Letretako ekonomia

Bi idazle handi eta garaikideren arteko korrespondentzia biltzen duen liburu bat ari naiz irakurtzen. Lagunarteaz dira mintzo, eta kirolzaletasunaz, eta huntaz eta hartaz.

Guztiz deigarria egin zait batek besteari bidaltzen dion gutuna 2008ko abenduaren 6an. Ustegabean ekonomia sartzen baitu gaien artean, eta iruditzen zait pituitaria oso finez hartu ziola usaina orain gainean daukagun honi.  Zabarki bada ere, zati batzuk itzuliko ditut:

“2008 urte amaiera honetan zerbait gertatu da goi-finantzen munduan, eta ondorioz esaten da gutako gehienok duela hilabete batzuk baino pobreago garela orain (diru kontutan pobreago, alegia). Oraindik ez dute ondo argitu gertatutakoa, agian inork ez daki zehazki: adituen arteko eztabaida beroak daude. Hala, ere inork ez du zalantzan jartzen gertatutakoa.

Kontua da: zer gertatu da hemen? Benetako zerbait izan da ala ondorio errealak dituen irudizko kontu bat izan da, Lourdes gune turistiko aberats bihurtu zuen Ama Birjinaren agerpen hura bezala?”

Bi idazleak errealitatea eta fikzioaz ere ari direnez, galdera pertinente hori  luzatu du lehenengo idazleak. Eta ondoren denok egun batetik bestera pobretuko gintuzketen gertaerak zerrendatzen ditu: izurriteak, lehorteak, lurrikarak, gerrateak, inbasioak…

(-) “Jaungoikoari esker, 2008 honetan ez dugu halako izugarrikeriarik bizi izan. Gure hiriak ukitu gabe diraute, gure baserriek emaitzak dituzte eta gure dendak jakiz hornituta ageri dira.

Orduan zer izan da gu pobretu gaituena?

Esan digutenez, zenbaki batzuk aldatu egin dira. Oso altuak izaten ziren zenbaki batzuk jaitsi egin dira bat-batean, eta horregatik gara pobreago.

Baina zenbakiak 0,1,2,… 9 ez dira zeinuak baizik a, b, c… letren antzera. Gu pobretu gaituena ezin da izan, beraz, zenbakien beheititze huts bat. Zenbakien beheititzea baino haragoko zerbait behar du hau eragin duena.

Baina, zer izan da zehazki?  Beheitutako zenbakiek erakusten duten zerk pobreagotu gaitu benetan? (-) Mundua lehen bezalaxe dago. Zenbakiak bakarrik aldatu dira.

Egiazki ez bada ezer aldatu, zenbakiek ez badute ezer errealik ordezkatzen eta beste zenbaki batzuen aipamen soil badira, galdera bat egiten diot nire buruari: zergatik onartu behar dugu orain pobreago garela eta pobreago bagina bezala jokatu behar dugunik? Zergatik ez, esaterako, zaborretara bota zenbaki zehatz horiek guztiak, errealitaterik erakusten ez duten horiek, zorigaitzeko egiten gaituzten horiek denak, eta zenbaki berri batzuk asmatu, agian aberatsago egiten gaituztenak — garen-garena erakusten duten numeroak asmatzeaizango den arren onena—, geure despentsa beteekin, geure teilatu hermetikoekin eta geure lur emankorrak lantegiz eta baserri oparoz josiekin?

Proposamen honi  (“proposamen inozo” honi, alegia) buruarekin ezetz erantzuten diote.  Esaten didatenez, kalte egiten diguten zenbakiek, horiek bai deskribatzen dituztela gauzak diren bezalaxe; zenbaki horien barneko  progresio logikoak, handietatik txikietara, 2008 hasieratik amaierara, errealitatean gertatu den benetako pobretzea darakuste.

Borroka zabalik daukagu, bada. Alde batetik neure antzeko jendea gaude, ezer ez dela aldatu pentsatzen dugunok eta hala ez bada gertatutakoaren frogak eskatzen gabiltzanak. Beste aldean adituak daude, euren argumentuarekin: “zuri gertatzen zaizuna da ez duzula ulertzen sistemak nola funtzionatzen duen”.

Ondoren idazleak Platonen Errepublika-ren zazpigarren liburuaren aipamena egiten du, erakusteko jada Platonek argitu zuela dena 427-348 Kristo aurretik.

Nola leize-zulo baten barruan bizi zen jendea, hormara begira, han sortzen ziren itzalei so, hango huraxe bailitzan errealitate bakar.

Halako batean, ordea, kobazuloko biztanleetako bat kanpora irten eta gainerakoei esan zien oso desberdina zela han kanpoan ageri zen errealitatea hormako itzalenarekin alderatuta. “Tonto eroa -erantzun zioten denek- hik ez dakik ametsa zer den”.  Eta horma seinalatuz “Errealitatea hau duk” , esan zioten.

Ondoren idazleak posdata txiki bat egiten du, gutuna amaitzeko.

PD. “Ohartzen naiz zenbaki berri eta “onak” asmatu behar ditugula diodanean, zenbaki zahar eta “txarrak” ordezkatu munduko ordenadore guztietan txertatzeko, sistema ekonomiko zahar eta txarra zaborretara bota eta haren lekuan berri eta ona jartzea ari naiz eskatzen; beste era batera esanda, justizia ekonomiko unibertsal baten etorrera. Gaurko gure buruzagiek egiteko gaitasunik, adorerik eta desirarik ez dutena.”

Bigarren idazleak erantzuten dion gutunean, pobretzearen hariari eusten dio, esanez, munduan bi klase jende dagoela: dirua irabazteko lan egiten duena, eta dirua beretzat lanean jartzen dakiena.

Ondoren pobrezia nola ari den gauzatzen aipatzen du, jendea nola ari den lanik gabe geratzen, besteak beste, krediu faltagatik. Eta dio, halaber, krisia ez dela desagertuko izua joaten den arte. Baina badaki horretarako zer egin:

“Zenbaki berriak asmatzeko zure ideia hori bikaina da, baina beste bide bat otu zait niri. Gobernuek diru berri mordo bat inprimatu behar lukete eta milaka dolar planeta guztiko jendearen artean banatu. Bai, akatsen bat egongo da nire kalkuloetan, inflazio  itzel baten aukera ez baitut kontutan hartzen, baina oker ez banaiz,  honelaxe egin dira beti erreskateak: diru gehiago inprimatuz”.

Grazia ikaragarria egiten dit honek guztiak, seguru asko ero-solas hau guztiz alferrikakoa izango baita burutsuentzat eta jende gutxiri argituko dio mundua. Baina niri bai, benetan diot. Ekonomiaz tutik ez jakinda, bi idazleon hitzak eder egiten zaizkit, eta iradokor. Argigarri eta munduan jende ona ere baden erakusle. Besteak beste.

Ahaztu egin zait esatea, lehenengo idazlea John Cohetze da eta bigarrena Paul Auster. Liburua, ostera, honako hauxe.

 

 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)