Mª Pilar Azedo, Oihanederreko andere ilustratua

Mª Pilar Azedo –

Euskal Herrian izan dira era guztietako historia eta pasadizoak, gerra garaikoak eta bake girokoak, itsasoan gertatutakoak edo lehorrean izan zirenak, maitasunezkoak eta gorrotozkoak, gorriak eta beltzak. Horietako batzuk ezagunagoak ditugu besteak baino. Zoritxarrez, Oihanederreko markes anderearen historia argi-ilunetan atxikirik iritsi zaigu.  Ikus dezagun:

Mª Pilar Azedo

1.- Haur eta gazte denborak

Maria Pilar Azedo Sarria 1874ko martxoaren 10ean sortu zen Gipuzkoako Tolosa herrian. Aita Jose Manuel Azedo Atodo Etxauzko bigarren kondea zuen eta ama, berriz, Luisa Sarria Villafañe. Aipatu senar-emazteek bi alaba izan zituzten, eta Maria Pilar zaharrena zen, beraz, etxeko prima edo oinordekoa. Nobleziako alaba izanki, zegokion heziketa berezia izan zuen gazte-gaztetik. Mintzairak ikasi zituen eta euskaraz gain, beste bost hizkuntza mintzatzera iritsi zen.

1800. urtean, hamasei urte, besterik ez zituela, gurasoek ezkondu zuten hogeita hamahiru urte zituen Ortuño Agirre Del Corral Oihanederreko VI. markesarekin. Oihaneder jauregia Gasteizen zegoen, nahiz eta ordurako Montehermoso deitzen zuten, eta Ortuño Agirre Arabako Ahaldun Nagusia zen. Ortuñok aitarengandik heredatutako izugarrizko liburutegi handia zuen, eta baita artelanez mukuru zen areto zabala ere. Bai Ortuñok eta bai bere aitak ideia ilustratuak zituzten, garai hartan Hegoaldeko Euskal Herrian, jauntxo eta agintarien artean, ilustrazioaren eragina guztiz zabaldua baitzen. Liburutegian frantsesez idatziriko liburu ilustratu aunitz omen zituzten.

Mª Pilar Azedo etxe eta giro horretan murgildu zen bete-betean. Kultura maila handiko emakumea zen, ederki mintzatzen zen frantsesez eta italieraz, bertsoak ere egiten zituen bi hizkuntza horietan, gitarra jotzen zuen eta miniaturak margotzen zituen.  Mª Pilar Azedo eta Ortuño Agirrek Amalia izeneko alaba izan zuten.

Mª Pilar Azedo
Oihaneder jauregia. Gasteiz

2.- Napoleonen armadaren etorrera

1796. urtetik, Espainia eta Frantzia aliatuak ziren eta Portugali gerla egitera zihoazela argudiatuz, 1807ko urrian, Napoleonen armada Espainiako lurraldeetan barna sartu eta zabaldu zen espainiar agintarien baimenaz. Hori izan zen Napoleonek erabili zuen jukutria Espainia konkistatzeko. Espainiako Fernando VII.ak, Baionan preso zegoela, koroa utzi behar izan zuen eta bere ordez, Napoleonek bere anaia, Jose I.a, ezarri zuen Madrilen errege. Urte berean, madrildarrak matxinatu ziren eta orduz geroztik Jose I.ak ez zuen bere burua Madrilen seguru ikusten. Horregatik 1808ko irailaren 22an, Gasteizen finkatu zuen bere gortea. Horretarako Gasteizen zegoen eraikinik ederrena hautatu zuen, hau da, Oihaneder jauregia. Bertako markesek 300.000 liberatan saldu zioten, biziki prezio handian. Napoleonek erran omen zuen, ezta markes anderea barruan egonik ere, jauregi horrek ez zuela hainbeste balio.

Mª Pilar Azedo

Euskal agintari gehienak frantses ilustratuen aldekoak ziren, eta euskal lurraldeetarako autogobernu bide berriak lortzen saiatu ziren, beti Napoleonen Inperioaren barruan. Oihanederreko markesak ere enperadoaren aldekoak ziren eta berehala harreman estuak finkatu zituzten Jose I.arekin. Honek, markesen jarrera saritu nahian, Ortuño Agirre Ganbarako aitor-seme eta Espainiako handiki izendatu zuen. Jose Bonaparte erregeak, jauregian zela, Mª Pilar Azedoren zerbitzari batekin harremanak izan zituen, eta markes andereak hori jakin zuelarik, erregeari erran zion maila handiagoko emakume bat behar zuela. Orduz geroztik, erregeak, markes anderearen mezua ongi ulertuta, Mª Pilar maitaletzat hartu zuen, azken honen senarraren baimenaz.

1811ko maiatzaren 6an, Jose I.a eta Oihanederreko markes jauna Parisera abiatu ziren, Napoleonen semearen bataiora. Ortuño Agirre makal zebilen, ondoezik,  eta ezin hobetuz, ekainaren 8an, hil zen. Jose I.a, Parisetik itzultzean, Gasteizera joan zen eta hortik gutxira Madrilera zen abiatu, berarekin batera, markes anderea eramanez. 1813ko martxoan, frantsesentzat egoera  okertzen ari zela eta, Mª Pilar Azedok Madrildik alde egin behar izan zuen, guztiz presatuta, Jose Bonaparteren zerbitzuan jardun ziren gizon-emakume guztiek bezala. Wellingtonen armada hurbiltzen ari zitzaiola eta, Jose Bonapartek berak ere ihes egin behar izan zuen ekainaren 2an, eta hilaren 19an iritsi zen Gasteizera. Hantxe elkartu zen, berriz ere,  Oihanederreko markes anderearekin. Ekainaren 21ean, Gasteizko Guduan, frantsesak galtzaile atera zirelarik, Gasteiztik alde egin zuten betiko.  Markes andereak Amalia alaba amonaren ardurapean utzi  eta Frantziara abiatu zen ihesean.

Mª Pilar Azedo
Gasteizko Gudua / 1830eko maiatzaren 2a

4.- Erbestea Biarnoko lurretan

Wellingtonen armadatik ihes egitean, Oihanederreko markesak Behe Pirinioetako Barèges herrian finkatu zen, eta hortxe, bere inguruan gorte ttipi bat eratu zuen. Berantago, Jose Bonaparterekin zituen harremanak amaitzean, Aimédée Carabène izeneko ofizial frantsesarekin ezkondu zen  eta Parisen bizi izan ziren, hiriaren inguruetako landetxe batean. Senarra erretiratzean, Biarnora aldatu ziren, Orthezetik gertu zegoen Carresseko jauregira eta hor bizi izan ziren zendu arte.

Aipatu herrian biziki oroitzapen sakona utzi zuen, hilero herriko jende umilarendako sendagilearen eta farmazialariaren zerbitzuak ordaintzen baitzituen. Herriko eskola ere diruz lagundu zuen, diskrezio handiz, eta isilpean. Euskara zen bere ama-hizkuntza eta izugarri maite zuen, euskaldunekin beti euskaraz eginez. Amalia alaba maiz joaten zitzaion bisita egitera, eta beti-beti euskaraz egiten zuten. 1869an Oihanederreko markes anderea zendu zen eta Amalia alabak titulu eta ondasun guztiak heredatu zituen.

Carresseko jauregia. Biarno

5.- Gogoeta modukoa

Ikusi dugun bezalaMª Pilar Azedo noble ilustratua izan zen, kultura handiko emakumea. Euskaraz gain, beste bost mintzairaz mintzatzen zen, gitarra jotzen zuen eta olerkiak egiten zituen. Bere aterpean izandako hainbat pertsonak idatzi zutenez, jakin badakigu, bertsoak eta olerkiak egiten zituela, eta frantsesez eta italieraz kantatzen edo errezitatzen zituela gonbidatuen aitzinean.

Oihanederreko markes anderea arras euskalduna zen, familiakoekin eta gainerako euskaldunekin beti euskaraz egiten zuena. Horrela izanda, ez al da pentsatzekoa euskaraz ere zerbait eginen zuela? Guztiz logikoa da. Bertsoak, olerkiak, gutunak… beharbada, baliteke. Eta non daude bere idazlanak? Non geratu ziren? Oihanederreko liburutegian? Carresseko jauregiko artxiboan?  Ez du ematen irabazleek Oihaneder jauregiko liburutegia errespetatu zutenik. Surtara botako zituzten bertan ziren liburu ilustratu guztiak, eta horien artean, ziur aski, familiaren artxibo pertsonalak eta Mª Pilarren idazki guztiak.  Gaur Oihaneder Jauregia Gasteizko Euskararen Etxea da, haren jabea izan zen emakume euskaltzalearendako ohore handia, ziur. Baina, zer gertatu zen Carresseko jauregiko artxiboarekin? Hor ere zerbait izanen zelakoan nago.

Agian, egun batez, Mª Pilarren euskarazko hainbat olerki eta bertso agertuko zaizkigu. Eta zergatik ez? Nork daki!

Mª Pilar Azedo  Mª Pilar Azedo  Mª Pilar Azedo  Mª Pilar Azedo  Mª Pilar Azedo  Mª Pilar Azedo  Mª Pilar Azedo  Mª Pilar Azedo  Mª Pilar Azedo

Euskaltzalea eta irakasle-ohia