Lihoa eta eskusoinua heriotza begiratzeko

Lihoa eta eskusoinua heriotza begiratzeko

Aurreko batean aspaldian ez bezalako izualdia izan nuen, denbora luzean pasa gabeko trantze txarra.

Ez dakit inoiz ohartuko ote zineten, baina goierritar bati nongoa den galdetzen badiozue, gehienetan erantzuna honakoa izango da: “X herrikoa, goierritarra”, edo “goierritarra, X herrikoa”. Joera handia daukagu eskualdean mugitzeko, elkarrekin antolatzeko, eta DBH zein batxilergoan herri guztietako jendea nahasten gara; hor ehuntzen diren harremanak luzaroan iraun ohi dute. Beraz, batek daki ze herritakoak garen, baina goierritarrak ere bagara. Duela aste pare bat egin genuen afaria da horren erakuslerik onena.

Arriarango elkartean bildu ginen lagun koadrila: beasaindarrak, izaldarrak (Idiazabal), urretxuarrak, gabiriarrak eta ormaiztegiarrak. Denok mahaian eserita geunden, bat ezik. Gutako bat sua piztu eta afaria erretzen zebilen, eta guri jakiak inguratzen zizkigun bitartean, berak ere pusketak irensten ziharduen, noski. Jana ona eta konpainia hobea, dena primeran, beraz. Baina bat-batean parrila zaintzen ari zen lagunak buelta eman eta guri begira jarri zen. Aurpegia gorri-gorria zeukan, begiak ñir-ñir eta eskua bularrean jarrita. Itotzen ari zen.

Azkar erreakzionatu genuela esango nuke. Bere gainera jauzi egin, eta amaigabeak egin zitzaizkigun segundo batzuen ondoren, oxigenoa itzuli zen bere biriketara. Garbi dago estutasun handiena nork pasa zuen, baina arestian esan bezala, neronek ez nuen aspalditik hain trantze txarretik igaro behar izan. Sustoa pasa zitzaigun pixkanaka, eta ondoren, Seguran Iparra-Hegoa jaialdia zenez, harantz abiatu ginen bizitza ospatzera.

Lihoa eta eskusoinua heriotza begiratzekoOrdutik hona, elkarrizketa interesgarri bat izan dut lagun batekin. Nire adiskideak denbora luzez lan egin zuen Igartubeiti baserri-museoan, Ezkion (jada ez da Ezkio-Itsaso, baizik eta Ezkio eta Itsaso, beste herri bat daukagu Goierrin). Historialaria da bera, eta kontatu dizuedan pasadizoaren berri eman nionean, ezagutzen ez nuen ikuspuntu bat eskaini zidan: gure arbasoek heriotzarekin zeukatena.

Eliza Euskal Herrian egonkortu aurretik, hildakoak etxean edo etxeari itsatsita hilobiratzen ziren; asko jota, teilatua etxeko hormatik aldentzen den tarte horretan. Asko jota, diot, zeren eta, normalean behintzat, etxeko suaren aldamenean hilobiratzen ziren, hots, sukalde ondoan. Gorpuak bedeinkatutako lurrean hilobiratu beharra ezarri zenean, hildakoaren etxekoek argizaiolak eramaten zituzten elizara, etxekoen beroa ere hara iritsi zedin. Argizaiolek forma antropomorfoak dituzte, giza gorputza sinbolizatzeko eginak daude. Hasieran etxean edo etxeari erantsita lurperatzen ziren senideak, ondoren elizan, gero kanposantuan, eta gaur egun denetik. Teilatuaren eta argizaiolaren adibideak lehen etxea eta heriotzaren artean zegoen lotura indartsua uzten digu agerian. Ez naiz gaian aditua, makina batek idatzi du eta idatziko du fundamentu gehiagorekin gure jendartean nola bizi dugun heriotza; baina begi bistakoa da, orokorrean, etxetik bota dugula.

Ziur naiz argizaiolaren inguruko azalpenen bat edo beste jasotakoa dela ZUZEUko irakurlea. Baina ondoren, adiskideak beste argibide bat eman zidan, niri behintzat erabat ezezaguna egin zitzaidana. Gure baserrietan etxeko alabekin lotutako ohitura oso esanguratsua zegoen. Neskatoak zazpi urte betetzen zituenean, lur Lihoa eta eskusoinua heriotza begiratzekoesparru txiki bat ematen zitzaion, helburu zehatz batekin: lihoa ereitea. Landu ondoren lortzen zuen haria bi gauza josteko erabiltzen zen, batetik ezkontzarako oihala, eta bestetik, hiltzen zenerako tapakia. Zazpi urteko neskak, josi eta josi, bi gauzetarako mentalizatzen ziren, beraz: ezkontza eta heriotza.

Lehenago aipatu dizuedan sustoa, tamalez, ez da beti susto hutsean geratzen. Duela urtebete baino gehiago, Oroitz, Gabiriako lagun bat, afaltzera irten zen Bartzelonan bere adiskideekin, eta ezin izan zion buelta eman kontrako eztarrira joan zitzaion jan pusketari. Han bizi zen, musika ogibide, eskusoinuarekin aparta baitzen bera. Zenbait lurraldeetan eta zenbait auditoriotan jo ote zuen… Aspaldiko emakume horiek lihoa erein eta josten hasten ziren adin berarekin heldu zion Oroitzek musika egiteari, zazpi urterekin.

Lihoa eta eskusoinua heriotza begiratzekoDuela gutxi baratza bat eskuratu dugu etxekoak, eta aurreratzen dizuet ez daukadala lihoa ereiteko inongo asmorik. Baina zazpi urteko neska horien azalean jartzen saiatzen naiz, zer pentsatuko ote zuten lihoa ereiten zuten bitartean, zer sentitu haria josten zebiltzanean… Ez dakit. Baina sumatzen dut Oroitz eskusoinua jotzen entzuten dudanean ematen didan zer pentsatua, zer sentitua, ez dabilela oso urruti.

Muxu handi bat, Oroitz.

 

Lihoa eta eskusoinua heriotza begiratzeko / Lihoa eta eskusoinua heriotza begiratzeko

beñat, eskusoinua, hach embarek, heriotza, lihoa, oroitz maiz
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude