Lekeitioko kanoi-zuloak

kanoi-zuloak

Lekeition sortu berri den Atabaka elkarte kulturalak, Antzoriz lurmuturrean zeuden XVIII. mendeko kanoi-zuloen desagerpena salatu du.

Antzoriz, inguruaren izena da baina, bertan Santa Katalinaren baseliza eraiki zenez, izen hori hartu zuten bertan egin ziren beste eraikin batzuk, faroak adibidez.

Hainbat lekutan kokatuta zeuden Lekeitio babesten zuten kanoiak, dakigunez: Talako San Juan baselizaren enparantzan 1560tik, honen azpian beheko Talaian 1528tik, Garraitz edo San Nikolas irlaren muturrean 1739tik, Lumentza mendiaren tontorrean 1684tik, gaur egungo Independentziaren enparantzan 1638tik, eta Antzoriz lurmuturrean 1739tik. Mendexan: Karraspio hondartzaren gainean 1643tik eta Kurlutxun 1703tik.

Oraingo honetan Antzoriz edo Santa Katalina lurmuturrekoak aipatuko ditugu: 1739an 24 liberako bi kanoi zeuden; 1740an eta 1779an ere 2 kanoi zeudela aipatzen da. Gaur egun Antzoriz lurmuturretik desagertutako kanoi-zuloak 1774an eraikitakoak ziren.

Kanoiak eta honek kargatzeko erabiltzen zien bolbora eta balak Santa Katalina baselizan gordetzen ziren.

Ea ahal bada konpondu desagertutako kanoi-zuloen arazoa baina, ikasi dezagun oraindik ditugunak zaintzen: Talako San Juan baselizaren albokoak, eta Garraitz edo San Nikolas irlaren muturrekoak; Lumentza mendiko tontorrean ere ezagutu nituen baina estalita daudela uzte dut.

Asmo horri bidea emateko, Atabaka elkarteak, katalogo bat egingo du herrian dagoen ondarea zaintzeko. Gure herriko kaleetan lanen bat egiteko denean, Atabaka elkartekoek, adi egongo dira ondarea den edo izan daitekeen zerbait tartean denean. Ez da zaindu behar bakarrik jauregi, eliza, armarri edo oizkoak ditugun ondare kultural monumentalak; beste hainbat osagarri ditu herriak zaintzekoak direnak: kalean dauden irudi eta eskulturak, barri nahi zaharrak, eraikin askoren hormetan dauden plakak, berezitasunen bat duten gauzak, ez historia zaharra duten gauzak bakarrik. 

Iñaki Madariaga Valle