Lekukoa eta polena

Lekukoa eta polena –

Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Hitzan.

Lekukoa eta polenaBakoitzak bere soinu banda jartzen die bizitzako momentu jakinei, edo agian kantuak berak hautatzen zaitu, eta erabakitzen du bera izango dela zure denboraren makina arrankatzeko giltza. Korrikak igaroaldi bakoitzean soinu banda bat oparitzen digunez, kantu guztien arteko anabasa bat da Korrika entzunda datorkidana. Korrika-badator-bat-korrika-bi korrika-milaka-korrikari-bat-izan-bat-egin-bat-Arantzazu-izan-da-gordeleku-gotor-Urepeletik- Bilbora… baina irudi eta doinuen pista ero horretan bi ahots nabarmentzen dira, beste inorenak baino argiago entzuten, ia ikusten ditudanak: Mikel Laboa eta Ruper Ordorika dira, ar, er, ir, or, ur.

2003a zen, nik 9 urte, Egunkaria itxi berri. Kantu horrek gure inguruan eragiten zuen zirrara neurtu genezakeen umeok, etxean, ikastolan. Eta hara nora ekarri gaituen denboraren makinak hamasei urte geroago. “Egin ditugun saioetan, gazteen %85ek ez zekiten nor den Ruper Ordorika”. Rafa Ruedaren berbak dira, BERRIAko erreportaje landu batean jasoak. Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egindako kantagintza lantzeko saioei buruz ari da, 75 saio inguru egin baitituzte azken urteetan. “Baina zer gertatzen da? Galdetzen diezula nor den Miguel Bose, eta denek ezagutzen dutela. Horrek gauza bat uzten du argi: arazoa ez da belaunaldien artekoa, ikusgaitasunak eragina du. Oso modu nabarmenean, gainera”.

“Euskal musikarien lana ez da nahi gabe kontsumitzen”, hau ere Ruedak esana. Argi dago. Ez aldatu irratiaren diala alferrik, kasualitate handia izango da-eta. Euskal kultura kontsumitzeak erabaki bat eskatzen du, sofatik jaiki, zapatilak jantzi, etxetik irten eta goizeko lauretan furgoneta baten atzetik korrika joatea bezalakoa da. Lekukoa sinbolo egokia da, heldu egin behar zaiolako eta hurrengoari pasatu. Ez askatu, ez utzi erortzen, zaindu mezua. Kontzienteki. Kultura hegemonikoak polen eran datoz, pinuaren hauts horia bezala itsasten zaizkigu mingainean, ikuskeretan eta gustuetan. Geure azalaren parte direla sinesteraino. Segi dezakegu euskaraz berbetan, euskaraz irakasten, baina euskararekin eta bere mundu ikuskerarekin gozatzeko aukerak eskaini edo bilatu ezean, epe laburreko neurriak baino ez gara hartzen ariko. Miguel Bose beti egongo da zure autoko leihoetan itsatsia.

Esperimentu txikiak dira, baina ikasgeletan bertsogintza lantzerakoan erdararako joera duten umeen jakin-mina piztea ez da hain zaila. Bideoetan jendea barrezka eta ondo pasatzen ikusten dutenean txundituta geratzen dira, esaterako. Une dibertigarri horren parte izateko gogoa sartzen zaie, ulertu egin nahi dute, ulermen horrek gozamen bat dakarrelako.

Abian da aurtengo Korrika, eta ziurrenik Ruper Ordorika ezagutzen ez duten gazteen %85 horrek helduko dio lekukoari Euskal Herriko punturen batean (beno, ziur guk ere euskal kulturgile garrantzitsu asko ez ditugula ezagutuko galdetzen hasiz gero, ez gara marmarti jarriko orain). Eman diezaiegun lekuko bat bete-betea, gozagarria, jaso izanaz poztuko diren zerbait. Horrela bakarrik erabiliko baitute.

Lekukoa eta polena Lekukoa eta polena

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.