Hunky Dory”. Lau urte dituen semeari “Life on Mars?” kantua gustatzen zaio, Mickey Mouse aipatzen duelako; eta abestu egiten du (ingelesez baleki bezala).

Beethovenen Udaberria eta Kreutzer sonatak biltzen dituen disko bat dut oso-oso maitea, 1980an Philips etxeak argitaratua. Askotan aditzen dut. Udaberria horren bigarren zatia eta Kreutzer-en amaiera bereziki ederrak dira.

Eta oraintxe… hilabete honetan sarri samar entzuten ari naiz David Byrneren “Look Into The Eyeball” diskoa 2001ekoa; asko gustatzen zaizkit horko pi pieza, Thom Bellek arrangetuak; baina ez dakit esplikatzen zergatik.

Gorka Arrese (1965, Zarautz) Literatur editore ohia

“Kafe aleak” liburua erosteko

[Kafe Aleak] Mursego “Bi (2)”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude