Mikel Serrano: “`Maixabel’ oso proiektu sendoa da; denok argi genuen zer egin”

Mikel Serrano: “`Maixabel’ oso proiektu sendoa da; denok argi genuen zer egin” –

Iaz ‘Akelarre’ filmarekin Goya saria irabazi ondoren, Mikel Serranok aurten Zuzendaritza Artistiko Onenaren saria errepikatzeko aukera izango du ‘Maixabel’ filmean egindako lanagatik -“denok argi genuen zer egin, eta hori azken emaitzan islatu da”, dio-. Zuzendari artistiko iruindarrarekin hitz egin dugu izendapen berri honen inguruan eta etorkizuneko proiektuez.

Mikel Serrano: "`Maixabel’ oso proiektu sendoa da; denok argi genuen zer egin”Nola jakin zenuen berria?

Nire bikotea izendapenen irakurketaren zain zegoelako jakin nuen. Egia esan, ni ez nintzen gogoratzen, eta ustekabean harrapatu ninduen. ‘Maixabel’ pelikularen zuzendaritza artistikoa burutzeak nolabaiteko euste lana behar izan zuen alarde estetikoak egiteari dagokionez. Hasierako harriduraren ondoren poz handia sentitu genuen, lan asko baitago atzetik.

Jaso dituen 14 izendapenak horren erakusgarri dira…

Zalantzarik gabe. Oso proiektu sendoa zen zentzu guztietan; denok oso argi genuen zer egin, eta hori azken emaitzan islatu da. Film txikia da aurrekontuari dagokionez, baina talde osoa eskutik joan da eta funtzionatu du.

Zer espero duzu aurtengo galaz?

Azken orduko aldaketarik ezean, aurrez aurrekoa izango da, eta, egia esan, gogo handia daukat aspaldian ikusi ez dudan taldeko jendearekin topatzeko. Gainera, oraindik ospatzeke daukat izendapena, ezin izan baitut Madrilen antolatu diren izendatuen ekitaldietara joan. Saria etxera eramateko aukerei dagokienez, behin hautatuta beti dago aukera hori, baina ez dut itxaropen handirik. Saria jasotzea tokatzen zaizunean oso polita da, baina izendatua izate hutsa ere oso garrantzitsua da eta merezi duen tokia eman behar zaio. Gainera, beste lanetan ere kalitate handia dagoela kontuan izan behar dugu.

Nola iritsi zinen ‘Maixabel’ filmera?

Koldo Zuazuak koproduzitutako pelikula da. ‘Akelarre’ eta ‘Ilargi guztiak’ filmetan aritu nintzen berarekin, eta proiektua hau eskaini zidanean asko gustatu zitzaidan, oso interesgarria baitzen.

Film zaila izan da?

Proiektu guztiak hala dira; ez dago buruhausterik sortuko ez dizun filmik. Kasu honetan, Iciar Bollaínek zuzentzen zuela kontuan hartuta, maila askotan ez zen zaila izan, ideiak oso argi zituelako, eta, gainera, oso ondo funtzionatzen zutelako. Istorioko bi protagonistentzako kolore-paletak esleitzen lan egin genuen, eta horietan oinarrituta, bakoitza zein ingurunetan kokatzen zen diseinatzen joan ginen. Garai hurbileko filma da, baina egon diren aldaketak ikusarazteko ere aprobetxatu nahi izan genuen aukera. 20 urte, gaur egun, asko dira, eta batzuetan ez dugu ikusten gauzak zenbat aldatu diren.

Nolakoa da Iciar Bollaínekin lan egitea?

Elkarrekin lan egin dugun lehen aldia da; ez genuen elkar ezagutzen eta esperientzia oso ona izan da. Errespetatzen eta miresten dudan norbaitekin lan egiteko aukera izan dut. Egiten duen lana eta kontatzen dituen istorioetan erakusten duen begirada asko gustatzen zaizkit. Elkarlanaren oso balorazio positiboa egiten dut.

Etorkizunari begira, zertan zabiltza orain?

Duela gutxi hasi naiz Balenciagaren bizitzari buruzko telesail bat prestatzen, Moriartik Disneyrentzat ekoitzia. Urte osoa dugu aurretik lan asko egiteko eta sufritzeko (barreak). Oso proiektu konplexua eta indartsua da maila guztietan. Sei kapitulu ditu, oso ongi eraikitako eta dokumentatutako gidoiekin. Proiektu hau garatzeko gogo handia daukat, kontzesio estetikoak egiteko aukera handia ematen baitu. Oso polita da pertsona interesgarri eta garrantzitsu baten bizitza birsortzea.

Mikel Serrano: “`Maixabel’ oso proiektu sendoa da; denok argi genuen zer egin”

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.