LOTSAGABEAK ETB1en. Zein dira arduradun?

LOTSAGABEAK ETB1en. Zein dira arduradun?Joan den astean zen (22an dio sarean), gau aldea, telebista zappinga, ETB1, psikologia kontuez ari den programa. Interesgarri izan liteke. Depresioaren gainean itxuraz. Elkarrizketatu guztiak ordea espainolez euskarazko katean, euskaraz azpidatzita itzulpena. Detaile bat? Ala trufa beste barik? Nik burla sentitu nuen. Baina orduan ezin izan nuen hasieratik ikusi, eta ez nekien. Orain ikusi dut osorik EITB sareko NAHIERAN.

Lotsagarria. Produkzio propioa. 40 minutu pasak. EAEko 3 mediku, 2 psikiatra, familia-mediku bat, 4-5 gaixo depresibo, 10 bat lagun identifikatu gabeak kalean zuzenean galdekatuak, eta aurkezlea. Programa, espainolez hasten da psikiatra baten azalpenekin, eta espainolez bukatzen da gaixo depresibo batekin. Aurkezleak sarrera txiki bat egiten du hasiera aldean euskaraz, 40 segundo. Beste 20 segundoko labur bat ere amaiera aurretik. Biak itxuraz bikoiztuak jatorrizkotik. Bitartean ia 40 minutu osorik espainolez ETB1en. Ez daukazue agidanean nahikoa kate espainolez. Espainoldu behar diguzue / nahi diguzue gure euskal kate dekanoa.

Euskal Herrian bertan ekoitzitako programa. Ez daukagu nonbait familia mediku euskaldunik Euskal Herrian, euskaraz galdekatzeko, bere paziente depresiboen inguru. Ez daukagu psikiatrarik Euskal Herrian, depresioaz euskaraz aritzeko dibulgazioan. Ez daukagu dirudienez gaixo depresibo euskaldunik Euskal Herrian euskaraz hitz egin lezakeenik (ezta aurpegia erakutsi gabe ere, paziente espainoldunetako bat ageri den bezala). Eta batez ere ez daukagu kalean hamar lagun euskaraz egin lezakeenik bere iritzi arrunta emateko tristeziaz, depresioaz…

ETB2n ere eman bide zuten, ez dakit euskaraz azpidatzia. Baina ezetz usteko nuke, eta apustu egingo nuke aurkezlea ere espainol garbian entzun zela orduan, eta ez espainolez azpidatzia. ETB2n ez da nonbait itxura inor euskaraz entzutea. Diot.

Euskaraz egin lezaketen medikuak, gaixoak, herritarrak aurkitzeak lan gehiago eskatzen bide du, kostu handiegia antza krisi garaiotan. Zer dugu hobe euskaldunok espainolez ongi trebatzea baino? Ez da zabarkeria. Errespetu falta da. Hizkuntza inposaketa. Espainolarena.

Azpidatzia emateko, mila aldiz programa hobeak daude ingelesez depresioaz, eta edozer gauzaz ere, gero euskaraz azpidatzi litezkeenak. Ingelesean trebatuko ginateke, munduan ibiltzeko benetan behar dugun hizkuntza.

Edota bertako ikuspegia eman nahi zeniguten? Eta orduan, soilik EAEko espainoldun euskara gabeen, euskara baztertzaileen, testigantzak erakutsi nahi dizkiguzue ETBn? Mundu elebakar eta baztertzaile hori bakarrik? Eta bide batez, euskaldunoi behin eta berriro erakutsi, ez garela benetan existitzen, ez garela fikzio bat baino, sinistuta gauden eldarnio eroa. Bikoiztu ere ezin zenuten egin, itxura egiteko izanda ere? Inperioko hizkuntza entzunarazi ere egin behar diguzue guztien gainetik?

