Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma

Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma –

Lope Martinez Isastiren atsotitz bildumaLope Martinez Isasti Lezoko semea zen, zenbait ikertzaileren ustez 1560an sortua. Badira datu hau ziurtzat ematen ez dutenak eta 1570ean sortu zela diotenak. Haren familia ondoko Errenteriatik joana zen eta Lezo Haundia izeneko etxe noblean bizi ziren. Leinu handiko sendia zen. Familia honetakoak izan ziren Onofre Nagusia –Loperen aita-, Ofizio Santuko kidea eta  Administrazio Publikoko karguduna izan zena; Onofre Ttikia, Santiagoren Ordenako zalduna, Erregearen ontzi eta galeoietarako hornidura eta materialen gordelari eta zaindaria; eta Joanes Pasaiako, Errege Ontzigintzako komisarioa izan zena.

Lopek ez zuen familiatik zetorkion ontzigintzarako bidea hartu, eta apaiztu zen. Apaiz ikasketak burutu zituen eta teologian doktore egin ondoren, Lezoko San Joan Bataiatzailearen Parrokiako presbitero izatera iritsi zen. Luma arloan ere ospetsua izan zen. Bi liburu idatzi zituen, biak erdaraz. Ikus ditzagun:

1.- Lope Martinez Isastiren  liburuak

Lehenengoak “Compendio historial de la M.N. y M.L. provincia de Guipuzkoa” izena du eta 1625. urtean idatzi bazuen ere ez zuten 1850. urtera arte argitaratu. Biziki liburu mardul eta oparoa. Historiaren aldetik, hutsune nabarmenak dituen arren, datu interesgarriak eskaintzen dizkiguna, eta hortxe, era guztietako gertakizun historikoen artean, euskarazko atsotitz bilduma eder bat topa dezakegu. Osora 85 atsotitz.

Bigarren liburua oso bestelakoa da eta Inkisizioak eskaturik, Euskal Herriko sorginez egindako txostena da. “Relación que hizo el Doctor D. Lope Martinez de Isasti, presbítero y beneficiado de Lezo, que es en Guipuzcoa, acerca de las maléficas de Cantabria, por mandato del Señor Inquisidor Campofrío de Madrid”  izenaz bataiatu zuena. 1618an idatzi zuen eta gaur Madrileko Liburutegi Nazionalean gordeta daukate.

Liburu horretan, inolako kutsu historikorik gabe eta errealitateari muzin eginez, haren belarrietara iritsitako txutxu-mutxuen eta kontu xelebreen erlazioa eta azalpenak egiten ditu. Liburuan erraiten duenez, Lezoko Gurutze Sainduak sendatzen omen zituen aztikeria eta sorginkerietan ibiltzen zirenen arima galduak, hala eta guztiz ere, barkamena ez zitzaion aski iruditzen, eta txostenean zehar, behin eta berriz, eskatzen du Inkisizioaren su garbitzailea. De Lancre hiltzaileak Lapurdin egindakoa eredu gisa harturik, gauza bera eskatzen du Gipuzkoarako.

Zorionez, ez du ematen garaiko agintari erlijiosoek jaramon handirik egin ziotenik. Txostena guztiz txepel eta funsgabea da, egilearen fanatismoaren berri garbia ematen diguna. Haren ustez, Gipuzkoa galbidean zegoen, sinesmen zaharrak eta sorginkeriak arrunt hedatuta baitzeuden, eta horregatik inkisidoreen lana eskatzen zuen gipuzkoarren arimak infernuko garretan ez zitezen betiko galdu.

Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma

 2.- Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma

Lope Martinez Isastik egin digun ekarpen ederrena, zalantzarik gabe, 86 atsotitz biltzen dituen bilduma da, lehen liburuaren barruan plazaratu zuena. Horixe izanen da orain lerro hauetara, gaurko grafiaz idatzirik, ekarriko duguna.

 

1.- Haitzean jaioak haitzera nahi.

2.- Agoak (burdinazko masa goria),bero deino, salda.

3.- Alaba gaizki ezkondua etxera bihur.

4.- Alperrik nekatu baino, hobe da geldirik egon.

5.- Amorezko ezkontzea, dolorezko bizitzea.

6.- Amuarraia amutik eta arkumea larrutik.

7.- Haritz eroriari orok egur.

8.- Hartu-emanak du gustua.

9.- Asko daki zaharrak, erakutsi beharrak.

10.- Atean uso, etxean otso, hala bizitzen gaizto.

