Mozorro, zomorro, zamarro, kamarro, mamarro, kokomarro, ñañarro, momoxarro… hona euskararen inauteriak

Mozorro, zomorro, zamarro, kamarro, mamarro, kokomarro, ñañarro, momoxarro… hona euskararen inauteriak –

Dantzan ataritik jasoa.

Mozorroak izendatzeko aberastasun harrigarria du euskarak. Tximeleta esateko hamarnaka hitz baditugu, mozorro esateko moduak ere ez dira gutxi euskaraz. Mozorro, muzorro edo zomorro inauterietako maskara edo disfraza dela diote hiztegiek lehen adieran, baina baita mozorrotuta dagoen pertsona izendatzeko ere erabiltzen dela bigarrenean. Baditu beste adiera batzuk ere, adibidez, txorimaloa da txori-mozorroa, eta umeak beldurtzeko erabiltzen den izaki misteriotsua, munstroa edo mamua ere bai. Zomorro zein mozorro intsektuak dira halaber, baba, gari edo fruituak jaten dituzten ar, gurgurio, moxorro, zamorromamorro edo kokoak bezala.

Mozorro, zomorro, zamarro, kamarro, mamarro, kokomarro, ñañarro, momoxarro... hona euskararen inauteriak

Mozorro eta zomorro

Euskara batuan mozorro da nagusiki erabiltzen dena, eta horixe da Nafarroako zenbait eskualdetan, Bortzirietan, Malerrekan eta Baztanen adibidez erabiltzen dena ere, mozorro esaten Arantzan (N), Arizkunen (N), Amaiurren (N), Erratzun (N), Iturenen (N), Zubietan (N) eta Aurtitzen (N), moxorro Ihabarren (N) eta Arakilen (N), baina baita moxorroko ere Arakilen (N). Goizuetan (N) mozorro deritzo zahagi makilez kolpaten duen dantzariari eta zomorro aurpegi beztuarekin zahagia bizkarrean daramanari.

Goizuetan bezala, zomorro erabiltzen da Aranon (N), Ziordian (N) eta Oiartzunen (G), xamorro Zumaian (G), xomorro Lasarte-Orian (G)  zamarro Olaztin (N), zamarrero Ubagon (N), zarratrako Auritzen (N) eta zarramuskera Cintruenigon (N). Arabaren barnealdean, baina Burgosen menpe dagoen Trebiñuko Panguan zarramokero esaten dute, eta Espainiako inguruko eskualdetan ere gertu sentitzen ditugun izenak baliatzen dituzte, hala nola, zamarrache (Casavieja, Avila), zarramaco eta zorromoco (Silio, Kantabria), zamarrón (Polaciones, Kantabria), e.a.

.

Momotxorro eta kukumarro

Nafarroan momotxorro edo momoxorro dira Altsasun (N), momoxarro eta momuxarro Urdiainen (N), mamuxarro Unanun (N), momoxuerre Dorraon (N), txatamorro Arbizun (N), ñañarro Arriben (N), Atallun (N) eta Betelun (N), mumuzarko Ezkarotzen (N), muzizarko Auritzen (N) mutizarko Aurizberrin (N) eta kamarro Bakaikun (N). Araban kakarro diote Amurrion (A), Bizkaian anarru Bakion (B), mamarro Busturian (B), marmo Lekeition (B) marro eta marrau Gernikan (B), kokomorro Elorrion (B) eta kokox Markina-Xemeinen (B). Kokomorro diote baita Gipuzkoan Antzuolan (G) eta Bergaran (G), koko, kokomoko eta kokomarru Eibarren (G), eta kukumarro Eskoriatzan

Txantxo malakasta, ipurdian ardatza, ipurdian ardoa, txantxo pikaroa” zirikatzen zituzten Abaltzisketan (G) makila-dantzariak. Amezketan (G) talai direnak txantxo izendatzen dituzte Abaltzisketan (G), Elduaienen, (G) eta Berrobin  (G), eta Nafarroan berriz, txatxo dira Lantzen (N), eta txatxu Latasan (N), Etxalekun (N) eta Eguaratsen (N). Guardiako (A) katximorro eta Oiongo (A) katxi bezala, Araban katxi erabili izan da Azazetan (A), Erroetan (A) eta Erroitegin (A), eta katxirulo berriz Kanpezun (A). Kaskabobo deritze berriz Agoitzen (N) eta kaskarot Lapurdiko Uztaritzen (L), Urruñan (L), Ziburun (L), Donibane Lohizunen (L), Ezpeletan (L), Beskoitzen (L) eta Hazparnen (L), eta kaxkarot Itsasun (L) eta Makean (L). Porrero da berriz Arabako Donemiliagan (A), Zalduondon (A), Egilatzen (A), Eginon (A), porretero Agurainen (A) eta zipotero Burgin (N), Tuteran (N) eta Bidankozen (N).

Mozorro, zomorro, zamarro, kamarro, mamarro, kokomarro, ñañarro, momoxarro… hona euskararen inauteriak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.