Maskulinitate toxikoa, baita LGTB barruan ere

Maskulinitate toxikoa, baita LGTB barruan ere –

Amatiñok bere blogean.

Orain hurrengo Zinemaldian, Gehitu elkarteak ‘Sebastiene’ saria eman zion ‘El poder del perro’ filmari, “ezin hobea delako maskulinitate toxikoa disekzionatzean, baita LGTB kolektiboaren barruan ere”*. Horra hor, esaldi bitan argi asko laburbildua, hamaika zinema-kritikari adituk edozenbat orrialdetan azaltzerik lortu ez duten muina, Jane Campionen filmaren nondik norakoa.
Maskulinitate toxikoa, baita LGTB barruan ere
Jane Campion.

Sei hilabete geroago, hurrengo hilaren 27an, The Power of the Dog** filmak makinatxo bat Oscar jasoko ditu segurutik Los Angelesen, ez baititu alferrik hamabi izendapen aurretik bildu.

“El poder del perro” filma ez da, ez, gozoena (mikatza), atseginena (samina), bizkorrena (geldoa), erosoena (nekeza), ulergarriena (ikusleak une oro behar du adi-adi egon) edo enpatiarik gehien eragin dezakeena (pertsonaia guztiak ageri dira arrotz edo uzkur), baina errotik da zinema-zinema, zeinetan azpitestua, testua eta testuingurua baino esanguratsuagoa den eta, isiluneak, berbaldiak baino adierazgarriagoak.

Anaia bi, arrantxo aberatsaren jabe (Montana/1925, nahiz irudiak Zelanda Berria/2020 izan), elkarrekin ondo konpontzeaz gainera, logela berbera partekatzen dutenak. Bata, Phil (Benedict Cumberbatch), luzekina, agintzailea, zakarra eta matxista; bestea, George (Jesse Plemons), pottoloa, onbera, isila eta formalista. Oreka hautsiko da onbera ezkondu, Rose emaztea (Kirsten Dunst) etxeratu, logelaz aldatu eta bakarrik gelditzen den anaiak koinata arbuiatu eta mespretxatzeari ekiten dionean. Dena “egokituko” da, berriz, emakumearen semea, Peter (Kodi Smit-McPhee), konturatzen denean anaia Phil matxistaren homosexualitateaz.

Sekulako paisaia*** eder, liriko eta liluragarrien inguru-minguruan, psikologiko hutsa da filma. Irudiko westerna izan arren, ez dago pistolarik, ez borroka fisikorik; ez da, antza, ezer pasatzen. Baina, osterantzean, begi bistakoak dira, nabarmen asko, elkarren inbidia, egonezina,  amorrua, handinahia, gutxiespena, gorrotoa, larritasuna, bakardadea, etsipena, alkoholaren mamua, gordekako grina eta isilpeko mendekua.

Hainbat aldiz ikusi arren ere, beti zirrikitu ezkutu berriren bat agertaraz dezakeen filma berdineza.

* Filma dago Thomas Savage idazlearen izen bereko nobelan oinarritua. Ezin kasualitatea izan, Savage bisexuala izana eta Jane Campion. filmaren zuzendaria, emakume feminista.

** Txakurraren boterea” (edo indarra) Bibliaren salmoetan agertzen da hitzez hitz, kontrolatu ezinezko sentimendu (sexua tarteko) erasokorren adierazle.

*** Zalantzarik gabe, paisaia naturalak berebizikoak badira ere, egundokoak iruditu zitzaizkidan etxe barrutik kanpora, leihoz leiho, travelling gisa ezusteko planoak. Paisaia izan bada, planoak, ostera, pentsatu eta fabrikatu egin behar dira. Artea. 

Maskulinitate toxikoa, baita LGTB barruan ere
Phil Burbank (Benedict Cumberbatch), anaia matxista, bere bakardadean. Norberaren sexu-joera ez onartzeak dakarkeen orekarik ezaren adierazle.

Maskulinitate toxikoa, baita LGTB barruan ere

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.