Maialen Sorzabalbere: “Ondo dago mesedeak egitea baina neurri bateraino”

Maialen Sorzabalbere [ELKARRIZKETA] –

Maialen Sorzabalbere (1996) donostiarrari elkarrizketa. Euskarazko hainbat proiektutan lanean dabilen sortzaileak, zertan dabilen eta bere egoera pertsonala nolakoa den kontatu du.

Zein zara eta zer egiten duzu?

Maialen Sorzabalbere: "Ondo dago mesedeak egitea baina neurri bateraino"

Maialen Sorzabalbere naiz, 25 urteko gazte donostiarra. Gidoilaria naiz, azken urtetan Go!azen 7.0, Etxekoak, Herrikoak, Larru Gorritan, Save The Three, Hau ez da niretzat eta beste hainbat proiektutan egon naiz. Barrexerkan ere dihardut 2018tik, aktore, gidoilari eta zuzendari lanetan. Eta duela gutxitik Polaina podkastean ere.

Sortzaile izatea prekarioa da? Prekarietatea gazteen artean, zuk nabari duzu?

Oso, baina OSO! Eta bereziki gazteen artean. Nire kasuan adibidez, bi proiektu desberdinetako soldatak zor dizkidate oraindik. Batean 3 hilabete egon  nintzen gidoilari lanetan, bestean 6. Oraindik ez dut zentimorik ikusi, ez batean eta ez bestean. 25 urte ordez, 45 edukiko banitu ziur nago egoera oso desberdina izango zela. Gauza batzuk oso normalizatuta ditugu, eta ez litzateke horrela izan behar. Kultura hobeto baloratzen hasi behar gara, ni barne. Askotan ni izan bainaiz ni sortzen aritutakoa baloratu ez duen lehena. Ondo dago mesedeak egitea baina neurri bateraino. Ze konturatu orduko, orduak, egunak, hilabeteak eskaini dizkiozu mesede horri. Inplikazio hori musutruk izan da noski. Eta onartzen dut horrelakoetan mugak jartzea kosta egiten zaidala. Baina guk geuk jarri ezean, ez ditu inork jarriko.

Barrexerkaren sortzaile zara, hiru urte egin duzue: Zortzi emanaldiren ostean (horrek funtzionatzen duela iradokitzen du) Nola lortu duzue hori? Zer aldatu duzue, zer egin duzue berria?

Egia esan Barrexerka sortu zenean asmoa emanaldi bakarra egitea zen. Lehenengo emanaldi hura egin ostean jendea hurrengoa noiz izango zen galdezka hasi zitzaigun. Guk noski, planteatu gabe genuen beste emanaldi bat egitea… ondo baloratu eta bigarren emanaldi bat sortu genuen. Eta harrera zoragarria izan zuen ere. Eta horrela gaur arte. Sortu dugun emanaldi bakoitza desberdina izan da, hau da, emanaldi bakoitzerako esketx, antzerki eta bakarrizketa berriak sortu ditugu. Emanalditik emanaldira zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez baloratu ahal izan dugu, eta horrela hobetuz aurrera jarraitu.

Berez, aldatu aldatu… Edukiak. Hiru hilabetez egoten gara sortze eta grabaketa prozesuan. Esketx, antzerki eta bakarrizketa berriak sortzen. Eduki horiek dira aldatzen diren gauza bakarra. Barrexerkaren eskemak edo egiturak berdina izaten jarraitzen du 2018tik. Eta partaideak ere berdinak gara. Lehenengo bakarrizketatxo bat egin ohi dugu Mikel eta biok, ondoren esketx batzuk proiektatzen ditugu, gero antzerki bat, esketx gehiago, beste antzerki bat, esketx gehiago, beste antzerki bat eta konturatu orduko ordubete pasa da.

Nola sortzen da zerotik Barrexerka bat?

Ba gure adin tarterako zerbait berria sortzeko gogo, ilusio eta motibazioak bultzatuta. Antzerki munduan ibilitako eta geldirik egoteko gogo gutxi genuen gazte saltsero batzuk elkartu eta abentura berria diseinatzen hasi ginen. Horrek eskatzen zuen lan eta inplikazio guztiarekin. Inguruan kontatu eta jendeak interesa zuela ikusteak bidea egiten jarraitzera animatu gintuen gaur arte. Bide horretan zehar kolpe asko jaso ditugu ere, baina ezinbestekoak dira. Horrelakoetatik ikasten baita.

Hainbeste gorabeheren artean atsedenaldi moduko bat da kontzertu batera, zinera edo antzerkira joatea.

Maialen Sorzabalbere: "Ondo dago mesedeak egitea baina neurri bateraino"

Maialen Sorzabalbere: "Ondo dago mesedeak egitea baina neurri bateraino"

Martxoaren azkeneko asteburuan emanaldia izango duzue eta Sold Out egin duzue, zein uste duzu dela gakoa?

Ba gaur egungo egoerak asko eragin duela esango nuke. Hainbeste gorabeheren artean atsedenaldi moduko bat da kontzertu batera, zinera edo antzerkira joatea. Gure asmoa ere hori da, jendeak Gazteszenan deskonektatzea eta barre egitea nahi dugu, ordu batez bada ere.

Bestalde, Barrexerkak nahiko publiko leiala lortu du. Azaroan egin genuen azken emanaldia Antzoki Zaharrean: “Barkatu Eragozpenak”. Emanaldi horrekin jarraituko bagenu, Antzoki Zaharrean egon zen publikoa ez litzateke berriro etorriko. Baina aipatu bezala, emanaldi bakoitza berria denez, Antzoki Zaharrean egondako publikoaren zati bat berriro etorriko da. Publiko jakin bati 4-5 hiletik behin emanaldi berri bat eskaintzen diogu. Eta horrek ere asko egiten duela uste dugu.

Nondik ateratzen duzue umorea? Zein da umorea topatzeko nitxoa.

Ba egunerokotasuneko tontakerietatik egia esan. Gaur egungo gazteok bizitzen ditugun egoerak hartzen ditugu abiapuntutzat ere. Gu gazte izanda erraza da ingurura begiratu eta esketx edo antzerkietarako materiala lortu eta sortzea. Askotan ere antzerki eta esketx askotako pertsonaiak gutako batengan daude oinarrituta.  Barrexerkako kide guztiak oso lagunak gara, oso ondo ezagutzen dugu elkar. Eta asko bazilatzen diogu elkarri. Horrek atmosfera oso lagungarria sortzen du umorea sortzeko. Eroso baikaude bertan.

Umorea sortzerako orduan nabari duzue neke pandemikoa? Espero dugu ezetz!

Blokeo momentuak eduki izan ditugu noski. Ez dakit pandemiagatik den edo jada emanaldi, esketx eta antzerki asko sortu ditugulako eta berriak sortzea geroz eta zailagoa izan daitekeelako. Normala da.  Zaila baita gako eta eskema asko ez errepikatzea. Oraingoz, hala ere, ideia asko ditugu datozen emanalditarako, beraz honek aurrera jarraitzen du denbora batez behintzat!

Animo eta segi horrela!

“Ondo dago mesedeak egitea baina neurri bateraino” Maialen Sorzabalbere