Sautrela 390. saioaren aurrerapena (Mikel Peruarena)

Mikel PeruarenaDuela ehun urte, 1914ko abuztuaren 4ean, Europako eta munduko historia astinduko zuen gerra jarri zen abian, Lehen Mundu Gerra, Gerla handia. Gertakari lazgarri hura izango da aste honetako gure saioko giltzarria.

Mikel Peruarena izango dugu gurekin, bere bigarren nobelaren inguruan mintzatzeko. 2009an argitaratu zuen lehen nobelak, Ez obeditu inori-k, irakurle eta kritikaren laudorioak jaso zituen eta, honenbestez, bat baino gehiago zegoen Su zelaiak izeneko bigarren honen zain. Arestian aipatu gerran kokatua, gatazka hark batez ere Iparraldean zelako eragina izan zuen irakurri eta sentituko du irakurleak. Gerra aurrekoak, gerrako triskantza eta izugarrikeriak… denak ere hizkuntza literario harrigarriro bizi batekin idatziak eta nobelagintzako konbentzionalismo ugari bazter utziz. Nobela idazteko motibazio, lan eta nekeei buruz gehiago jakingo dugu Mikel Peruarena berarekin solasean.

Erreportajean Mundu Gerla letretan nola irudikatu den ikusiko dugu. Batetik, zer suposatu zuen errealki Iparraldeko gizartearentzat, eta bigarrenik, zer testigantza eta literatur lan topa ditzakegun gerra gupidagabe hari buruz. Gaiaren inguruko aditu Eneko Bidegainen iritziak eta Lehen Mundu Gerran kokatutako euskal nobela bakanetako baten egilea den Xabier Montoiarenak entzungo ditugu horretarako.

Azkenik, Beñat Sarasolak gerra hartako urte bertsuetan idatzi zen euskarazko fikziozko lan bakarra hartuko du hizpide, Jean Barbier-en Piarres. Bi liburukitan banatua, bigarrenean idatzi zuen gerrako kontuen inguruan, eta hala, euskal literaturako kontakizun berezienetako bat bilakatu zen. Merezi al du ordea egun ere liburua irakurtzea?

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.