11.- Aukeraren maukera, azkenean okerra.

12.- Balizko olak burnia gutxi.

13.- Batek mila balio eta milak batere ez.

14.- Behar-egile gaiztoa, erakusle on.

15.- Beharrik igesi Castrora, han ere beharrik asko da.

16.- Begiak buruan jakintsuak eta eroak oinetan.

17.- Behiak on du larrea, hobeago jabea.

18.- Buztana lastozkoa duena, suaren bildur.

19.- Zahietan zur eta irinetan ero.

20.- Kartari karta eta burniari dirua.

21.- Txindurriari ateratzen zaizkionean hegoak, galdu ohi ditu gorputza eta besoak.

22.- Zura beherago, harra barrenago.

23.- Dakienak lan egin dezake, ez dakiena leher daiteke.

24.- Darraioarentzat da ehiza.

25.- Diru gabeko handitasuna, su gabeko bartzuna.

26.- Ezin egina harria baino gogorrago, harriari mailuaz ere baledeko.

27.- Egokia hartzari zetazko beloa.

28.- Egiok egileari eta emaiok emaileari.

29.- Eliza zegienak aldarea, aldareak zegiena abadea.

30.- Erle joanak eztirik ez.

31.- Herrik bere lege, etxeak bere ohitura.

32.- Errota onari bihia.

33.- Eskeak solasa galdu.

34.- Pakea ez da diruz erosia.

35.- Gauza gordea, urre gorri.

36.- Gauza zaharra, bera larra.

37.- Gaizki jan eta gaizki lan.

38.- Gogoa mihiak salatu.

39.- Gorrak hitz gaitzari lehia.

40.- Goiz gorri euri dadin. Arrats gori eguraldi.

41.- Gorrotoa bilau huts.

42.- Gero dioenak bego dio.

43.- Gezurra esan nuen Getarian, ni etxean eta hura atarian.

44.- Gibelerako on dena, barerako gaizto.

45.- Gure zaioak irin eske.

46.- Izan bagera, gerra huts.

47.- Etxean ogia ezin jan eta Arangurenen artoa.

48.- Idiak erausi beharrean, gurdiak orru.

49.- Hildakoak agindu zuen, biziak bere nahia.

50.- Hiltze ona merkaduria.

51.- Ilunpeetako jostea, argitako lotsa.

52.- Irabaziak oinak arin.

53.- Itsasoko legeak, onak on eta gaiztoa neurri gabea.

54.- Itsuen herrian, okerrak errege.

55.- Lagunaren behiak errape luze.

56.- Larrutik hedea.

57.- Lehen hila, lehen hoztua.

58.- Hitz-motelak beti hitz nahi.

59.- Nolako elizalde, holako abade.

60.- Nola soinu, hala dantza.

61.- Nolako nobia, halako kabia.

62.- Nola soinu, hala dantza.

63.- Nola denbora, hala solasa.

64.- Nor bere denborarako, arbia abendurako.

65.- A zer zelaia, jana ez balego.

66.- Odolak su gabe diraki.

67.- Ola olagizonarentzat eta barka barka-maisuarentzat.

68.- Olatik berri onik ez.

69.- Oihan orotan otso bana.

70.- Ontzia galduz gero, guztiok pilotu.

71.- Zakurrik ez den lekuan, azeria errege.

72.- Ororen ardia otsoak jan.

73.- Okin berriak bahe zuri.

74.- Otsoa atari ondoan.

75.- Otsoaren ahotik mokadu bat ere on.

76.- Otsoa ardien zain.

77.- Pagatzaile gaiztoarentzat olo.

78.- Saltzen dabilena, galtzen dabil.

79.- Sugea hil arren, sugekumeak bizi.

80.- Lana trebeziak garai.

81.- Unaiak haserretu zirenean azaldu ziren gaztak.

82.- Urte gaiztoa, okin hots.

83.- Urrutiko herria, lehena egia.

84.- Ur joanari presarik egin ez.

85.- Uretara maiz dijoan txarroa, laster da hautsi.

86.- Usoak joanda, sarea gora.

Lope Martinez Isastik atsotitz hauek bildu eta idatzi zituenez geroztik hiru mende luze igaro diren arren, esan dezakegu, okertzeko bat ere beldurrik gabe, ez dutela inolako gaurkotasunik galdu.

Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma
Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma
Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma  Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma
Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma  Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Lope Martinez Isastiren atsotitz bilduma”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude