Maitane Azpiroz: “Zenbat eta arte gehiago, orduan eta zoriontsuagoa da jendartea”

Maitane AzpirozTrapeziotik behera zintzilik edo honen inguruan huntzaren antzera kiribilduta, Maitane Azpirozek (Iruñea, 1982) gorputza du hizkuntza. Horixe zirku garaikidearen desafioa. Lau urte daramatza profesional modura, azken biak Euskal Herrian, nahiz eta zirku munduko ororena bezala, bere bizitza ere nomada samarra izan. Institutuko urteak amaituta Donostian ikasten zebilela, antzerki talde batean sartu zuen muturra. Iruñera itzulita, Oreka zirku eskolan egin zituen lehenengo urratsak eta FlakUtt taldean ere aritu zen dantzan, baina proiekzio gabeziak itota atera zen atzerrira eta zortzi bat urte pasatu ditu Madrilen, Italian, Bruselan eta Frantzian, “ikasten eta garatzen”. Orain, etxean bueltan, zirkuaren kontzeptu berri honekin aretoak eta bihotzak bete nahian dabil, “arterik gabeko jendartea ez delako inoiz zoriontsu izanen”.

21 urterekin egin zenuen ospa. Zergatik?
Hemen gabezia handiak zeudelako. Azpiegiturak falta dira, irakasleak falta dira, dirua, babes instituzionala, ohitura, zirkuari arte balioa aitortzea falta da, artea bera kultura kontsideratzea ere falta da… Iruñea, gainera, Opus Deiren itzalean, oso hiri itxia da eta harrapatuta nengola sentitzen nuen, espazioa behar nuen besoak zabaltzeko, ametsak nituen buruan bueltaka…

Zer ikusi eta ikasi zenuen kanpoan?
Teknika aldetik, dena ikusi eta ezagutu nuen; ikasi batzuk bakarrik. Adibidez, nirean –aereoak–  sakondu nuen eta binakako akrobaziak landu nituen gehiago. Estilo nahiz kultura desberdinen arteko mestizajea ere bor-bor zegoen atzerrian, hemen oraindik oso puritanoak ginen garaian. Oro har, artearekiko bestelako begirunea ezagutu nuen lehen aldiz. Hemen oraindik artea ez da kultura modura ulertzen, aisialdi eta denborapasa gisa baizik, gure jendarteak oraindik ez baitu onartu arteak baloreak transmititzen dituenik. Oraindik ere, telebistaren pareko mailan jartzen da eta artistak bizizale hutsak direnaren ustea da nagusi. Frantzian, aldiz, artea hezkuntza da, adimena lantzeko modu bat.

Eta, itzulitakoan, sorpresa atsegina hartu zenuen ala berriz ere hormaren kontra jotzea izan zen?
Tira, denetarik pixka bat. Baina egia da gauzak aldatzen hasi direla edo, behintzat, horretarako saiakera badagoela, nahiz eta batzuetan norabidearekin asmatu ezinik ibili.

Gure imajinario kolektiboan, garbi dugu zirku tradizionala zer den: eszenaratzea, pertsonaiak, ikuskizun mota… Aldiz, gehiago kostatzen zaigu zirku garaikidea irudikatzea. Emaizkiguzu argibide batzuk.
Definizio sinple bat emango dizut, sinpleegia agian: antzerki obra bat da, istorioa edo kontzeptua kontatzeko lanabes gisa zirku teknikak eta hauek ahalbidetzen duten transgresioa baliatzen dituena. Izan ere, antzerki soilak konta ezin ditzakeen gauza asko komunika ditzake gorputzak, eta hori da desafioa.

Irria, beldurra eta emozioa izan dira, historikoki, zirkuaren kodeak. Zuk egiten duzun honetan ere badaude?
Arriskua gehituko nioke zerrendari. Eta bai, noski, badaude. Baina kasu honetan ez da beldurra beldurragatik edo emozioa emozioagatik. Helburua beti da zerbait kontatzea, eta horiek bitartekoak dira.

Eta ze lengoia baliatzen duzu komunikatzeko?
Pff… denetarik! Zirku teknikekin batera, dantza, musika, argazkiak, bideoak… janzkerak berak ere komunikatzen du… Oraindik ez dut ahozkorik sartu, baina agian etorriko da hori ere.

Konparaketarekin jarraituz, zer duzu zuk zirku artista klasiko horiei aitortzen diegun izaera bohemiotik eta biziera nomadatik?
Bidaiatzearena… bai. Tira, ez naiz karabana batean bizi eta ez naiz karpa batekin mugitzen alde batetik bestera etengabeko biran, nahiz eta baditudan lagunak halaxe ibiltzen direnak, zirku garaikidea jorratzen baina betiko eszenaratze borobilari eutsita, berez performancerako aberatsena den horri fideltasunez. Aldiz, beste batzuk antzokietan aritzen gara gehienbat, eta horrek etxe finko bat edukitzeko aukera ematen dit. Eta, gero, bohemio ukitu hori… esango nuke artista guztiok dugula, egunean egunekoa bizi dugulako eta egindako hautuak ezegonkortasuna dakarrelako berarekin.

Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Maitane Azpiroz: “Zenbat eta arte gehiago, orduan eta zoriontsuagoa da jendartea”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.