'Liburutegien etorkizuna', Eppo van Nispen-en hitzaldia Tabakaleran

“Liburutegien etorkizuna” da Eppo van Nispen-ek eskainiko duen hitzaldiaren izenburua, eta goiburuak argi dioen bezala, informazioaren teknologiak, kudeaketa eta erabiltzaileen ohiturak etengabe aldatzen ari diren garaiotan, liburutegietan gertatutako eraldaketez eta hartu beharreko norabideaz jardungo du.

MTk1OA==

Badu nahikoa esperientzia alor horretan van Nispenek. Telebistaren industrian urte luzeetako ibilbide arrakastatsua burutu zuen (lehenengoetarikoa izan zen medio horretan baliabide interaktiboak txertatzen), baina informazioaren teknologia berriek komunikabideetan eta informazioaren kudeaketan iraultza ekarriko zutelako konbentzimendu osoarekin, bere esparrutik aldendu eta liburutegien munduan murgiltzea erabaki zuen. Herbeheretako Delft hirian, Amsterdametik gertu, DOK Library Concept Center  proiektua jarri zuen abian 2006an. DOK-en helburua munduko liburutegi modernoena sortzea zen, eta gaur ere bide horretan dihardute lanean buru-belarri. 2008an nazioarteko aditu talde batek berrikuntzari dagokionez munduko lehenengo liburutegia izendatu zuen DOK, eta orain arteko ibilbide laburrean, nazioartean sonatuak diren hainbat sari eta aipamen jaso ditu liburutegien alorrean egiten ari den lan berritzaileagatik.

Eppo van Nispen-ek Tabakaleran eskainiko duen hitzaldia interesgarri eta argigarri izango da liburutegien munduan lan egiten duen ororentzat eta liburutegien etorkizunari buruzko hausnarketa premiazko jotzen dutenentzat. Modu atsegin, bizi eta dibertigarrian, etorkizunarekin lotutako erronkei aurre egiteko ideia eta proposamen berritzaile mordoa aurkeztuko ditu, betiere bere leloari eutsiz: “Infinituraino eta harago”.

Hitzaldia irekia eta doakoa izango da, eta Tabakalerak eta Asmoz Fundazioak antolatutako “Informazioaren kudeatzailea eta bitartekaria” ikastaroko partaideez gain, bertara gonbidatuta dago liburutegien etorkizunean eta informazioaren kudeaketan interesa duen guztia.

Irudia | Eppo van Nispen | Eppo van Nispen | Creative Commons By SA

TABAKALERA Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa Mandasko dukea 52 20012 Donostia Tel: 943 011311 info@tabakalera.eu

6 pentsamendu “'Liburutegien etorkizuna', Eppo van Nispen-en hitzaldia Tabakaleran”-ri buruz