Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai

Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai –

2020ko urrian, eta izurrite bete-betean,  Marisa Arruabarrena oriotarrak bere lehen liburua aurkeztu zuen bere herriko kultur-etxean. Aipatu liburua Baionako Maiatz argitaletxearen bitartez  eta “Ezkutuan dagoena” izenaz bataiaturik ekarri zuen argira. Olerki liburua zen, eder eta sentikorra.

Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai
Arg: Iñigo Gaiton (karkara.eus)

Urtebeteko itzulian, leku eta hilabete berean, hau da, 2021eko urrian, aurkeztu du plazaratu duen bigarren liburua. Oraingoan narrazio-liburua da, eta Zarauzko Dakit argitaletxearen bitartez plazaratua. “Osaba Joxeren sotoko kutxan” izenburua du.

Eta zertaz aritzen zaigu Marisa liburu honetan? Zer kontatzen digu?

Marisak berak laburbiltzen digu liburuaren lehen atalean.  Honela erraiten digu:  “Gure amatxik gordeta zituen zenbait idatzi bilatzeak benetan harritu nau. Amak esanda bagenekien berari idaztea gustatzen zitzaiola, baina herriko aldizkarirako eta horrelakoetarako baino ez zuela idazten uste genuen. Eta ez guk bakarrik, izeba-osabei ere galdegin diedanean, gauza bera esan didate. Herrian izan zen “Karkara” aldizkarirako idatzi zuela eta noiz edo behin egunkariren batera ere bidaliak zituela iritzi artikulu batzuk, baina ez besterik.”

Orioko moilan egin behar zituzten lan batzuek ekarri zuten ustegabeko handia. Baina jarrai dezagun Marisaren kontakizunarekin: “Moila gaina berriz ere txukundu behar zutela eta gure sotoa langileentzat aldagela bezala erabiltzerik ba ote zegoen galdezka etorri zitzaigun aurrekoan Txanka, herriko udaltzaina. Traste zaharrak jasotzeko baino ez genuen lokalari garbitu ederra emateko garaia iritsi zitzaion. Beraz, osaba Joxe zenaren sotoari beste erabilera bat eman behar geniola-eta hasi ginen balio ez zuen guztia sutarako ateratzen anaia eta biok. “

Eta garbiketa horretan paperez lepo zen kutxa bat aurkitu zuten. Honela kontatzen digu Marisak:  “Baziren, bada, lotarako lastairak, antxoetarako erabiltzen ziren egurrak, zalabardo zaharrak, mataputxak…  Haien guztien azpian zegoen egurrezko kutxak eman zigun atentzioa. Kanpotik ez zuen ezer berezirik egur ilunezko kutxa bat baino ez baitzen, baina barrenak esaten zidan, hala ere, barruko aldeak izango zuela sorpresa ederren bat. Esan eta izan! Tapa irekitzearekin batera paperez gainezkoa zegoela ikusi nuen. Kutxaren barruko aldea, berriz, oihal ederrez estalia zegoen. Garai batean, baten batek txukun-txukun, iltze txiki-txikiez banaka-banaka iltzatutako belusezko oihal gorrizta.”

Eta oihala josten zuten iltze txikiak kentzean, zer aurkitu zuen barruan? Paper idatzi pilo bat! Baina, jarrai diezaiogun Marisaren narrazioari: “Han, nire aurrean, milaka paper zeuden. Batzuk ordenagailuz eta besteak eskuz idatzita. A zer letra berezia! Egun ez da horrelakorik ikusten! Izan ere ba al dago, bada, mundu osoan eskuz idazten duen inor? Beno, egun hartakoarekin jarraituz, hasieran pentsatu nuen gure amatxik garai bateko aldizkarirako-edo idatzitakoak izango zirela. Usteak erdia ustel, ordea! Eskuartean genuena irakurtzeari ekin nion. Beste guztien gain-gainean kartazal berezi baten barruan zegoen eta 2001eko martxoan idatzitakoa zen. Garai hartan urtebetez amatxi Elgoibarko irakasle izan omen zen. Berari esker familian guztiz ahazturik genituen hainbat kontu berritu zaizkigu.”

