Lekeitiotik Sarara

Ahate-jokoaAstelehean Antzara Jokoa jokatu zen Lekeitio. Igandean, berriz, Sararen txanda izanen da Ahate Jokoarekin

Gehienen usteetan bi herri hauek, Lekeitiok (Bizkaia) eta Sarak (lapurdi), ez daukate puntu amankomun askorik. Bata mendebaldekoa da itsasoari begira, bestea berriz, ekitaldekoa laborantzari begira. Alta, badago joko bat biltzen dituena. Lekeition, antzara jokoa deitzen dute, iraila edo buruilaren 5ean iragaiten da. Saran aldiz, ahate jokoa du izena, eta herriko besten igandearekin egiten da, hilabete bereko bigarren asteburuan, igandean, alegia. Antzara jokoak fama handia dauka Euskal Herrian, ahate jokoarena, ordea, tokikoa da batez ere. Baina herriko plaza zanpez betetzeko nahikoa du.

Antzara jokoa zer den azaltzen ez dut denborarik galduko, ziur aski jende gehienak dagoeneko ikusi duelako bertatik bertara edo telebistan. Ahate jokoaren muina antzekoa da. Gaur egun hilda dagoen ahateari burua kendu behar zaio zaldi baten gainean ibiliz. Pase bakoitzean taldeko kapitainak ebaki bat egiten dio lepoan, jokoa aurrera joan ahala gaineratiko zaldunen lana erraztuz. Pentsatuko duzuen bezala zalduna ez da Lekeition bezala goiti eta beheiti ibiltzen ahatearen burutik zintzilikatuta. Aukera bakarra du burua hartzeko.

Ez da agian hain ikusgarria. Antzekotasunak izan arren, beste gauza bat da, baina ikustekoa. Gaur egun ikuskizun hutsa dela erran daiteke. Baina urteetan epaile/antolatzaile bezala aritu den Jeannot Etxeberrigarai Jaiberriri aditu diodanez, apustu eta lehiarako aitzakiak izaten ziren garaian. Sarako auzo guztietan egiten ziren, Baratxartean, Animainean eta Mailunbordan besteak beste. Ez da, Sarako jokoa baizik eta eskualdekoa, gaur egun Zuraiden, Oletan, eta Zugarramurdin egiten baita oraindik.

Bestak larunbatetik igandera : Aipatu bezala Sarako herriko besten baitan jokatzen da. Larunbatean hasiko dira eta asteazkenean bukatuko. Berez San Martin da herriko patroia, baina herrian kontatzen da bere garaian aurreratu zituztela orduan egiten duen eguraldiagatik. Besta xumeak dira, baina herritarrentzat apartak, eta kanpotik etortzen dena beti da ongi etorria gogoz etortzen bada. Hala hemen aurtengo egitaraua Ttipi Ttaparen web orrian dagoen PDFean, 39. orrian

Ahate Jokoa
Xan Harriague

GAUZA AGERIA

2 pentsamendu “Lekeitiotik Sarara”-ri buruz

  • Xan,
    Joño! Ez nekien Sara aldean zaldi gaineko antzar jokoa egiten zenik. Zuk, berriz, ba al dakizu Sarakoa bezalako jokoa egiten dela Markina-Xemeinen, hain zuzen, Lekeitiotik hamar kilometrora? Antzara sokatik eskegita zaldizkoak burua moztu behar dio samatik tiraka, inauterietan egiten da.
    Polita liteke jakitea nola etorri ote zen joko hori Bizkai aldera.

  • Xan Harriague 2011-09-08 12:33

    Ba ez. Ez nekien, baina gustura ikusiko nuke. Ihauterietako zer egunetan egiten da? Eta jatorriari dagokionez tesi baterako ematen du, nire ustez, eta baten bat interesatua bada, badauzkat adineko jendeari egindako grabaketa batzuk. Beste herriren batean egiten al da bestela?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude