Migel Servet fanatismo erlijiosoaren garretan

Migel Servet fanatismo erlijiosoaren garretan –

Migel Servet XVI. mendeko semea dugu. Honen sorterriaz eztabaida luzea piztu da azken hamarkadetan, berak garbiki erran bazuen ere Tuterakoa zela. Badira gaur, hau ukatzen dutenak eta Oskako Villanueva de Sijenan jaioa dela defenditzen dutenak. Haatik, Javier Gonzalez Etxeberria ikertzaileak azterketa sakona egin du aferaz eta garbi frogatu du Migel Servet sortzez tuterarra zela. Honen ikerketa ikusi nahi duenak jo beza interteneko honako agirira: www.miguelservetinvestigacion.com, edota egile beraren Amor a la verdad. Vida y obra de Miguel Servet  izenburuko liburu mardulera. 2011n argitaratu zuten.

Migel Servet fanatismo erlijiosoaren garretanMigel Servet 1511n sortu zen Nafarroa Erresuma libreko Tutera hirian. Bere egiazko izena Migel de Villanueva Conesa zen. Abizen hauek oso ohikoak ziren Tuteran bizi ziren judu bihurtuen artean. Bere familia, beraz, kriptojudua zen, hau da, legez eta gogoaren kontra kristau bihurtutako juduak, ezkutuan, euren errito erlijiosoak burutzen zituztenak.

De Villanueva deitura 1510. urtean agertzen da Tuterako protokoloen artxibo historikoan.  Ama Catalina Conesa Zaporta zuen, eta alargutzean, bigarren aldiz ezkondu zen Aragoiko Villanueva de Sijenakoa zen Anton Serveto kristau zaharrarekin.

Hau horrela izaki, Migel Servet 1516. urtean, bost urte zituela, Aragoiko herri horretara aldatu zen bere amarekin batera. Orduz geroztik, Anton Serveto bere aita berria izanen da. 1525ean Juan de Quintanaren zerbitzuan sartu zen. 1528an eta 1529an Okzitaniako Tolosan zuzenbide ikasketak burutu zituen. Ordurako ongi mintzatzen zen erromantzez, latinez, hebreeraz eta arabieraz. Ondoren, lehengo jaunaren zerbitzura itzuli zen. Juan de Quintana Alemaniako V. eta Espainiako I.a izanen den Karlos enperadorearen aitorlea zen, eta hori dela eta, enperadore-gaiaren gibeletik ibili zen Alemanian eta Italian barrena, Basilean izan zen koroa-hartzearen inguruko zeremonietan egoteko. Migel Servet harekin ibili zen bidaia horretan.

Aipatu bidaian Melanchthon, Lutero eta eliza erreformatuaren beste hainbat buru ezagutu zuen. Horien idazlanak irakurri ondoren, eliza erreformatuaren alde egin zuen. Hori dela eta, Quintanaren zerbitzua utzi eta Basilean gelditu zen bizitzen. Protestanteen arteko bilkura eta irakurketetan Kalbino ezagutu zuen; iritzi ezberdinak zituztenez gero, hastapenetatik bien arteko giroa biziki txarra eta mingotsa izan zelarik.

Hiri horretan zela, bere lehen liburuan plazaratu zuen 1531. urtean, De Trinitatis erroribus (Hirutasunaren akatsak) izena zuena. Liburu hau zela eta, arazoak ukan zituen hainbat erreformatzailerekin eta Frantzia aldera alde egin behar izan zuen. Bizitoki berria Lyon hirian hartu zuen. Hiri horretan bizi zela, eta segurtasun neurri gisa, bere izena frantsesez erabili zuen, hau da, Michel de Villeneuve bilakatu zen.

Lyonen zela, geografia landu zuen, batez ere, Ptolomeorena. Hiri horretan Champier izeneko sendagile ospetsua ezagutu zuen eta harekin medikuntza ezagupenak hartu. Ezagupen horietan gehiago sakondu nahian Parisera joan zen eta Frantziako hiriburuan zela, biriketako odol zirkulazioa aurkitu zuen.

Migel Servet fanatismo erlijiosoaren garretan

Geroago astrologian murgildu zen eta 1537an Apologetica pro astrologia izeneko liburua plazaratu zuen. Ondoren, Vienne hirira joan zen bizitzera. 1552-1553 urteetan Çristianismi restitutio bere teologia liburu nagusia idatzi zuen. Liburu horretan hirutasunaren dogmaren aurka jo zuen, nolabaiteko panteismo baten alde eginez. Liburu horretan argitaratu zuen biriketako odol zirkulazioaz, Parisen zela, topatu zuena. Egia errateko, bera ez zen odol zirkulazioaz ikertu eta idatzi zuen lehena. XIII. mendean, Damaskoko Ibn al-Nafis izeneko medikuak ikerketak eta aurkikuntza bera eginak baitzituen; tamalez, liburu horren itzulpena ez zen inoiz Europara iritsi, eta Migel Servetek hutsetik abiatu behar izan zuen bere ikertze lanetan.

Eliza katolikoak heretikotzat jo eta liburu horren ale guztiak erretzeko agindu zuen. Hiru ale baino ez ziren garretatik salbatu, mende luzetan ezkutaturik egon zirenak. Kalbinok ere ez zuen liburu hori ongi hartu. Haren ordezkari batek jakin zuen Servet Vienne hirian zela eta salatu zuen. Inkisizio katolikoak atxilotu zuen, epaitu eta hiltzera kondenatu haren ideiak heretikoak eta barkaezinak zirelakoan. Zorte kolpe batez, kartzelatik ihes egin zuen eta Suitzako Genevara joan.

Hiri horretan zegoela eta Kalbinoren eraginez, preso hartu zuten. Genevako presondegian, Migel Servetek 1553ko irailaren 22an dataturik den gutuna idatzi zuen. Gutun horretan Kalbinok leporatzen zizkion delitu-kargu faltsuak salatu zituen, baina alferrik, hortik denbora gutxira, 1553ko urriaren 27an hain zuzen, epaitu eta egun berean surtara bota eta bizirik zela erre egin baitzuten. Hau paradoxa, katolikoen Inkisiziotik alde egin nahian, Genevara joan eta bertan erreformatzaileek hil zuten. Astotik mandora.

Migel Servet gizon polifazetikoa izan zen, XVI. mendean Europak eman zuen intelektual handienetako bat. Zientzialaria eta teologoa zen, hainbat arlo jorratu zuena, astronomiaz, meteorologiaz, geografiaz, teologiaz, matematikaz, anatomiaz eta medikuntzaz aztertu eta idatzi zuena. Haren jakin-nahia handia zen eta jakintzaren bideetan egindako aurkikuntzek eta teologia alorrean plazaratutako gogoetek heriotzara eraman zuten. garai hartako fanatismo erlijioso katoliko zein protestantearen biktima izan zen.

Artikulu labur hau amaitu aitzinetik, erran beharra daukat bat egiten dudala Javier Gonzalez Etxeberriarekin gizon handi honen tuterartasuna eta nafartasuna aldarrikatzean.

Migel Servet fanatismo erlijiosoaren garretan

Migel Servet fanatismo erlijiosoaren garretan
Migel Servet fanatismo erlijiosoaren garretan
Migel Servet fanatismo erlijiosoaren garretan

Euskaltzalea eta irakasle-ohia