Mel Arranz: “Poz handia ematen dit nire lana tokiko jaialdietan aukeratzen dutela ikusteak”

Mel Arranz: “Poz handia ematen dit nire lana tokiko jaialdietan aukeratzen dutela ikusteak” –

‘Azaletik Azalera’ Mel Arranz-en animaziozko lehen film laburra da. Kimuak 2021 katalogorako hautatu zuten, ZINEBIn estreinatu zen eta bertan lehen saria lortu zuen. Gaurtik aurrera Rotterdameko Jaialdian ere parte hartuko du. Lehen lan honi buruz hitz egin dugu zinemagile gasteiztarrarekin.

Mel Arranz: “Poz handia ematen dit nire lana tokiko jaialdietan aukeratzen dutela ikusteak”Nola izan zenuen ‘Azaletik azalera’ film laburra sortzeko ideia?

Aurreko urtean Mexikon izan nintzen Nazioarteko Mugikortasun beka batekin. Han oso jende langile, kritiko eta sutsua aurkitu nuen, eta uste dut horrek inoiz egin ez nituen gauzak egitera eraman ninduela, animazio kontuetan lan asko egiteaz gain. Entzun nuen abesti batetik sortu zen eskuekin lan egiteko ideia, bideoklip bat egin nahi izan nuen, baina gero konturatu nintzen kobratu gabe lan egingo nuela. Gogo handia nuen eta nire kontura egitea aukeratu nuen. Kalakalabeko ekoizlea den Ricardo del Conde ezagutzen nuen, berarekin harremanetan jarri nintzen ideia kontatzeko, eta hasieratik babestu ninduen.

Nolakoa izan da sortze-prozesua? Bidean zailtasun asko aurkitu dituzu?

Luzea izan da. Ordura arte ez nuen horrelako lanik egin, eta ez nekien zenbat luzatuko zen.Nik uste nuen urte erdia beharko nuela dena egiteko eta, azkenean, bi urte eman ditut lanean. Oro har, proiektua asko aldatu da, eta horrek asko lagundu didala uste dut.

Itxialdiak sorkuntza-prozesua zaildu zuen?

Lana lehenago hasi nuen, eta, konfinatu gintuztenerako, Gasteizko Udalaren laguntza banuen, baita Crowdfunding kanpaina egina ere. Itxialdiaren ondorioz, entregatzeko epea luzatu egin zen, eta presarik gabe bukatzeko astia izan genuen. Gainera, animazioa marrazki eskaneatuekin egin dugu eta, horregatik, etxetik lan egitea nahiko erosoa izan zen.

Lana Kimuak katalogorako hautatu izana nola baloratzen duzu?

Oso atsegina izan zen. Katalogo horri esker, urtero aukeratutako zazpi lanen banaketa erraztu egiten da. Oker ez banago, Euskal Herrian lehiaketara irekita dagoen banaketa-aukera bakarra da, eta ez dakit gehiago dauden Estatuan. Askotan, ibilbide luzea duten zinegileen lanak aukeratzen dituzte, eta hasiberria naizen aldetik amorrua ematen dit. Urtero 50 lan baino gehiago aurkezten dira, eta zurea aukeratutakoen artean ez badago gauzak zaildu egiten dira. Zure filma mugitu nahi duen banatzaile bat bilatu behar duzu,  eta hori ordaindu egin behar da, edota filma zure kontura jaialdietan sartzea lortu. Berria jaso aurretik hori guztia egitea zen gure aukeretako bat, baina, egia esan, nahiko zaila ikusten genuen… Arazo gutxiago egongo litzateke laguntza ekonomiko gehiago izanez gero? Baietz esango nuke, baina ez dut uste konponbide hori eskuragarri dagoenik, beste sektore eta arlo batzuetan ere gauza bera gertatzen baita… Gauza asko dira kontuan hartu beharrekoak.

Estreinaldia ZINEBIn izan zen, eta, gainera, lehen saria lortu zenuen. Nola bizi izan zenuen?

Arraroa izan zen. Ricardok deitu zidan ezin zutelako nirekin harremanetan jarri. Ez nuen espero. Diruan ere pentsatu nuen, lana gauzatzen eman ditudan bi urteetan kobratutako kopuru bera jaso nuelako. Gainera, uste dut, jaialdiek, oro har, trofeo apalagoak eta txikiagoak egin beharko lituzketela; ez da hainbesteko parafernaliarik behar. Pin bat jasotzea, adibidez, nahikoa izango litzateke.

Lan horrekin oso iritzi positiboak jasotzen ari zara publikoaren eta kritikaren aldetik. Nola baloratzen duzu?

Harritzen nau eta asko erlatibizatzen dut. Oso zaurgarria sentitu naiz eta horrela sentitzen naiz oraindik ere, baina ikusten dut bultzada batek hurrengoa dakarrela… Kimuak-ek zure lana hautatzen duenean, ibilbidea askoz errazagoa da. Hastea hain zaila izan behar du? Kritika negatiboak edo bestelako iruzkinak ere entzun ditut, eta horiek gauzak distantziarekin ikusten laguntzen didate. Sentitzen dut une batzuetan ondo doala eta beste batzuetan inork ez diola lanari kasurik egiten.

Gainera, duela gutxi, Rotterdameko jaialdiak film laburra aukeratu du aurtengo edizioan parte hartzeko. Nola jaso duzu albistea?

Jaialdia ezagutzen nuen Ricardok horren inguruan hitz egin zidalako. Lehengoan titular bat erakutsi zidaten: ‘Lau ekoizpen espainiar, Rotterdam 2022ko Zinema jaialdian’. Eta lau horietako bat nire lana izatea oso harrigarria da. Ez nuen hainbeste espero. Dena den, poz handiagoa ematen dit filma tokiko jaialdietan, hurbilagokoetan, aukeratzen dutela ikusteak, nire lagunak joan daitezkeelako eta niretzat askoz ere nabariagoa delako.

Jaialdia online egingo den arren, zer espero duzu bertan parte hartzetik?

Gauza hauetatik ez dut ezer espero. Nire lana egina dago. Gainera, onlinebilera/aurkezpen batzuetan egotera gonbidatu naute, eta ez dakit egon ahal izango naizen.

Zein ibilbide egin nahi duzu orain film laburrarekin?

Lana erosiko ote diguten jakiteko zain gaude eta, halaber, beste jaialdi batzuetara joaten jarraituko dugu.

Beste zein proiektu dituzu esku artean?

Animazioaren mundua oso bakartia da. Jendearekin gauza gehiago egin nahi ditut, beste interes batzuk aurkitu… Oro har, itxaropenak murriztu eta ez dut etorkizunera asko proiektatu nahi.

Mel Arranz: “Poz handia ematen dit nire lana tokiko jaialdietan aukeratzen dutela ikusteak

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude