Marraz(i)Oak VIII ilustratzaileen topaketak Harkaitz Cano eta Ignasi Blanchekin

Marraz(i)Oak VIII ilustratzaileen topaketak

Marraz(i)Oak VIII ilustratzaileen topaketak Harkaitz Cano eta Ignasi Blanchekin

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Komikigunearen laguntzarekin, antolatzen dituen Marraz(i)Oak topaketek aurten 8. edizioa beteko dute. Ilustratzaileei zuzendutako astebeteko lantegia izaten da eta aurten irailaren 26tik 30era egingo da Komikigunean. Harkaitz Cano idazleak eta Ignasi Blanch ilustratzaileak emango dute eta hauxe da prestatu duten gaia: “…eta Errauskin bere errautsetatik berpiztu zen”. Historian zehar arteak egin duen emakumearen errepresentazioa hartuko dute gaiaren abiapuntutzat eta helburua parte-hartzaileek estereotipoen kontzientzia hartu eta horiei aurre egitea izango da.

Ilustratzaileei zuzendutako topaketa hauetan, Canok eta Blanchek XX. mendeko ikonografiari arreta berezia ipiniko diote, ondoren, ikasleekin elkarlanean berrinterpretazio bat proposatuko dute, baita berrasmatze bat ere, begirada kritiko, zintzo eta aurrejuzkurik gabea ezarriz.

Surrealismotik “lowbrow”ra

Ikastaroa surrealisten begiradarekin abiatuko da, etengabe jolasten baitzuten euren lanean emakumearen balizko inozentziarekin eta perbertsitatearekin, ikuspegi heterosexual bati lotutako objektuaren desio bilakatzen zutelarik orobat. Baina, gero tarte berezia eskainiko zaio 70.eko hamarkada amaierako “lowbrow” mugimenduari –90etan surrealismo popa eragingo zuena–, bai eta gaur egun indarrean dabiltzan emakumezko performerren lanari ere.

Norentzat

Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie epai-mahaiak aukeratzen dituen 12 laguni. 5 egunez, 8 ordutako saioak eskainiko dira. Guztira, 40 orduko tailer praktikoa litzateke.

Gehienez 12 irudigilek parte hartuko dute eta hauek dira parte hartzeko baldintza orokorrak:

  • Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute.
  • Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.
  • Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da.
  • Parte hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar.

Ilustratzaile bakoitzak bere 5 ilustrazio bidali beharko ditu: argitaratuak edo ez, bere ustetan bere lana hobekien jaso edo biltzen duten 5 irudiak.;

Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute:

– Curriculuma

– NANaren kopia bat

– Posta elektronikoaren helbidea

– Telefono zenbakia Dokumentazioaren hiruna kopia bidali beharko dituzte CD formatuan helbide honetara: Galtzagorri Elkartera: Zemoria kalea, 25, behea. 20013 Donostia

Izen-ematea uztailaren 8an amaituko da. Aukeratutako ilustratzaileei 2016ko irailaren 6rako erantzungo zaie.

Metodologia eta helburua

2016ko Marraz(i)Oak topaketetan gai nagusiari lotutako ariketa praktikoak azalpen teorikoekin tartekatuko dira. Eta horrez gain, filmak eta irudiak ere erakutsiko dira. Ikasleek formazio saioetan azalduko diren gaiei lotutako erantzun grafiko berehalakoak proposatu beharko dituzte. Irudigintzaz gain, eremu narratiboa ere landuko da.

Aurtengo edizioaren helburua parte-hartzaileek estereotipoen kontzientzia hartu eta horiei aurre egitea da. Norberaren ilustrazioetan emakumea errepresentatzeko aukera berriak landu eta bakoitzaren biografiak eta bizitza esperientziak baldintzaturiko estereotipo pertsonalez kontziente izatea lortu nahi da.

Marraz(i)Oak VIII ilustratzaileen topaketak Harkaitz Cano eta Ignasi Blanchekin
Galtzagorri, Harkaitz Cano, Ignasi Blanch, Komikigunea, marrazketa, narrazioak

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude