Lola korrika

Lola korrika

Lola korrika

“Lola korrika” (Lola rennt)  Tom Tykwer zuzendariak 1998an zuzendu eta kaleratutako film alemaniarra da. Franka Potente (Lola) da protagonista nagusia. Filma ezaguna egin zen oso nazioartean, onartu behar baita, gustatu edo ez, originala dela. Nik duela gutxi ikusi dut, eta bai, asmatu duzue, gustukoa izan dut, bestela ez nintzen berari buruz idazten arituko, bistan dena.

Lehenik eta behin, sinopsi labur bat. Lola etxean dago, eta bat-batean telefono dei bat jasotzen du; Manni da, bere bikotea. Ataka larrian dago mutila. Droga kontuetan sartuta dabil, eta bere nagusiari eman behar zizkion 100.000 marko alemaniar (pelikula euroa iritsi baino lehenagokoa da, prehistoria monetarioa, aizue) galdu ditu metroan. Lolak esaten dio lasai egoteko, aurkituko duela irtenbideren bat. Baina Manni larri dabil denboraz, eta argi esaten dio neska-lagunari: ez bada hogei minutuan iristen, parean daukan supermerkatura sartuko da lapurreta egitera, pistola eskuan. Lola korrika ateratzen da etxetik.

Hemendik aurrera ez dugu pelikula lineal bat ikusiko. Filmak norabide ezberdinak garatuko ditu Lolak hartzen dituen erabakien arabera, eta hiru istorio posible ikusiko ditugu. Trama zati bakoitzaren garapena erradikalki ezberdina da, baina antzekotasun handiak dauzka, Lolaren erabaki txikiek aldatzen dutena; tximeleta baten hego kolpe batek sortzen duen tsunamiaren adibidea da. Erritmoa azkarra da oso, bizia, bai plano eta bai musika aldetik; teknoa, mugimendua, estresa, itolarria… Sekulako filma 76 minutuetan.

Denbora da ardatza, penduluak eta ordulariak barra-barra ikusiko ditugu; eta ordularien antzera, zirkularra da narratibaren forma. Hari beretik, filmean erabiltzen diren travelling gehienak travelling zirkularrak dira; eta pertsonaiak mugitzen diren inguruetan (hiriak), bidegurutze ugari agertzen dira. Beste behin ere, labirintoaren ideia, aukerak, gure ekintzen eta erabakien ondorioak…

Kamara azkarrak eta geldoak ikusiko ditugu; plano mota ezberdinen nahasketa, pikatuak, kontrapikatuak edota zenitalak; flashback-ak; marrazki bizidunak ere, pelikularen sarrera ederra; split screen delakoa ere azalduko zaigu, hau da, pantaila bi zatitan, edo hirutan, edo lautan … banatzen denean. Errekurtsoak eta teknikak soberan dauzkan filma da.

Nire bizitzan zehar film alemaniar gutxi batzuk ikusi ditut, orain ez naiz denetaz gogoratzen, eta hala balitz ere, ez dut uste zerrenda oso luzea izango zenik: El Hundimiento, Good Bye Lenin, Grizzly Man, R.A.F., Los Edukadores, Der Vorleser (irakurlea), La Ladrona de Libros … Guztiak izan ditut gustoko, neurri batean edo bestean, film oso ezberdinak izan arren; eta azken hau saski berean sartu dudanez, zinemagintza alemaniarrean gehiago arakatzeko grina daukat orain.

Baina iruditzen zait zinemagintza hau ulertzeko ere zer edo zer irakurri beharko dudala. Gomendiorik?

Lola korrika

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.