Manolo

Manolo

Behin, sari bat irabazi nuen poesia lehiaketa batean. Tira, akzesita izan zen, baina uste dut nire memorietan bigarren saria izan zela paratuko dudala (noizbait nire autobiografia idatzi nahiko nuke, eta horregatik, fikzio txukuna egite aldera, hasia naiz zenbait pasarte edertzen eta dotoretzen). Opusen unibertsitatean izan zen, duela urte anitz, eta egia erran ez naiz oroitzen lehen saria nori eman zioten; bai, ordea, nor izan zen lehiaketa hartako irabazle erabatekoa, sari ofizialik jaso ez zuen arren: Manolo. Manolo –hala deitzen zioten guziek, eta inoiz ez nuen haren deitura zein zen ikasi– poeta zoragarria omen zen, unibertsitateko hoberena. Poetagai nintzen hau ez bezala, hura poeta osoa zen, eta fama handikoa; omenka ari naiz, nik ez bainuen inoiz haren poemarik irakurri, eta behin baizik ez bainuen agurtu (pasarte hau ere pixka bat moldatu beharko dut nire autobiografian), baina kontua da akzesita irabazi nuen lehiaketa hartan, gutienez hiru laguni aditu niola esaldi honen bertsioren bat: “Manolo aurkeztu izan balitz, lehen saria irabaziko zuen, dudarik gabe”. Bistan zen aurkezturiko poema guziak hutsaren hurrengoak zirela inoiz idatzi gabeko maisulan haren ondoan. Berriki, karpeta batean aurkitu nuen nire akzesita, garai bertsuko bertze poema batzuekin batera, eta egia bada ere nire gaztetako obra berriz ikusiz lotsa pixka bat sentitu nuela (baina pixka bat es mucho –harrezkeroztik, karpeta galdua dabil, memoriako hutsune baten ondorioz, traumaren ondorengo prozesuetan nahiko ohikoa izaten omen den fenomenoa–), tira, hori egia bada ere, hori bezain egia da munduko olerki zoragarriena idatzi izan banu ere, nire lana ezin izanen zela lehian ibili Manoloren akatsik gabeko lan paregabe harekin. Egiten ez denak neketan izaten ahal baitu akatsik. Perfektua da. Edo, jendearen ustetan, perfektua litzateke, inoiz eginen balitz. Bere birtualtasunean, ez du zuzenketarik behar.

Udan, zerrendak egiten ditut beti: egin nahi ditudan gauzen zerrendak. Eguneroko zerrendak (gaur, halako ordutan jaiki eta film bat ikusiko dut, pixka bat irakurriko dut, eta, ondoren, zer edo zer idatziko dut) eta zerrenda orokorrak (udan hainbat liburu irakurri nahi ditut, edota hainbat film ikusi). Zerrendak frustrazio iturri finigabeak izaten dira: gehienetan ez naiz ailegatzen helburuen ehuneko txiki bat ere betetzera, eta horrek umorea ozpintzen dit. Aurten, ordea, bertzelako zerrendak prestatu ditut. Gauza handirik ez egitea izanik helburu orokorra, ez egite hori egunez egun zehazten saiatu naiz: gaur ez dut libururik irakurriko, ez musikarik adituko; bihar ez dut filmik ikusiko. Eta metodo horren abantailak berehala hasi nintzen nabaritzen: zerbait egitekotan, goizeko bortzetan jaikitzen banintzen (adibidez), goizeko hamaiketan jaikita ere aski izaten nuen deus ez egiteko eta, beraz, zerrendan ezarritako helburuak betetzeko. Hainbat egun behar izaten dira liburu bat irakurtzeko; liburu bat ez irakurtzea, berriz, di-da batean (ez) egin daiteke.

Orokortzeko tenorea da: aukeran, hobe da ez egitea, egitea baino. Hobe jendea ez ezagutzea, ezagutzea baino (ezagutuz gero, dezepzioa izaten ahal dugu –ezagututakoa ez da uste genuen bezain ederra, irri-emangarria, alaia edo eskuzabala–, edo, are okerrago, dezepzionagarri suertatzen ahal gara gu –bertzearen begietan, ez gara hark uste bezain interesgarriak, zorrotzak, adimentsuak–). Azkenean ikusi dugun zinemaldia ez da artean ikusi gabe genuen hura bezain liluragarria; eginahal anitzen ondoan erosi dugun lehen edizioak ez digu hainbertzeko zirrararik eragiten; hondarrekoz bizi izan dugun amodio istorioa ez da gure irudimenean eta itxaropenetan bezain pizgarria. J. M. Coetzee-ren nobela batean, aita-semeen arteko harremana da gaia (edo gaietarik bat), baina nobela hartako aitarik hoberenak umerik ez duena da: haurrik izan balu, aita gisa ez zuen munduan parekorik izanen.

Euskadi sariak banatu dituzte duela guti. Bat, Iban Zalduari eman diote (egindako lanagatik, ez ez egindakoagatik). Eta lagun batekin solasean (biok kontent ginen, Iban maite baitugu), komentatu genuen guk ere sariren irabazi nahiko genukeela. Baina segidan ohartu ginen horretarako Ibanen maila eta lan-gaitasuna izan beharko genituzkeela, eta, hortaz, zaila dela guk inoiz Euskadi Saria irabaztea (edo, tira, zaila dela nik irabaztea, ez dut laguna –dagoeneko zenbait sari irabaziak dituena– zertan zaku berean sartu). Planeta sariak eskaintzen dit bertze bide bat: aski nuke Espainian famatu bihurtzea, halako ospe eta eragin mediatikoa erdiestea, eta, batek daki, akaso egunen batean enkargatuko lidakete kasualitatez sari hori irabazten ahalko lukeen nobela bat. Baina horrek ere nahiko lan eskatzen du, batez ere aukeran hobe ez egitea, egitea baino leloa dudan honendako. Eta horretan ari ginela, bat-batean Manoloz eta Obamaz oroitu nintzen. AEBko presidenteari Nobel saria eman zioten, ez bakearen alde egindakoagatik, bakearen alde egin gogo zuenarengatik baizik (eta haren ondorengo ekintzek aski ongi frogatzen dute hemen defendatzen den tesia). Beraz, Manoloren eta Obamaren ereduari jarraiki, nik inguruko jende guzia konbentzitu behar dut talentua eta idazteko grina baditudala, eta inoiz idaztera jarriko banintz, sekulako nobela (nobela aipatuko dut, ipuinek ez baitute hainbertzeko prestigiorik) osatuko nukeela. Lehendabiziko aldia litzateke maisulan birtual batek sari bat irabazten duela. Eta seguru naiz nire ideia horretan tematuko banintz, saria lortuko nukeela. Akaso bihar hasiko naiz lanean. Edo etzi.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “Manolo”-ri buruz