Mikel Serrano (Akelarre): “Izendatuta egotea gozamena da eta merezi duen balioa eman behar zaio”

Mikel Serrano (Akelarre): “Izendatuta egotea gozamena da eta merezi duen balioa eman behar zaio” –

Mikel Serranok badaki Estatuko zinemako sari garrantzitsuena irabaztea zer den “Handia” pelikulari esker, eta bigarren Goya eskuratzeko aukera izango du gaur, martxoaren 6an, Zuzendaritza Artistiko Onenaren sarirako izendatuta baitago “Akelarre” filmean egindako lanagatik. Iruñeko zuzendari artistikoak bere izendapenaz eta lehen saria irabazi zueneko oroitzapenez hitz egin digu.

Nola izan zenuen izendapenaren berri?

Oso bitxia izan zen. Orain beste film batean ari naiz lanean eta lokalizazioen bila genbiltzala jakin nuen. Aiako Harrietan geunden eta nire mutilak deitu zidan berri emateko. Gainera, ‘Akelarre’ filman lan egin dugun taldeko kide batzuekin nengoen eta oso polita izan zen; ezustekoa. Esan daiteke mendi tontorrean jakin nuela.

Espero zenuen?

Itxaropenena nuen, ikusten nuelako data hurbiltzen ari zela, filmak arrakasta zuela eta asko hitz egiten zela hari buruz. Gainera, hainbat saritarako izendapenak jasotzen hasi ginen. Oso pozik amaitu genuen egindako lanarekin, eta pozgarria izan zen ikusleen aldetik izan duen harrera ikustea, are gehiago aurtengoa bezalako urte zail batean. Sorpresa polita izan da.

Mikel Serrano (Akelarre): “Izendatuta egotea gozamena da eta merezi duen balioa eman behar zaio”Izendatutako beste filmak ezagutzen dituzu? Saria lortzeko aukerak ikusten dituzu?

Aukerei buruz hitz egitea beti da zaila, faktore asko hartu behar direlako kontuan. Akademiko bakoitzak alderdi desberdinak baloratu ditzake: faktore objektiboak ez ezik, subjektiboak ere kontuan hartzen dituzte. Eta, egia esan, kategoria honetan izendatutako filmak oso desberdinak dira, oso lan onak. Izendatuta egotea gozamena da eta merezi duen balioa eman behar zaio. Gainera, saria lortzen baduzu… askoz hobeto!

Zure kasuan, bigarren Goya saria izango litzateke, ‘Handia’ filmarekin lortutakoaren ostean. Zer oroitzapen dituzu egun hartaz?

Ahaztezinak! Lehen aldia zen egoera horretan nengoela eta, gainera, ‘Handia’ filmarekin izendapen asko genituenenez, galan lagun onez inguratuta egon nintzen. Asteburu bikaina izan zen; izugarri gozatu genuen.

Pozgarria da Akademiako kideek zure lana aintzat hartzen dutela ikustea, ezta?

Egia esan, bai. Izendatuta egon naizen aldiak, saria lortu ez badut ere, asko baloratu ditut. Asko gozatzen dut eta nire lanean konfiantza gehiago izateko balio dit. Horrez gain, talde osoari ere asko laguntzen dio. Beti talde berarekin lan egiten saiatzen naiz, eta momentuz proiektu guztietara jarraitzen naute. Hortaz, lortzen duguna guztiona eta guztiontzat da. Gainera, izendapenak sektoreko profesionalek erabakitzen dituztenez, oso polita da zure lana nabarmenduta ikustea.

Nola biziko duzue aurtengo gala?

Dena oso desberdina izango da. Pena handia ematen du bidaiatu ezin izateak eta lankide ezberdinekin ezin elkartzeak. Gainera, galak beste profesional batzuk ezagutzeko aukera ere ematen dizu. Aurten online izango da dena, eta proba teknikoak egin behar izan ditugu konexioek huts egingo ez dutela egiaztatzeko. Ostiralean, galaren bezperan, entsegu orokor bat egingo dugu, oso zaila baita hainbeste jende aldi berean antenan edukitzea.  Bestalde, gure etxea erakusteak lotsa handia ematen digu, batez ere jaso dugun izendapenena kontuan hartuta (txantxetan). Bikotekidea eta biok enkoadraketarik onenaren bila gabiltza, eta oso arraroa egiten zaigu pentsatzea etxean ‘pinguinoz’ jantzita egongo garela. Ez dugu ilusioa galdu behar.

Nola iritsi zinen ‘Akelarre’ filmera?

Koprodukzio bat da eta parte hartzen duen enpresetako bat Kowalski Films da. Nire lana ezagutzen zuten, ‘Handia’ filman elkarlanean aritu ginelako. Ekoizleetako bat, Koldo Zuazua, nirekin harremanetan jarri zen, proiektuaz hitz egin zidan eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Horrela, gidoia irakurri eta Pablo zuzendariarekin bildu ondoren, lantaldean sartu nintzen. Suposatzen dut ‘Handia’ filmarekin lortu nuen Goya ere lagungarria izan zela, hura ere garaiko pelikula baitzen.

Zein izan da zure lana filman? Nola azalduko zenioke ezagutzen ez duenari?

Pepe Dominguezi, ‘La Trinchera Infinita’ pelikulan elkarlanean aritu ginen lagun on bati, behin eman zuen azalpena lapurtuko diot: Aktoreak kenduta, ikusleak pantailan ikusten duen guztiaren erantzukizuna du zuzendaritza artistikoak. Azalpen ona dela uste dut. Jakina, argazki-zuzendaria ere hor dago, baina zuzendaritza artistikoa filmaren irudia pentsatzean eta diseinatzean datza; zein espaziotan gertatzen den, dekorazioa nolakoa izango den… Beste herrialde batzuetan jantzien eta pertsonaiaren diseinua ere sartzen da gure betebeharretan, baina Espainian arlo horrekbere sail propioa du.Egia da alderdi batzuetan besteetan baino erantzukizun handiagoa dugula, bereziki espazioen dekorazioan, baina beste erabakietan ere parte hartzen dugu.

Zenbat pertsonek osatzen dute zure lantaldea?

Ekoizpenaren tamainaren araberakoa da kopurua. Proiektu berri bat hasterakoan, egin behar duzun lehen gauzetako bat taldeari forma ematea da. Ikusi behar duzu zer profil eta zenbat pertsona behar dituzun zure aurrekontua eta epeak aurrera ateratzeko. Euskadin egiten ditugun filmetan, normalean, nire taldeak 10-12 pertsona inguru izan ohi ditu.

Zein proiektu berritan ari zara lanean gaur egun?

Film bat grabatzen ari gara eta lau aste falta zaizkigu filmaketa bukatzeko. Halaber, udararako baliteke proiektu berri bat izatea, baina oraindik ixtear daukat. Euskadin lan-egoera asko hobetu da eta azken urteotan lan-bolumenak nabarmen egin du gora. Proiektu asko aurrera ateratzen ari dira, ez bakarrik zineman, baita telesailetan ere, eta zorionez, denak oso lanpetuta gaude.

Mikel Serrano (Akelarre) 

Mikel Serrano (Akelarre)  Mikel Serrano (Akelarre)

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.