MarraziOak tailerra hasiko da

MarraziOak tailerra hasiko da – 

MarraziOak tailerra hasiko da

Hamar ilustratzaile bilduko ditu MarraziOak tailerraren hamalaugarren ekitaldiak. Irailaren 26tik 30era egingo dugu Igeldoko Undermount elkartean, Donostian. Aurtengo gidariak Elena Odriozola ilustratzailea eta Gustavo Puerta editorea izango dira. Liburu ilustratuak editatuz konplikatzen dugu bizitza titulua jarri diote tailerrari.

Liburu bat ilustratzea ez da bakarrik irudiz betetzea aurrez dagoen testu bat. Ez da kontsumo-objektu erakargarri bat sortzea. Liburu bat ilustratzea ez da, ezta ere, sortzailearen artelana sortzeko gosea asetzea. Literatur obra bat ilustratzean osagai bakoitza mintzo da, osagai guzti-guztiek dute zeresana sortzen den komunikazioekintzan. Hori da hain zuzen MarraziOak tailerraren XIV. edizioraan landuko duten proposamenaren mamia: osagai horiek guztiak ezagutzea, aztertzea eta haien gaineko hausnarketa egitea. Finean, liburuaren izaera totala aldarrikatu nahi dute Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak.

Urtero bezala, MarraziOak jardunaldietan teoria eta praktika uztartuko dituzte irakasleek. Oraingoan teoria praktikatik beratik eratorriko da. Izan ere, nola egiten den liburua galderaren erantzuna praktikan bilatuko dute. Argitaldarien ikuspuntutik hitz egiteaz gain, sortzaileen ikuspuntutik ere mintzatuko dira. Liburu kanonikoak ekarriko dituzte eta haietan ongi egindakoa aztertuko dute. Ondo egindakotik aterako dute egin behar ez denaren irudia, baita nora begira jarri behar diren ere. Arazoak eta trabak hartuko dituzte hizpide eta hori guztia liburuak artisauen eran egiten dituztenen ahotik. Parte-hartzaileek nork bere proiektua martxan jartzeaz gain –urtero egin ohi duten bezala–, gidariek eskatzen dizkieten ariketak egin beharko dituzte. Jolasean arituko direla agindu digute Odriozolak eta Puertak.

MarraziOak tailerra hasiko da

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.