Marrazkilariak behar ditugu

cc-by-sa: pernan goñi
cc-by-sa: pernan goñi, "gaurko hitza"

Zuetako askok jarraituko zenuten Pernan Goñik gurekin izan zuen haserre eta eztabaida. Zatirik handiena Jose Antonio Pagolaren sarrera baten iruzkinetan gertatu zen. Funtsean, Goñik ezin zuen onartu, Pagolak eta berak komunikabide berean argitaratzea. Goñik zioen, ezin dela neutrala izan gauza batzuetan, eliza katolikoa matxista dela, eta beste mila gauza. Bistan da gu ez garela sartuko eztabaida horretan, ez bederen, komunikabide  bezala.

Baina bai beste batean: Jose Antonio Pagolak eskubidea du, mundu guztiak bezala, nahi duena argitaratzeko ZuZeu honetan, bere erabilera baldintzak onartzen dituen bitartean. Albistari honen borondate horizontala benetakoa baita. Eta ez gara sartuko gustuko ditugun ala ez urlia edo sandiaren  idatziak.

Kontua da ZuZeu euskal erabiltzaileentzat dela egina, eta guk dakigula, euskalduna da Pagola. Editoreon esku dagoen abantaila(?) bakarra, albisteak azalera igotzearena da, baina ez argitaratzea bera. Hori erabiltzaileen esku dago, eta hala behar duela uste dugu, gainera.

Bidenabar, Pernan Goñik bere blogera eraman zuen gurekin ukandako haserraldia. Libre da horretarako ere, baina iruditzen zaigu ZuZeu hedabide kristau edo katolikoa bagina bezala erretratatzen duela. Hori ere ez dugu argituko, ez baitzaio inori axola geu eta zuok zein fedetakoak garen, baldin eta federik baldin badaukagu geure baitetan.

Esajeratu xamarra ere iruditu zitzaigun berak han zioen guztia eta, geuri kalte egiteko gogoa antzematen genion, baina une bateko erretxinatze bati eman genion errua eta ez ginen erantzunetan saiatu ere egin: “Nire etsai izendatu dut Zuzeu.com eta gerra hasi dut Elizaren kontra…” Guk esker ona baizik ez diogu beti adierazi Goñiri, benetan iruditzen baitzaigu bere lana ona. Ez, ordea, prezio honetan.

Gaur, baina, Sustatukoak hasi dira Pernan Goñiren marrazkiak argitaratzen. Hemen gaineko marrazkia da han ageri dena.

Puntu honetara iritsita, bat egiten dugu Goñirekin, hala ere,  eztabaidan zehar  Ama Teresari leporatzen dion esaldi honako hau gaitzestean: “Portaera sexual desegoki baten zigorra da hiesa”. Halako astakeriarik nola esan litekeen ere!

Baina, bidenabar gogoratuko diogu Goñiri,  Ama Teresaren beste esaldi bat, agian egoki etorriko zaiona: legendun bati zauriak zaintzen zizkion bitartean, beste moja bati erantzun ziona, alegia. Moja gazteak esan zion berak ez zituzkeela zauri haiek garbituko ez eta milioi bat dolarren trukean ere. “Ez eta nik ere, ahizpa, ez eta nik ere”, erantzun zion Ama Teresak. Ba horixe, ulertu nahi duenarentzat.

Eta izanak izan, gu marrazkilaririk gabe gaude, eta pena handiz, marrazkiari hasi baino lehenagotik iritzi diogunean garrantzizko, eta Pernan Goñirekin handiagora egingo zuen bide bat irekitzen ari ginela uste genuenean…

Beraz, esaten hasitakoa, nahi badituzu zintak edo ilustrazioak argitaratu,  esku onekoa bazara, jarri harremanetan gurekin. Behar zaitugu eta.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “Marrazkilariak behar ditugu”-ri buruz

  • Aritz Galarraga 2009-11-12 17:15

    Jon Mantxi fitxatuko nuke nik, sin dudarik gabe.

  • Nik aldiz Mattin botatzen dut faltan.

  • Orain izan dut nik eztabaida horren berri, eta ez dut oso ondo ulertzen inor hain minduta sentitzea Pagolak idatzitako hitzengatik. Ulertuko nuke idatzitakoa kriston txapa dela esatea; edo eliza katolikoaren jokabideak ez datozela bat besteen zerbitzari izatearen mezuarekin, eta itxurakeri hutsa dela horretaz hitz egitea. Baina esandakoak soinekoak urratzera eramatea ez dut ondo ulertzen. Dena poliki eta patxadaz irakurtzen badugu, Pagolak esaten duenarekin Elizako agintariak beraiek dira salatuak. Nor da bestela barregarriago aita saindua eta inguruan dituen kardinalak baino? “Handitasuna ez da neurtzen duzun boterearen arabera, gizartean duzun mailaren arabera, erakusteko dituzun tituluen arabera. Jesusen Elizan horrelako gauzen bila dabilena ez da handiago bihurtzen, baizik ezdeusago eta barregarriago” Hitz horiek eliza katolikoa bera epaitzen dute, elizaren hierarkia epaitzen dute. Hori da paradoxa. Saia gaitezen saltsa mehea egiten!