Lurra sustraietatik orri

Lurra sustraietatik orri –

Euskal Herriko udak nekez eskainiko dizu Eako Poesia Egunetakoa baino hitzordu atseginagorik!, bertan bildutakoen artean sortzen den giroagatik, oso poesia zalea izan barik ere ondo gozagarria. Aurten, «Lurra sustraietatik orri» leloa dute 15. urtemuga duen bihartik etzidamura arteko literatur ekimenak.

Lurra sustraietatik orriHitzaldiak hiru izango dira, bat iluntzean eta bi goizez: Amaia Elizaldek “Jon Miranderen (H)aur besoetakoa (1959-…), nondik eta nora?” hartuko du ahotan, uste baino muga gehiago zeharkatu dituen obra; Ibai Atutxak “Bestelako lurralde, intimitate eta euskal herritarrak egungo literaturan” izango du mintzagai,  besteak beste Bihotz handiegiak, Jenisjoplin eta Azala erre aztertuz; eta Mari Luz Estebanek “Lurra, animaliak, emakumeak: Desokupazio-ariketa 5 ekitalditan” jorratuko du, errealitatean, fikzioan eta utopian barrenduta.

Antzerki eta dantza emanaldiak, bana. Mizel Théret dantzariak Mikel Laboaren lanik esperimentalena hartuko du sormenaren abiapuntu, Lekeitioak, oihu dantzatu bat taularatzeko. Eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak, hamar urte bete dituen honetan, ikuskizun berezia prestatu du propio Ean bertan uztailaren 9tik 13ra sortu eta biharamunean eszenaratzeko, Zanbuia!

Poesia errezitaldiak, bi. Bata Martin Bidaur, Itzulera, eta Juanjo Olasagarre, Ia hemen, poeten ahotsean; laguntzaile Eneritz Artetxe antzezlea eta Trizak jazz hirukotea dituztela (Jon Piris, Hasier Oleaga eta Julen Izarra). Bestea Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo, Ane Garcia eta Josu Landaren eskutik, Parrapean, Violeta eta Nicanor Parra neba-arrebak gogoan.

Musika emankizunak hiru, bi gauez eta bat eguerdiz, hirurak emakumeak. Miren Narbaiza MICE-k giro lanbrotsu atmosferikoak, kantu argitsu eta dantzagarriak nahastuko ditu; eMe-k (Nora Izagirre, Haritz Harreguy eta Ruben Caballero + Ean, Oier Guillan) sintetizadoreak eta programazioak nagusi dituen pop elektronikoa joko du; eta La Basu hip-hop kantariak rap, dancehall eta electro-swing doinuak, Ni naiz izotz erregina aurkeztuz.

Lurra sustraietatik orri

Lurra sustraietatik orri