Marina Abramovic, gizarteak gizaki maltzurrak sortzen dituela frogatuz

Marina Abramovic

Marina AbramovicMarina Abramovic serbiarra 1946ean jaio zen, Belgradon, eta bere bizitzan zehar egin dituen performance original, bakar eta ausartengatik da artista ezaguna.

1973an hogei laban eta bi grabadorekin egin zuen bere lehen esperimentua. Bada joko errusiar bat, eskua mahai gainean jarri, behatzak zabaldu, eta modu erritmiko batean labanarekin tartean kolpeak ematean datzana; zer espero zenuten erruleta estilo propio eta berezi hori daukan herriarengandik? Abramovic kolpeak ematen hasten zen, eta ebakitzen zen bakoitzean labanez aldatu eta jarraitu egiten zuen, guztia grabatzen zuen bitartean. Hogei aldiz zauritu eta gero, zinta entzuten zuen, eta berdin-berdina erepikatzen saiatzen zen, akats eta guzti, zer eta iragana eta oraina batzeko.

Urte bat beranduago, jendaurreko ikuskizun batean, sutan zen izar itxurako perimetro baten barrura egin zuen jauzi: azazkalak eta ilea botatzen zituen sutara, eta aldiko argi leherketa bat eginez. Bat-batean, izar erdian geratu zen etzanda. Jendeak pentsatu zuen ikuskizunaren parte zela, harik eta sua beragandik gertuegi zegoela ikusi eta atera zuten arte: konortea galdu zuen kearengatik.

Marina AbramovicHilabete batzuk beranduago (a ze martxa!) bi froga egin zituen drogekin. Lehenengoan egoera katatoniko batera bultzatu zuen droga bat hartu zuen, eta bere gorputzak mugimendu bortitz eta kontrolatu ezinak egiten zituen, sekulako dardarak; baina hori guztia gertatzen zen bitartean, burua bere tokian zeukan, argi, garbi, zentzudun eta gertatzen zen guztiaz jabetuz. Minutu batzuk beranduago depresioa sufritzen duten gaixoek hartzen duten pilula bat irentsi zuen, eta kasu horretan kontrakoa gertatu zitzaion: bere gorputza mugiezinik, bere burua enegarren galaxian.

Baina Abramovicen esperimentu artistiko bortitzenetakoa hilabete batzuen bueltan izan zen, 1974ean: Rhytm 0. Ikuslearen eta artistaren arteko mugak non zeuden ikusteko, froga benetan mutiria egin zuen; edo nahiago baduzue, azkenean mutiria bihurtu zena. Mahai baten gainean 72 objektu ezberdin jarri zituen: kateak, sokak, loreak, baita bala bat zeukan pistola bat ere, besteak beste. Bera ondoan ezarri zen, honako metodoa proposatuz: geldirik mantenduko zen sei orduz, eta ikusleek nahi zutena egin ahalko zioten.

Emaitza beldurgarria izan zen. Abramovic berak kontatzen digu hemen, ingelesez.

 

“Esperimentuak erakutsi dit publikoari bidea irekita utziz gero, hilko nindutela. Bortxatua sentitu nintzen: erropa kendu zidaten, arrosen arantzak sabelean iltzatu; pertsona batek armarekin apuntatu ninduen, eta beste batek kendu egin zion. Giro oso oldarkorra sortu zen. Sei orduren ondoren, hasieran esan bezala, zutik jarri eta mugitzen hasi nintzen, jendearengana zuzenduz. Mundu guztiak korrika alde egin zuen, nirekin hartu eman erreal bat saihestuz”.

Marina Abramovic

Marina Abramovic