Maisha MC: “Rapa poliki sartzen da, baina elektronika tiro bat da”

Rap kantaria, DJa, musika ekoizlea, irrati kolaboratzailea, zinean eta antzerkian lehen urratsak ematen hasi da… Artista multidisziplinarra da Maisha MC, Eneko Axpe fisikari barakaldarraren alter egoa.

Testua: Aitor Abaroa (@abaroa37)

Argazkiak: Galder Izagirre

Maisha MCEuskadi Irratiko uhinetan ezagun egin da Maisharen ahots bereizgarria. Irati Anda eskalatzaile eta bertsolariarekin entzuten dugu orain Faktoria saioan, gai ezberdinen inguruan iritzi zorrotza ematen. Hasi baina, DJ Makalarekin batera hasi zen, udako musika jartzaile bezala. Maisharena musika baita; zerbaitengatik du abizen MC, Maisha MC. 121 Krew taldeko kide gisa, euskarazko raparen erreferenteetako bat da. Patrol Destroyersekin aldiz, euskal gazteria leher egin arte dantzan jartzea du helburu.

Maisha MC elkarrizketatzeko Eneko Axperengana jo dugu, 27 urteko fisikari barakaldarrarengana. Izan ere, Maishari tarte bat lapurtzeko, Enekoren agendan aurkitu behar da lekua. Fisikaria da Eneko, Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten du eta motxila beteta agertu da. Bilboko sormen lapikorik intentsoenetakoa den ZAWP kolektiboaren Zorrotzaurreko instalazioetan elkartu gara, bertan du-eta Nasty Bilbao musika estudioa. Motxila zabaldu eta minutu bakarrean ikusi dugu eraldaketa. Eguzkitako betaurrekoak, eskularruak, praka eta zapata beltzak, eta argazkilariaren beharren arabera konbinatzeko, Berlindik ekarritako kamiseta, koadrodun alkandora edo Bilboko Casualirreal diseinatzaileek esklusiban egindako jertsea. Izan ere, 6 Pabilioiko lagun antzerkilariei bezala, Maisharen maskarak ahalbidetzen dio Enekori egunerokotasunetik atera eta sormenari bide ematen.

Zertan ezberdintzen dira Eneko Axpe eta Maisha MC?
Maisha (‘bizitza’ esan nahi du swahiliz) Enekoren alter egoa da, rapero edo musikarion artean aka (also known as) bezala ezagutzen duguna. Nik biak ezberdintzen ditut. Maisha nire alde artistikoa da, sormenaren munduan dabilena, musika ekoizlea, raperoa, dokumentalak eta film laburrak zuzentzen hasi dena, antzerki munduan ere sartzen ari dena… eta irrati kolaboratzailea. Horiek denak egiten dituena Maisha da. Eszenatoki gainean egiten ditudan gauza asko ez nituzke inoiz Eneko Axpe moduan egingo, edota irratian ere gauza batzuk ez nituzke Enekoren izenean esango. Bai ordea Maishak duen alde artistiko horretatik.

Maisha MC 121 Krew taldeko kidea da. Nola sortu zenuten taldea?
121 Krew 2000. urtean sortu zen grafitigileen talde bezala. Gero Endika Lahaine eta Doble R DJa musika lantzen hasi ziren, rapeatzen lehena eta plateretan bigarrena. Hor hasi zen 121 Krewren alde musikala. Ondoren, Lama eta Abu+E gehitu ziren MC lanetan, eta jarraian Euskal Herriko beatbox txapelduna den Rufoh, Hawa DJ eta beatmakerra, eta ni batu ginen. Eta David Nanclaresek ere laguntzen digu musika egiten. Familia handi bat gara. Eta familia handiago baten babesa dugu, Taupaka Elkartearena. Dagoeneko 200 bat kontzertu eman ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan, Bartzelonan, Madrilen, Italian edota Venezuelan.

Euskal raparen oinarriak baina, beste batzuek jarri zituzten, ezta?
Bai. Esaten da euskarazko raparen historia 2000. urtean hasi zela. Historia guztiek bezala, aurrehistoria bat ere badu, baina hori zaleek ikertu dezaten utziko dugu. 2000. urtean Selektah Kolektiboak euskaraz editatu zen lehen rap CDa plazaratu zuen, gero Ipar Euskal Herriko MAK taldea agertu zen, eta biak bakarrik aritu zirela esan daiteke 2005era arte. Orduan 121 Krew musika egiten hasi zen, eta beste hainbat talde ere agertu ziren, Norte Apache edo Indarrap, adibidez. Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabaldu zen rapa. Eta hori gehiago nabarmendu da azkenaldian, adibidez Iparraldean 2Zio agertu da, Nafarroan Goienetxe anaiak, eta Gipuzkoan Norzzone eta Neat.

Rapak hitzetan du funtsa, indarra. Azter dezagun ‘Hiriaren taupadak’ (MusikHerria) diskoan diozuena. ‘Lehenengo taupada’: “Soinu berri bat heldu da hirira” eta “Euskaldunberria saiatzen ari da”.
Talde modura plazaratzen dugun tesia bi esaldi horietan laburbildu daiteke. Euskal Herrian, Europako beste hainbat lekutan ez bezala, asko kostatzen zaigu musika estilo berriak entzutea, eta gu hori aldatzeko saiakeran ari gara hainbat urtez; baita doinu berri horiek euskal hiritik herrietara igaro daitezen ere. Bestalde, barakaldarrak izanik, taldeko kide guztiak euskaldun berriak gara, eta alde horretatik ohore bat da gure hizkuntza bandera moduan eramatea. Baina horrek, era berean, zalantza edo galdera bat planteatzera narama: Gipuzkoako herri askotan rapa egiten dutenek zergatik egiten dute gaztelaniaz? Ez dut ulertzen. Horregatik diogu “euskaldun berria saiatzen ari da”. Zergatik euskaldun zaharra ez?
Maisha MC: "Rapa poliki sartzen da, baina elektronika tiro bat da"
‘Hirian’: “Hirian argiak amatatu egin dira”. ‘Baraka’: “Barakaldo zikinean nintzen jaioa”.

Ni Barakaldokoa naiz, baina oso lotuta nago Bilbo hirira, eta bietan iluntasun handia dago. Hiri ilun eta grisean bizi bazara, burua kanpora eraman behar duzu zure errealitatea aldatzen saiatzeko, eta horretarako bi modu daude: bidaiatzea eta sortzea. Hirugarren bidea drogak izan daitezke, baina guk sormenaren bidea hartzea erabaki genuen, musika eginez Barakaldo eraldatzen saiatzea, bai musikaren arloan zein euskararenean. Izan ere, kontrakoa uste den arren, gero eta jende gehiagok erabiltzen du Barakaldon euskara. Eta hori gure esku dago, hiriko irakasleon, tabernarion, raperoon esku. Gainera, biztanleen gehiengoa etorkinak dira, eta prozesu oso polita litzateke hiria euskalduntzea, Barakaldo etorkin euskaldunen hiria izatea.

Orain arteko zuen arrakastarik handiena, ‘Guztiok bat… euskal rap! Mixtape Vol 1’. (MusikHerria, 2009) bilduman kaleratutako ‘Gora Baraka, behera Neguri’ abestia izan da. Gaur egun ere oraindik ezkerraldearen eta eskuinaldearen arteko ezberdintasunak existitzen dira?
Jendeak ezetz esango du, baina bai, argi eta garbi. Ez da berdina Neguritik paseatzea, edo Barakaldo edo Sestaoko auzo batzuetatik paseatzea. Industrializazioak utzitako ondorioak dira horiek; ingeniariak eta Bilboko burgesia eskuinaldeko gune batzuetan batu ziren, eta langileria guztia ezkerraldean. Gu horien seme-alabak gara, horien oinordekoak. Eta ezberdintasunak ikusten dira, adibidez, jendea Barakaldon baino politagoa da Negurin, hori horrela da. Genetikoki ezaugarri batzuk mantendu egin dira, elikadura hobea izan dute mende oso batez… eta ondorioz, ezberdinatsunak oraindik nabariak dira. Gauzak aldatzen doaz, baina oraindik badaude ezberdintasunak.

‘Farenheit 451’ kantan flamenko doinuak ageri dira nabarmen. Rapean ere mestizajea gero eta ohikoagoa da?
Bai, eta normala da, gure gizartearen isla da hori. Barakaldon, eta ezkerraldean oro har, ijito komunitatea oso handia da, eta guk baditugu lagun ijitoak. Kantan abesten duena adibidez, Gustavo, ijitoa da, eta bere laguntzarekin bi musika estiloak fusionatu nahi izan ditugu. Abesti hori Barakaldoren argazki bat dela esango nuke.