Hori ez da euskaldunoi errespetua. Hori da, zuek ere, are gehiago inposatzea bestela ere alde guztietatik itotzen gaituen hizkuntza espainola, itotzen gaituzten hiztun espainolak. Gure arnas txoko euskaldun eskasetara ere, espainola sartzen. Hori ez duzue inposizio juzgatzen? Inposizioa da bakarrik, guk eskatzea, lurralde honetako hiztun guztiek euskaraz ere jakitea, ikastea, guri errespetuz, ezta? Espainolek gu behartzea espainola jakitera, behartzen gaituzten bezala, Espainiako Konstituzioak derrigor behartzen gaituen bezala?

Zergatik, Blanka Urgell? Zergatik, Lurdes Auzmendi? Zergatik Patxi, Lopez?

Horrela segitu behar duzue ZAINDU programaren hurrengo ataletan? Ez diezue gutxieneko ETBkoei bikoizteko eskatuko? Soilik EAEko espainoldun elebakarren testigantzak izanda ere, guk gutxieneko gure hizkuntza entzun ahal izan ditzagun?

Zuen erantzunaren zain, haserre agurtzen zaituztet.

LOTSAGABEAK ETB1en. Zein dira arduradun?

4 pentsamendu “LOTSAGABEAK ETB1en. Zein dira arduradun?”-ri buruz

  • Jon Agramont 2012-03-30 10:56

    Atzo Iñaki Gabilondo espainolak kriston astakeriak esan zituen euren “gerra zibilaren” inguruan euskaldunon aurka: Franco hil eta %64a CAVen zela erdeldun helebakar eta, zergatik identifikatzen zela orduan “lo vasco” euskerarekin? HORI, EUROPA ZIBILIZATUAN: ETNOZIDIOAREN APOLOGIA DA, HONEK DIRA ESPAINIAR “SOZIALISTAK”? ORDUAN, NAHIAGO DITUT BETIKO ESPAINIAR FASZISTAK, HORREK EZ DIRA ITXURAKERIAREN ATZETIK IZKUTATZEN

    Iñakiren beste astakeri bat (pila bat bota zituen barra barra): euskaldun bat “nazi”-en aldekoa zegoela ¡bat!! (zuberoako Jon Mirande-gatik Paristik, orduko LAN DEIAn -ELA-STV- kontra ondo erantzun ziotena baina!!!), eta hori ez zela euskaldun bezala ikusten…baina Iñaki…zenbat espainol zeuden nazi-en alde: milloika, zuen “nacional” guztiak!!!!! eta horiek????…gainera kontradiktorioa da: CAVen nazien alde bazeuden ere: ESPAINIAR NAZIONALISTA GUZTIAK, Gabilondo bezelakoak.

  • Jon Agramont 2012-03-30 11:27

    Gabilondoren beste bat gogoratu dut: euskaldunak ahalegindu ginela etorkin espainolei euskera irakasten gau eskoletan eta ikastoletan…adotrinamendu politikoa zela insinuatuz!! Espainol batek!! Mundu erdiari bere hizkuntza inposatu digun batek!! flipantea izan zen, surrealista dokumental osoa.

  • Atzo ikusi nuen lehen aldiz Gabilondok aurkeztutako dokumental hori, eta benetan asko-asko-asko flipatu nuen. Gauza bat da kutsu “sozialista” izatea, eta beste bat horren modu manikeo eta superfizialean botatzea hainbat eta hainbat gauza.
    Norbaitek esplikatu beharko lieke hemen abertzaletasuna eta euskaltasuna existitu izan direla Oteiza cromlech batekin aluzinatzen hasi baino askoz ere lehenago.
    Sentimentu identitarioa (arbuiagarria) beti euskal identitatearekin bakarrik lotzea, sentimendu horren oinarriak ridikulizatzea eta, adibidez, PNVren papera bi lerro soil eta oso traketsean “esplikatzea”….
    Maila oso eskasa iruditu zitzaidan, eta Gabilondoren papeloia ikaragarria.

  • han clinton!