Munduenea, umeentzako ipuin-bilduma berria

Munduenea, umeentzako ipuin-bilduma berria –

Munduenea, umeentzako ipuin-bilduma berria, kulturartekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna jomugan.

Munduenea Munduko ipuinen etxea 6-10 urteko umeentzako ipuin-bilduma bat da. 10 ipuin hauek Bizkaian bizi diren beste 10 kultura ezberdinetako berriemaileei jasoak dira. Bilduma honen helburua beste kulturek eta hizkuntza-aniztasunak dakartzaten aberastasuna ipuinen bidez erakustea da.

Munduko ipuinen etxearen bereizgarria 10 ipuinak jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz daudela da. Gainera, irakurtzeko zein entzuteko aukera dago. Honako hauek dira bilduman jasotzen diren hamar hizkuntzak: arabiera, errumaniera, frantsesa, galegoa, jorubera, katalana, portugesa, txinera, urdua eta wolofera.

Egitasmoaren sortzailea Labayru Fundazioa da, berak zuzendu eta koordinatu ditu lan-prozesuko pauso guztiak. Ondoan izan ditu, alde batetik, ipuin bakoitzaren egileak, bai testuena bai ahozko aldaerarena; bestetik, Yolanda Arrieta, euskarazko testuak ontzen, eta Enrique Morente, ipuinen ilustrazioak egiten.

Munduenea, umeentzako ipuin-bilduma berriaGaur goizean MUNDUENEA Munduko ipuinen etxea ipuin-bilduma aurkeztu da BBK Gelako sarreran. Aurkezpenean hauek parte hartu dute: Xabier Arauzo Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak, Jose Ignacio Rodriguez Aldundiko Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendariak, Jokin Azkue Jaurlaritzako HABEko zuzendariak eta Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariak. Era berean, ipuinetan jasotako kultura eta hizkuntzetako ordezkaritza zabala egon da, bai berri-emaileen bai euren hurrekoen bitartez.

Munduenea hamar ipuinek osatzen dute. Umeei zuzenduta daude, eta munduko kultura eta hizkuntza ezberdinetakoak dira. Ipuinen egileak denak bizi dira gure artean, eta horixe da helburua, euskararen bitartez kulturen arteko zubia egitea. Kulturartekotasuna eta hizkuntzen arteko elkarbizitza aldarrikatu nahi da ariketa praktiko baten bidez.

Ipuin guztiak hizkuntza bitan ematen dira aldi berean, euskaraz eta jatorrizko hizkuntzan. Eta irakurtzeko ez ezik, entzuteko euskarria ere bertan dute, QR kode baten bitartez. Audioak dagoeneko sarean daude, liburuei buruzko informazioa biltzeko sortu dugun webgunean: munduenea.labayru.eus

.

10 hizkuntza eta kultura, 10 ipuinetara ekarri dira

Munduko 10 hizkuntza aukeratu dira. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako hizkuntzen mapan, hiztun gehien dituzten hizkuntzak aukeratu dira bilduma honetako lehenengo hamar ipuinetarako. Hauek dira: arabiera (Aljeria), errumaniera, frantsesa (Frantzia), galegoa, katalana, portugaldarra (Brasil), txinera, urduera (Pakistan), wolof (Senegal), eta jorubera (Nigeria).

Munduko 10 hizkuntzak identifikatu eta hiztunak bilatuta, ipuin bat eskatu zitzaien. Ipuin horiek itzuli eta umeentzako produktua izateko itxura eman zaie. Horretarako, testuak eta esaldiak moldatu, marrazkiak, maketazioak eta abar asko landu dira. Ipuin-bilduma jatorrizko hizkuntzan zein euskaraz argitaratu da. Gainera, ipuin bakoitzean erabilitako hizkuntzaren gaineko jakingarri batzuk sartu dira: ezaugarriren bat, munduan non erabiltzen den eta hamar berbako hiztegitxoa.

Egitasmoak hiru helburu nagusi ditu:

  • Kulturartekotasuna bultzatu.
  • Euskara beste hizkuntzetako hiztunentzako zubi izatea.
  • Euskal Herrian bizi diren beste kultura batzuk ezagutzea.

.

Labayru Fundazioak abiatutako egitasmoa

Ahozko transmisioa izan da kultura guztietan izaera eta ohiturak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko bidea. Kasu honetan ere, ipuinak eta kontakizunak erabili ditugu kulturen arteko trukea egiteko.

Gure gizartea gero eta anitzagoa da, gero eta herrialde, hizkuntza, kultura eta jatorri gehiagoko jendea nahastean bizi gara hurreko inguruetan. Atzerriko hizkuntza egiten dutenak gurera erakarri nahi baditugu, eurei entzun behar diegu lehenengo, nondik datozen jakin, gero gurearen eskaintza egiteko. Errespetu eta begirune hori eurei erakutsi, horrela gurea ere errespetuz hartu dezaten.

Jende askoren parte-hartzea behar izan da azkeneko produktu honetara heltzeko. Labayru Fundazioak sortu eta landutako egitasmoa da. Bertatik egin dira beste parte hartzaile guztiekin harremanak, koordinazioa eta egitasmoaren zuzendaritza.

Testuak lortzeko hainbat berri-emailerengana jo genuen, hizkuntza bakoitzeko bat edo kasuren batean bat baino gehiagorengana. Umeentzako ipuin-itxura emateko, Yolanda Arrieta idazlearen parte hartzea izan dugu. Eta marrazkiak Enrique Morentek egin ditu berenberegi. Audioak grabatu eta editatu Labayruko Irati Zarandonak egin du.

.

Munduko hamar kulturen bilduma

  • Hitza hitz – A palabra è a palabra (galegoa)
    Mouroak Galiziako lurpeetan bizi diren izaki erraldoiak dira, eta dohain bereziak dituzte. Uxio nekazariak tratua egin du holako batekin, baina hitza betetzeko gai izango ote da
  • Deabruaren zubia – El pont del diable (katalana)
    Aspaldi, Iso?vol herrian, iturrira joateko errekaren bestaldera joan behar zuten, baina zubirik ez. Egun batean, deabruak zubia eraikitzea eskainiko dio Ponetari, arimaren truke. Onartuko ote du tratua Ponetak?
  • Gizon aberatsa –  (urduera)
    Ezbehar batek eraman du ospitalera Pakistango gizon dotore bat. Han, baina, agerian geratu da nolakoa den benetan gizona. Zer ezkutatzen du?
  • Katu artistak – Les chats artistes (frantsesa)
    Katu artista batek, Frantziako herri batean, jateko gura duen guztia lortzen du bere ikuskizunak eginez. Beste katu bat agertu da, ordea, eta hari lekua kendu dio. Euren artean inbidiak sortu dira. Zelan amaituko ote da katuen arteko liskarra?
  • EidAlFitr-ekooparia– (arabiera)
    Ramadana amaitzean islamiarrek egiten duten jaia da Eid Al Fitr. Ohikoa da orduan opariak egitea ere. Gure hiru ahizpa protagonistek eskuzabal jokatzeak zoriontasuna dakarrela ikusiko dute.
  • Matsu, itsasoko jainkosa – (txinera)
    Lin Moniang arrantzale familia batean bizi da Txinan. Gau batean amesgaiztoa izan du: aita eta neba ontzian joan dira eta ekaitz ikaragarria hasi da. Zer gertatuko ote da biharamunean esnatzean?
  • Dortoka zekena – Ijapa olojukokoro (jorubera)
    Nigeriako Oyo herrian, andre zahar bat zihoan oinez, buruan karga astuna hartuta. Txakurrak eta dortokak ikusi zuten: txakurrak lagundu nahi izan zion, dortokak ez, ordea. Zer ondorio jasoko du animalia bakoitzak?
  • Zoriontsu izateko gakoa – Caabi ngir am mbëkte (wolof)
    Zer behar da zoriontsu izateko? Hori galdetu dio Senegaleko gazte batek aitari; eta honek, hitzez azaldu beharrean, ekintzez erakutsiko dio.
  • Txilibitu magikoa – Fluierasul magic (errumaniera)
    Udaberriko goiz batean, Karpato mendietan, Xuri bildotsak zerbait ikusi du larrean dir-dir egiten. Hagaxka magikoa ote da? Ukuiluko abere-lagunek eta Mugur artzainak hori argitzen lagunduko diote.
  • Caipora (portugaldarra)
    Amazoniako oihanean bizi da Caipora, neska indigena. Animaliak dira bere lagunik onenak. Bat-batean ezbehar bat izango dute, ehiztari batekin. Onik ateratzea lortuko ote dute?

.

Erakundeen babesa

Proiektu honen egilea Labayru Fundazioa da, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzazioari esker jarri da martxan. Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Hezkuntza Sailaren laguntza izan dugu. Eta Bizkaiko Foru Aldundian, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzarena alde batetik, eta Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritzarena bestetik.

Munduenea, umeentzako ipuin-bilduma berria