Libururik gabeko etxea

1984

Atea ireki eta egongelaraino lagundu ninduen. Etxe berria zirudien, berri usain ahula zerion; ez zituen lau urte baino gehiago izango. Berokia uzteko toki baten bila begiek egongelan zehar egin zuten bi segundotako paseoan, egongela hura berezia zela sumatu nuen. Baina, zer zen? Beste bi segundo behar izan nituen jabetzeko: Egongela osoan ez zegoen liburu bakar baten arrastorik. Bakarra ere ez.

Telebistaren altzariko apal eskas eta txikietan bi estatua txiki, bikotearen argazki bat, pitxar arraro bat eta Play Station 2-a baino gehiago ez zeuden. Sofa, oin-lanpara eta mahai txikiaz gain, ez zegoen beste ezer egongela handi horretan. Hormak ere biluzik zeuden, erloju original handi bat soilik zegoen zintzilik alboetako batean.

«Ez ote dute ezertxo ere irakurtzen etxe honetan?», pentsatu nuen. «Agian, liburu elektronikoren bat izango dute nonbait». Baina tramankulu horiek nahiko berriak dira, beraz, paperaren aroko handiko zer edo zer egon behar zuen nahitaez nonbait.

-Ene, a ze burua! Maleta autoan utzi dut! Barkatu, segituan bueltatuko naiz -esan zuen.

Hortxe nire aukera. Jakin-nahiari ezin eutsirik, espedizio klandestino azkarra egitea erabaki nuen liburuen bila.

Sarrerako atea itxi bazain pronto, altzariaren kristal transluzidozko ateak zabaldu nituen banan-banan. «Gordeta izango dituzte akaso, hautsik pila ez dezaten». Baina ez nuen libururik aurkitu.

Logela nagusira jo nuen: Armairu erraldoi bat, ohea eta bi mesanotxe lanpara banarekin, baina libururik gabe.

Bigarren logelara jo nuen: haurrik gabeko haurren logela. Eta erdian, bizikleta bat, xurgagailua eta kartoizko bi kaxa handi zabalik. Libururik ez bistan.

«Baina, zer motatako jendea bizi daiteke libururik gabeko etxe batean?». Etxe aldaketan galduko ote ziren? «Zaila».

Azkenean, etsiturik eta esperantza eskasekin, sukaldera jo nuen. Eta halako batean, tiradera-altzari baten gainean, kristal lodiko gaileta poto pisutsu baten alboan jarrita, hortxe ikusi nuen etxeko liburu bakarra: Karlos Argiñanoren errezeta liburu bat. «Eta kozinatzen ere ez dakite sikiera! Lepoa egingo nuke opari bat dela».

Giltza sarrailan barrena bere bidea aurkitzen entzun eta ziztu bizian itzuli nintzen egongelara.

-Hemen naiz berriro, barkatu. Ea ba, jar gaitezen martxan.

Baina ezin izan nion galderari eutsi:

-Aizu, barkatu atrebentzia, baina etxe honetan ez al duzue libururik?

istorioak, liburuak

UDAZKEN KOLOREAK