Marion Cotillardek Zinemaldiaren 69. edizioko Donostia Saria jaso du inaugurazio ekitaldian

Marion Cotillardek Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko Donostia Saria jaso du –

Marion Cotillard: ”Eskerrik asko Donostia Zinemaldiari nire ibilbide zinematografikoaren aro berri honetan laguntzeagatik”

Marion Cotillardek Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko bi Donostia Sarietako lehena jaso du gaur gauean Kursaalean. Penélope Cruzek ohorezko saria eman dio aktore frantziarrari inaugurazio-ekitaldian, zeina pandemiak etendako besarkaden ingurukoa izan baita, eta duela gutxi zendutako bi pertsona ospetsu gogorarazteko ere balio izan duena: batetik, Bertrand Tavernier zinemagilea; eta bestetik, Luis Gasca Zinemaldiko zuzendari ohia.

“Ez nuen espero, izugarri maite dut emakume hau”, adierazi du Cotillardek Penélope Cruzen eskutik Donostia Saria ezustean jaso ostean. Hain zuzen ere, Cruzek 2018an zinema frantziarraren César d’honneur saria jaso zuenean, Cotillard izan zen saria eman ziona, Pedro Almodóvar zinemagilearekin batera. Cotillardek hainbat zinemagileren filmetan parte hartu izan du: Michael Mann, Christopher Nolan, Woody Allen, Dardenne anaiak, Nicole Garcia, Leos Carax, etab.; gainera, antzezle ugarirekin aritu da, besteak beste hauekin: Penélope Cruz bera, Daniel Day-Lewis, Nicole Kidman, Joaquin Phoenix, Brad Pitt, Louis Garrel, Charlotte Gainsbourg, Adam Driver eta Johnny Depp, zeinak datorren asteazkenean 69. edizioko bigarren Donostia Saria jasoko baitu.

Aktorea oso hunkituta agertu da bere ibilbide arrakastatsua –sariz betea, hala nola La Môme / La Vie en Rose (Olivier Dahan, 2007) filmean Édith Piafena egiteagatik eskuratu zuen Oscar saria– aitortzeko saria jaso duenean. Marion Cotillardek askotariko pertsonaiak antzeztu ditu bere karreran zehar -hauskorrak, misteriotsuak, indartsuak-, baina oraingoan, ekoizle gisa lehen pausoak ematen ari da. Izan ere, Flore Vasseurrek zuzendutako Bigger Than Us dokumentala bihar aurkeztuko du Victoria Eugenian. Filmak klima-aldaketaren eta migrazio-krisiaren aurka borrokatzen duten mundu osoko hainbat aktibista gazte jarraitzen ditu, besteak beste.

“Eskerrik asko Donostia Zinemaldiari nire ibilbide zinematografikoaren aro berri honetan laguntzeagatik”, adierazi du Cotillardek, eta “etorkizun argitsuago bat lortzeko lan egiten duten gizakien “kemena” txalotu du.

+ Besarkada handi bat zinemari. Mikel Lizarralde -berria-

Musika, dantza eta hainbat omenaldi

Cayetana Guillén Cuervok, Anne Igartiburuk eta Elena Iruretak aurkeztu dute emanaldia, zeina, bigarren urtez jarraian, Jon Maya dantzari eta koreografoak zuzendu baitu. Musika, berriz, Luis Mari Moreno Urretavizcaya Piratak zuzendu du, eta Zea Mays taldeak ere parte hartu du bertan –are gehiago, Zea Mays taldeko abeslari Aiora Renteriak Rozalén musikariaren laguntza izan du Negua joan da ta abestian–, baita Asier Etxeandiak ere Mastodonte bere musika-proiektuarekin. Eszenografia originala kubo argitsuaren formako hainbat egituraz eta Zinemaldiaren kartelen zertzeladekin ondo ematen zuen argi-diseinu koloretsu batez osatuta egon da.

Iaz, pandemiaren ondoriozko derrigorrezko distantziak erakarri zuen irekiera galak, eta aurtengo edizioan, berriz, hainbat hilabetez debekatuta izan ditugun besarkadak izan dira ideia nagusia. “Hezur-haragizko izakiak gara, hezur-haragizko gura eta irrikekin. Horregatik hasperen egin dugu eta hasperen egiten jarraitzen dugu, azken hilabeteotako bereizketa amaigabearen ondoren berriz ere elkartu gaitezen. Izan gaitezen positiboak eta pentsa dezagun horrela: zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta goresgarriagoak izango dira besarkadak”, dio Harkaitz Canok berriz idatzitako gidoiak.

Besarkadaren ideia Zinemaldiko telebistaz arduratzen den Morgancrea ekoiztetxeak galarako egin dituen bideoetako batean ere islatu da. Ikus-entzunezko beste pieza batzuk ere eman dira: batetik, desagertutako Bertrand Tavernier omentzeko egindakoa (Tavernierren irudia aurrez aurre iruzkindu du Cannesko zinema-jaialdiko eta Lumière Institutuko zuzendari Thierry Frémauxek); bestetik, Luis Gasca Donostia Zinemaldiko zuzendari ohi, herri-kulturaren ikerketaren aitzindari eta genero-zinemaren maitale izandakoari egin zaion omenaldia ilustratu duen beste pieza batek. Hain zuzen ere, fantasiazko zinemari buruzkoa izan da Gascaren bideoa (zinema fantastikoaren balioa nabarmen handitu da azken aldian), eta genero horretako filmen irudiak erakutsi dira bertan: bai aurten Zinemaldian programatutako film batzuenak, bai aurreko edizioetan proiektatutako klasikoenak, hala nola hauenak: Jaws (Steven Spielberg, 1975); Star Wars (George Lucas, 1977); eta Alien (Ridley Scott, 1979), Sigourney Weaver –aurtengo kartel ofizialaren protagonista– antzezleak debutatu zueneko filma.

Halaber, TVEko Días de cine programa omentzeko (aurten hiru hamarkada beteko ditu) eta FIPRESCI Sari Nagusia Nomadland filmari (Chloé Zhao, 2020) emateko ere baliatu da ekitaldia; Nomadland pelikulak film onenaren Oscar saria irabazi zuen iaz Perlak filmean parte hartu ostean. Aurtengo edizioan sail hau ireki duen filma Competencia oficial / Official Competition ekoizpen argentinarra Óscar Martínez aktoreak aurkeztu du.

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioari ofizialki hasiera emateko, Yi miao zhong / One Second filma eman da. Film horrekin, Zhang Yimou lehen aldiz arituko da lehian Urrezko Maskorra lortzeko; Urrezko Maskorrari dagokionez, 2020an Dea Kulumbegashvilik irabazi zuen, aurten epaimahai ofizialeko buru izango denak, hain zuzen ere. Zuzendari txinatarra ezin izan da Donostiara etorri lan-arrazoiengatik, baina bideo bat bidali du ikus-entzuleak agurtzeko. Filmak bere haurtzaroko garaia ekarri du gogora, zinemara joatea “festa” komunitario bat zenean. “Pandemia dela eta, azkenaldian ezin izan ditugu filmak elkarrekin ikusi. Horregatik, One second are hunkigarriagoa da gaur egun”, adierazi du.

Yimouren filmaren emanaldiaren aurretik, Rosa rosae. La Guerra Civil / Rosa rosae. A Spanish Civil War Elegy eman da lehiaketaz kanpo, Carlos Saurak zuzendutako film laburra; 2007an Ohorezko Urrezko Maskorra eman eta urte batzuetara, Zinemaldiak berriz omendu du zinema espainiarraren garai guztietako maisu handienetakoa.

Gaur hasi eta hilaren 25era arte, Zinemaldiak 184 film luze, labur, ertain eta telesail erakutsiko ditu, 490 emanalditan banatuak.

Marion Cotillard Donostia Saria

Johnny Depp Donostia sari bat

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko IZARRAK

Agian gehiago nahi duzu …

Prentsaurrekoa
”Maixabel”

Denen ahotan dabilen ‘Maixabel’ filma aurkeztu dute gaur baita ere Sail Ofizialean. Blanca Portillo, Icíar Bollaín eta Luis Tosar, hemen prentsaurrekoa ikusi nahi baduzu.

 

Marion Cotillardek Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko Donostia Saria

Seriefiloa naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude