Lapur bihurtu nintzen eguna

Uste dut 2004ko ARCO arte garaikideari eskainitako azokan izan zela. Bildumagilea banitz eta han ikusi zitezkeen arte lan guztietatik bat erosteko adina diru baneuka, hemen azpiko argazki hauxe erosiko nukeen. Erakarmenari ezin eusteko moduko indarra eragiten du nigan argazki honek, erreferentzia klasiko eta profanoz hornitua, iruditzen baitzait hor zehar aurkitu dudan neure argazki bat dela,  Sarrionandiak berak izkiriaturik aurkitzen zituen besteen poemen zentzuan esanda, jakina, beti izan bainaiz inutil hutsa argazki kontuetarako.

Última cena argentina izenez ezagunagoa bada ere,  benetakoa Asado en Mendiolaza du,  Marcos López argazkilariarena da eta Sub-realismo criollo seriearen barnekoa. Argazkian ageri diren ia denak, Cordobako artistak dira eta alkandora marroiez jantzita tetrabrika eskuratu nahi duenak produzitu zuen argazkia. Hugo Olmos deitzen da.

Argazkia berez ez da konplikatua: eguerdiko eguzki galdatan dago egina, eta mitologiak dio klik egin zuenerako kamerak, erdi mozkorturik zeudela argazkiko gehienak.

Ezin izan nion tirakadari eutsi  eta ALUAMUNDUA neure blogeko header edo buruko jarri nuen. Haren ikur nagusi bihurtu eta hortxe egon da urtea joan eta urtea etorri,  SINADURAK plazatxo honetan argitaratzen hastea hobe dela erabaki dugun arte. Pena handia eman dit argazki hori atzean uzteak.

Jakina, neuretzat hartzea erabaki nuenean, baimen arazoekin egin nuen topo, bai bainekien argazki hori ez zegoela libre eta nik ez nuela behar beste sosik erosteko.

Besterik asmatu ezin eta, egileari idatzi nion zer egin eta nola joka nezakeen galdetuz, nik orduan ez bainekien argazkia norena zen, egin zuenarena edo erosi zuenarena, eta baimena nori eskatu ere ezin bainuen xuxen erabaki.

Egia esan behar badut, itxaropen apur bat baneukan barruan, artisten arteko eskuzabaltasun keinu horietako bat eroriko zitzaidala uste bainuen. Gainera nire aldetik tartean irabazi eta diru konturik ez zebilenez, hain zikin nenbilenik ere ez nuen pentsatu.

Kontua da, egunen eta asteen iragaiteak ez zuela egilearen erantzunik ekarri nire postontzira eta erabakia hartu nuen: hainbeste maite nuen argazkia jarriko nuen blogaren buruan, eta gerta zedila gerta beharrekoa. Gainera, pentsatu nuen, artearen historiako irudi klasikoak berrerabiltzea ez zen berria inondik inora, galde ziezaiotela bestela Duchampi Monna Lisari biboteak jarri zizkionean, edota Cronica ekipoari, Guernica erabili zutenean, esaterako. Nire portaera babestu nahian edo, pentsatu nuen argazki argentinarrak bera ere ari zela lapurretatxo bat egiten, Leonardok eta beste  hainbestek margotutako eszenaz jabetzerakoan.

Areago, apur bat arakatu nuen argazkiaren historian eta jakin ahal izan nuen Marcos Lópezek ez bakarrik lapurtu zuela artearen historiako ideia ezagunenetako bat, baizik eta ideia berori modu gaurkotu batean emateko asmoa ere beste norbaiti ikasia ziola. Alegia Hirushi Sugimoto argazkilari japoniarraren lanean oinarriturik egin zuela berea…

Hala bada, argazkilari argentinarrarekiko nire lilura erakutsi eta denbora honetan uztian eman didan atseginarengatik eskerrak zintzo emateaz gainera, egindako hobenaren aitortza ageriko hau ere egiten dut, hori bai, blog honetan aurrerantzean ez garela gehiago bekatuan bizi beharko jakiteak ematen duen lasaituarekin. Amen.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)