Marabilli festibalaren bosgarrena badator

Marabilli festibalaren bosgarrena badator –

Ondarroan, gaur hasi eta igandea bitarte abian da bi urtetik behin Aitzol Aramaioren omenez egiten den Marabilli festibala, Manuelistak Kultur Elkarteak antolatuta:

Marabilli festibalaren bosgarrena badator

Bosgarren edizioa du aurten Marabilli Sormen Festibalak, esku bete urte ditu, osatu du bost puntako izarra. Bi urtetik behin ospatzen da Marabilli Ondarroan, eta sormenaz gozatzeaz gain, kreazioa bera bultzatzea du xede, sormen prozesuaren atzean dagoen lan guztia erakutsiz, gogoetak, inspirazio-iturriak, krisi momentuak, hori ere bai, dena. Marabilli ez zen jaio horma bat jartzeko sortzaile eta hartzaileen artean, Marabilli ez da soilik entretenitzeko jaio zen jaialdi bat. Ez, inola ere ez. Marabillik puskatu nahi du sortzaile eta hartzaileen arteko muga, Marabillin denok gara sortzaile eta hartzaile aldi berean. Marabillik sustatu nahi du parte hartzea eta desberdinen arteko elkarrizketa, nahi du eragin gizartearen eta artearen ikuspegi kritikoa zabaltzen gazte eta ez hain gazteen artean.

Aurten emakumeek, euskarak eta nazioarteko ahotsek izango dute itzalik handiena. Musikari dagokionez, punta puntako taldeak espero ditugu, hangoak eta hemengoak, The Baboon Show, Liher, De Pedro, Keu Agirretxea eta Pablo Novoa, Jotakie edo 90eko hamarkadan euskarara hain soinu berritzaileak ekarri zituzten Hazurbaltzak ondarrutarrak batzuk aipatzearren. Literaturan Manuel Vilas Aragoiko idazle entzutetsua eta Leire Bilbao izango ditugu eta antzerkian Lekittoko Deabruen sua eta “Zer duzu Amy?” lan zirraragarria. Baina Marabillik zineman du bihotza eta horregatik puntako euskal zinema izango dugu ikusgai, Asier Altuna eta Telmo Esnalen “Agur Etxebeste!”, Koldo Almandozen “Oreina”, Esnalen “Dantza” eta Oier Arantzabalen “Margolaria”. David Truebak masterclass-a emango du eta bere sekuentzia kutunak azalduko ditu jendaurrean.

Marabilli festibala gaur hasi da jaialdiaren ezaugarrietako bat bihurtu den 10 minutu saioarekin. Bakoitza hamar minutuz, Leire Bilbao, Aizpea Goenaga, Askoa Etxebarrieta La Pulga, Alaia Martin eta Aurori Badiola mintzatuko dira sormen prozesuaren poz eta nekeez, bakoitza bere erara, eta ondotik Xabi Bandiniren emanaldia izango da. Primerako hasiera munduan bakarra den jaialdi txiki honentzat.

Kaleko giroak, Gaztetxean, Portuko Ranpan eta Barnetegixe gune liberatuetan izango diren Off-Marabilli ekintzek eta norberak etxetik dakarrenak osatuko dute Aitzol Aramaioren omenez jaio zen festibal ero, bizi eta bihurri hau, ahaztu gabe urteroko sorpresa den Marabilli Sormen Saria.

Irudimenarekin mundua hankaz gora jarri nahi duzuenok, zatozte urriaren 3, 4, 5 eta 6an Ondarroara.

.

EGITARAU OSOA

Marabilli festibalaren bosgarrena badator

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude