Mikel Laboaren bidezidorretatik

Mikel Laboaren bidezidorretatik

Ttanttaka taldeak “Zazpi aldiz elur” taularatu zuen iaz Mikel Laboaren omenez, eta gaur zazpi urte, zazpi negu eta zazpi elurte zendu zitzaigun musikaria.

Denborak dena higatzen ei duen arren, sare sozialetan oso presente izan da gaur donostiarraren musika, asko eta asko izan dira kantariarekin akordatu eta kanturen bat edo beste igo dutenak #Laboakutzitakoak traola erabilita.

Beste horrenbeste egin nahi izan dugu geuk ere, Laboaren ondotiko belaunaldi gazteen bidez; Beñat Antxustegiren “Ohm” geureganatu dugu, kantu horrexekin erdietsi baitu aurten EHU-k eta Gipuzkoako Aldundiak bultzatutako Mikel Laboa Katedrak ematen duen Mikel Laboa saria: doinua hitza, hitza doinu.

Beñat Antxustegi “Ohm (Om) 13”

Antxustegi musika talde askotan jotakoa da eta makina bat egitasmotan dabil egun; lehendik ere irabazia du Mikel Laboa saria, 2013an “Zu gabe” abestiarekin.

“Abesti hau meditazioari dedikatu diot -dio egileak- Aurreko aste santuan lagun batzuk zelai batean borobilean begiak itxita ikusiz inspiratu nintzen musika eta letra egiteko. Lasaitasuna transmititu nahi izan dut. Berez Ohm izenez deitzen diogu abestiari, elektronika ikastearen nahasteak, baina meditazioaren munduan Om erabiltzen da. Abestiaren hamahirugarren bertsioa”.

Saritutako kantak, beste zortzirekin batera, Physis Versus Nomos ezizen pean plazaratuko duen lan berria osatuko du, “Saudade é fatal”. Uliatarrak Alberto Lizarralde (gitarrak), Eneko Sierra (saxofoia) eta Unai Pelaio (ahotsa) ditu laguntzaile, baita euria eta trumoiak ere.

 

Iñar Sastre piano jolea

Beñat Antxustegiren sariaz aparte, Iñar Sastre piano joleak akzesit bat lortu du “Tiro” kantarekin; Antton Valverde, Joxan Goikoetxeak eta Juan Kruz Igerabidek osatutako epaimahaiak hala erabakita. Guztira, zortzi kanta aurkeztu dira deialdira, eta irabazleak 3.000 euro jasoko ditu.

“Euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberastea” omen du helburu Mikel Laboa Katedrak, “bereziki arte-sorkuntza eta adierazpenei dagokien alorra sustatu, ikertu eta nazioartean zabaltzeko nahiz arteen ikerkuntzan diharduten erakunde eta pertsonekin elkarlanean euskal arte historikoa nahiz garaikidea jorratzea”.

Mikel Laboaren bidezidorretatikBeñat Antxustegiren argazkia Amaia Ocak egina da