‘EH komantxe’: “…nire amonak ulertzen ez duen hizkuntza; baina hizkuntza ez dira geneak, bizipenak dira”.
Etorkinak batez ere hirietan kontzentratzen dira, eta eurengana hurbildu eta euskararen zein Euskal Herriaren xarma transmititzeko ahalegina egin behar dugu. Nik etorkin asko ezagutzen dut, magrebiarrak, senegaldarrak, hego amerikarrak… eta heltzen direnean sarritan ez dakite euskara zer den, ezta Euskal Herria zer den ere. Ikusten duten bakarra da kartelak bi hizkuntzatan daudela. Gure eskuetan dago euskarara hurbil daitezen laguntzea, eta eurek erabaki dezatela. Ez dugu inor derrigortu behar, baina gure buruaz harro egon behar gara, eta tematiak izan, jende hori euskarara erakartzeko.

‘Kantuz’ abestian, bertsoak eta trikitixa ageri dira. Bertsoak eta rapak antzekotasunak dituztela esango zenuke?
Horri erantzuteko, ohiko rapa eta raparen freestylea ezberdindu behar dira. Azken horretan badago inprobisazioa, eta beraz, badu neurri baten bertsolaritzarekin zerikusirik. Hala ere, ez dakit zergatik, freestylean irainak, oilar-borroka deritzen aurrez aurrekoak eta antzerakoak izan dira arrakastatsuak, eta horiek ez datoz bat gure filosofiarekin. Bertsolaritzarekin lotzeko rap mota hori da erakargarria, eta bere momentuan ohartu ginen gure bidea ez zela hori, gurea ez zela inprobisazioa, homofobia, matxismoa eta antzerakoak gailentzen direlako. Gu horien kontra gaude, guztiz. Hala ere, nik esperimentu bezala Aritz Sound Systemekin Bertso-hop egitasmoan parte hartu nuen, eta oso gustura aritu nintzen. Are gehiago, lehenengo aldiz, euskal kulturaren parte sentitu ginen raperoak bertsolariekin eszenatoki gainean egonda.Maisha MC: "Rapa poliki sartzen da, baina elektronika tiro bat da"

‘Piratak’: “Zuen banderan femurrak, burhezurrak; bankuak dira orain piratak, lapurrak”. Rapa injustizien kontrako salaketa egiteko espresiobidea da?
Gure kasuan bai. Rap komertzialagoa eta makarragoa ere existitzen da, baita Euskal Herrian ere, baina ez euskaraz. Pertsona bakar batek herrialde oso bateko biztanleek baino diru gehiago duen mundu batean bizi bagara, ezin gara geldirik egon, isilik egon, zerbait egin behar dugu. Gainera, langile auzo batetik etorrita, baliabideak eta laguntzak denontzat izan behar direla exijitu behar dugu. Euskal Herriko Anek eta Zambiako Ibtisamek aukera berdinak izan behar dituzte, eta hori ikusi arte ezin gara isilik egon.

Rapak sorterri duen AEBetara begiratzen badugu baina, badirudi hango rapak gaur egun lotura gutxi duela auzo txiroekin?
Hala da. Rapa AEBetatik dator, hango gune txiroetatik, baina egia da azken urteetan guztiz prostituitu dela. Negozioaren bidetik jo dute, kotxe garestiak, bideoklip ikusgarriak… sustraietatik aldenduz. Esan genezake han rapa aberatsen musika bihurtu dela. Gurera etorrita, gaur egun Bilboko ezkerraldean rapa egiten da, eta eskuinaldean aldiz reggaea eta hondartza-doinuak jotzen dituzte, rapa oso gutxi.

Rapaz gain, Patrol Destroyers taldean musika elektronikoaren aldeko apustua egiten duzu.
Rapa maite dugu, baina estilo askotako musika entzuten dugu, eta horien artean dago dubstepa. Berba teknikorik erabili gabe esateko, dubstepa musika elektroniko gordin eta zoroa da. 2011n wobble bass oinarriak nola egiten ziren ikasi eta taldea sortu genuen. Hawa DJ aka LemmonHead DJ eta neu gara ekoizleak, eta Rufoh Beatbox ere kide dugu. Patrol Destroyersek bi zutabe ditu. Alde batetik, jaia eta ondo pasatzea, euskal gazteek, munduko gainontzeko gazte guztiek bezala, ondo pasatzea merezi dutelako. Eta bestetik, euskal nortasuna.

Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en

Maisha MC: “Rapa poliki sartzen da, baina elektronika tiro bat da”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.