Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren 4. edizioa hastera doa

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren 4. edizioa hastera doaIrailaren 18an amaituko da 2015-2016 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan Ikastetxeen kategorian izena emateko epea. Ikasturte honetan ere parte hartzaileek Galtzagorrik proposatutako liburu bat irakurri, launakako taldetan bildu eta horri buruzko book trailerra egin beharko dute 2016ko martxoaren 4a baino lehen. Ikastetxeen kategorian derrigorrezkoa da izena ematea. Norbanakoen kategorian nahikoa da book trailerra azken eguna baino lehen bidaltzearekin. Irakaslea bazara, animatu zure ikasleak parte hartzera! Gaztea bazara, animatu zu zeu!

Lehiaketaren laugarren edizioa da hau eta iaz bezala egingo da: sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

.

– IKASTETXEKA:

DBH1-DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

– NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

– PUBLIKOAREN SARIA:

Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Norbanakoen kategorian: e-reader bat

– BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

.

Liburu hautatuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko web gunean dituzue liburu bakoitzaren unitate didaktikoekin batera. 2014an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gaztea batzordeak hautatuko liburuen zerrenda mailaz maila:

– DBH-1(12-13 urte): Beti iparralderantz. Jon Arretxe. Erein, 2014

– DBH-2 (13-14 urte): Dumitru. Koldo Izagirre. Erein, 2014

– DBH-3 (14-15 urte): Neska baten hitza. Alfredo Gómez Cerdá. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2014

– DBH-4 (15-16 urte): Watsondarrak. Jane Austen. Ilustratzailea: Sara Morante. Itzultzailea: Ana Isabel Morales. Denonartean, 2014

Hortaz, DBHko maila bakoitzerako iaz argitaratutako liburu bana proposatuko zaio irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik.

Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.