[Kafe Aleak] Maite Arroitajauregik Underribi

[Kafe Aleak] Maite Arroitajauregik Underribi –

[Kafe Aleak] Maite Arroitajauregik Underribi.

Underribi (bilduma)

“The Illusions, Orgasmictoothpicks, Beti Mugan, Dut”         (Basati diskak, 1994)

.

[Kafe Aleak] Maite Arroitajauregik UnderribiZergatik Underribi? Aitzakia bat besterik ez, bizitzako garai jakin bat gogora ekartzeko. Gaur arratsaldean, azken trasteak ekarri ditut, orain bi urtera arte bizi izan nintzen etxe hartatik: diskoak, partiturak, liburu batzuk eta beste ezer baino txukunago gordetako kaseteak… ia denak grabatuak, noski. Hortxe dago Underribi.

Kaseteak berak zekarren kartoiaren gainean tamaina bereko folioa mozten nuen, koloreztatu (psikodelikoegi oraingo begietara) eta, beltzez beti, taldearen izen eta abestien izenburuak idazten nituen, asmatutako tipografia zaindu baino zainduagoz. Kasetera bihurtutako disko haietako asko nire gelakide zen Oskar Moralesek pasatzen zizkidan, 1994-1995 ikasturtean:

– UBI/COU, letretako gela (matematikekin batera, zoritxarrez ez zen letras puras taldea atera).

– 3 mutil gelan, azken ilaran, haietako 2 musikazale amorratuak, azken aurreko ilaran bi, Lorea eta ni.

– 18 urte, dena lehen aldiz edo azken aldiz bizitzeko grina.

Ordura arte, anaiak eta ahizpak entzuten zutena entzuten nuen: Hertzainak, Kortatu eta Negu, Silvio, Bob Marley, Augustus Pablo, Enya (<</-***einnn)… Baina sasoi hartan, modu naturalean, nire kabuz hasi nintzen talde desberdinak deskubritzen, kanpokoak, baita hemengoak ere. Oso ondo gogoratzen dut, ezinbesteko eragina izan zuen Bidegurutzean irrati programak, Galder Izagirrek Euskadi Gaztea-n egiten zuenak, egunero 10etatik 11etara… klase orduetan komentatzen genituen aurreko gauean entzundakoak, astelehenetan bertako taldeak, eta asteko beste egunetan atzerrikoak… gozamena zen, egunero belarriak zabal-zabalik, bazka berriaren zain… gustuko zenbat talderen izenak entzun nituen lehen aldiz irratsaio hartan!

18 urte, nerabezaroa… 19 urterekin bukatzen omen da, nirea ez behintzat, poliki nabil bizitza honetan nonbait. Nerabezaro, gaztaro berdin dio, jakina da, plastilina bezain moldagarriak ginela, malguak (orain ere bagara, gutxiago…), onerako eta txarrerako esponjak (gora Bob Esponja!). Talde berriak entzutean, geure nortasuna eraikiko bagenu bezala, gustuko musikariekin identifikatuta sentitzen ginen, geure buruak birsortuz, asmatuz. Harreman afektibo/emozionala eraiki genuen musikari eta fan guztiekin. Agian, lagun batek dioen moduan, berezi sentiarazten gintuen musika aukeratzen genuen,
euskal heavy eta RRV-tik at.

Udarak Underribin pasatzeak izango du eraginik hango taldeak horrenbeste gustatzeko…musika inguruan biltzen ziren onyarbitarrek estilo jakin bat zuten, Eibarren inork ez zeraman halako janzkera eta, gauza horiek, tontakeriak izanda ere, markatu egiten dute. Nagore Santamaria bezalakoak izan nahi genuen, marradun soineko bat ere erosi nuen, berari argazki batean ikusi ondoren, kamisetak guk geuk egiten genituen, burua gantxoz josita Elasticako nesken moduan, bigarren eskuko dendetako alkandora sixty-ak. . .mila kolorez janzten ginen, orain berriz beltz ilunez (elegantea omen da eta meheago egiten gaitu).

Buelta gaitezen, bada, musikara. la derrigorrezkoa zait sasoi hartako disko batzuk aipatzea. . . zer sentitu nuen, zer pasatu zitzaidan burutik disko hauen lehen entzunaldietan? Pentsatze hutsarekin hunkitu egiten naiz:

Red Medicine – Fugazi (1995) Talde handi hau ezagutu berri, lehen diskoak digeritu behar nituen, gehiegi niretzat.

Say ama – Ama Say (1994) Pixies euskinglisean, zer gehiago eska niezaiokeen bizitzari? (Honen harira, ez zait ahaztuko
Onyarbiko Hamlet taberna kanpoan zegoen Pixiesen pintada… taberna hartara sartzeko beste arrazoi bat).

Lehertzeko garaia – BAP!! (1994) Ez zeukan zerikusirik nire anaiak entzuten zituen BAP!!-en diskoekin, zaila egin zitzaidan
hasieran, baina entzun ahala… maisulana.

Dut – Dut (1995) Eibarko polikiroldegian entzun nituen, Negurekin batera. Aitari eskatu nion diskoa, supermerkatuan erosi
genuen, jogurtekin batera karritoan ibili zen, lehenengo entzunaldian bateriak txunditu egin ninduen, gogoan dut
ahotsa baxu entzuten nuela ere, ez dakit zergatik. Nire talde kuttunena.

Bluff – El lnquilino Comunista (1995) Melodia, distortsioa, gozo eta gazia, plazer bat osotasunean.

Dummy – Portishead (1994) Uff! Hain zen desberdina, berria, konparaezina, bihotz-ziztada, gaurdaino.

Stranger Than Fiction – Bad Religion (1995) Hardcoretak ginen, old schoola, bai, baina hardcore melodikoa ere bai! Zenbat
aldiz Bad Religion eta Gorilla Bisouits Hilbehera tabernan! Jadanik bota egin dute eraikina.

Mellon Collie and the Infinite Sadness – Smashing Pumpkins (1995) Aurreko diskoko Disarm abestiaz gogoratzen naiz.
Salto al vacio (1995) filmean azaltzen zen, travelling bat, Ezkerraldeko irudiekin (oker ez banago), baliabide artistiko errazegia
agian, efektista.

Circo luso – El Niño Gusano (1 995) Letra surrealista bezain ederrak, espainolez entzuten nuen talde bakanetako bat, aipatuko
ditudan hauekin batera.

Esta muy bien eso del cariño – Kiko Veneno (1995) – Dantzatzea gustuko genuelako, eta inork baino hobeto nahasten zituelako
flamenkoa eta rocka, eta letra xelebreak egiten zituelako eta La bola de cristal-en agertzen zelako. Maite dugu Kiko! Maite dugu
Veneno! Maite dugu Pata negra!

Alta fidelidad – Los Flechazos (1995) – Denongan dago mod bat.

Sasoi hartakoak dira Familyren Un soplo en el corazón eta Cancer Moonen Moor Room, gerora ezagutu ditudanak.

Ondo egon da gogoratzearen ariketa, neuk ere “gauza erabiliak ditut gehien maite…eta hitzak ere, baita hitzak ere, askok esandako
horiek”: “konturatu momentu hau jada pasatu dela”, “el hoy no es mañana es ahora, ¡putos!”, “aujourd’hui maintenant”.

“…poztekoa da: aurrera baino ezin du egin batek”.

eurak!

.

.

Maite Arroitajauregi (Eibar, 1977)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Maite Arroitajauregik Underribi Maite Arroitajauregik Underribi  Maite Arroitajauregik Underribi