Hauxe da liburuaren haria, hauxe da narrazioaren norabidea. Erran behar dut, liburua geroan idatzirik, edo hobeto erranik, geroan dataturik dagoela, 2039. urtean, hain zuzen, horixe baita Marixak kontatu diguna gertatzen den urtea. Liburu honek belaunaldien arteko katea dakarkigu gogora, denboren arteko ibilera, iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen dituen literatur ibilaldia dela erranen nuke nik. Denbora da nolabaiteko protagonista ezkutua,  Ezkurratik Oriora etorritako amatxi Jone, auzoko Kasilda, Osaba Joxe, eta Miren biloba kate motzean lotzen dituena, Familia baten memoria historikoa nolabait berreskuratzen duena.

Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai

Eta badago protagonista bat, bai olerki liburuan, eta bai eleberri honetan, beti azaltzen zaiguna: itsasoa, handi-zabal, eder, bizimodu eta lanbide dena, baina baita askotan galbide izan daitekeena. Eta itsasoarekin batera, nola ez, herria, Orio bera, eta horia kolorea, gogoeta guztiak koloreztatzen eta pizten  dituena.

Itsasoa garraxika ari zait izeneko olerki ederrean honako aitorpena egiten digu Marisak: “Itsasoa garraxika ari zait. Ekaitza ekarri du. Olatuek barra berria jan nahi dutela dirudi. Goiko argi gorria da une honetan antzeman dezakedan bakarra. Antila bera ere zaztarrez beterik dago. Hondarraren arrastorik ez. Dena zikin, dena beltz. Kukuarri behe lainoak irentsi du. Itsaspeko bidea ez da ikusi ere egiten. Desagertu da. Dena ilun, dena beltz. Itsasoa garraxika ari zait, negarrez. Dena hautsi nahi du. Txikitu. Mila puska egin. Ez du amore emango. Haserre dago. Ilun, beltz. Itsasoa garraxika ari zait, minduta. Ez du ezer ulertzen. Lehertu egingo da. Itsasoa garraxika ari zait. Negarra ekarri du. Olatuek barra berria jan dute. Goiko argi gorria desagertu da. Ez dago. Antila, hondarraren arrastorik ez. Dena zikin, dena beltz.”

Bai, itsasoa garraxika ari zaio Marisari aldiro, bi liburuetan, eta ziur aski, bere bizitza osoan.

Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai

Arestian aipatu bezala, narrazioa 2.039. urtean hasten da, Mirenek, Osaba Joxeren sotoa garbitzean, Amatxi Joneren kutxa barruan diren idazkiak topatzen dituenean. Orduz geroztik, historiak aitzina eta gibelera egiten du, behin eta berriz, iragana, oraina eta geroa uztartuz. Neurri handi batez, autobiografikoa dela erran daiteke. Miren bilobak, kutxako paperak irakurtzean, Amatxi Jone, edo agian hobeto erranik, Marisa irakaslearen bizipenak, gogoetak eta kontakizunak ezagutzen eta berreskuratzen ditu.

Ene ustez, Amatxi Jonek irakaskuntzan Marisak izan dituen bizipenak kontatzen dizkigu, hau da, emakume, irakasle eta ama baten bizipenak, eta baita ibilaldiak ere, luzaz institutu batetik bestera ibili behar izan duelako. Neurri handi batez, bere pertsonifikazioa dela erranen nuke. Nik horrela ikusten dut, bederen.

Nolabait bukatzeko, erran behar dut Marisaren bi liburuak irakurri ditugunok haren uzta fresko eta oparoaren segida baten zain gaudela. Otoi, Marisa, ez zaitez gehiegi luzatu segida plazaratzen, horrela denbora ilaunak irakurleoi zure olerki edo prosa ederraz gozatzeko aukera berria eman diezagun. Hala bedi! Hala bekigu!

Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai  Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai  Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai  Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai  

Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai  Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Marisa Arruabarrenaren liburuak gogoeta-gai”-ri buruz

  • Mila esker, berriz ere Joseba.

  • josu naberan 2021-11-07 10:49

    OSABA JOXE

    Halaxe deitzen genion, hain zuzen ere, Zamorako apaiz-kartzelako murruak gainditu eta kanpokoekin kumunikatzeko erabiltzen genuen walki-talki bati.

    Eta horrek gogoa eman dit Marisak dioenarekin komunikatzeko bere liburuaren bidez.