La Centraleko Dilema (Testu Zirkularra)

La Centraleko Dilema (Testu Zirkularra)

La Centraleko Dilema (Testu Zirkularra)

…irakurtzea, dieta egitea bezala, konpainian hobeki egiten den zerbait da. Betiere, kontuan hartu behar genuke zertaz ari garen irakurtzeaz edo dieta egiteaz ari garelarik. Zenbaitendako, dieta egitea kafeari sakarina botatzea baita; eta, irakurtzea, ohatzean hamar minutuz liburu bat hartzea, lokartu baino lehen. Batzuendako, estua baita kulturaren eta loaren arteko lotura –edo, nahiago bada, kulturaren eta insomnioaren kontrako borrokaren arteko lotura–. Behin, musikaz ari ginela, nire osaba batek erran zidan musika modernoa –nahiko kontzeptu zabala, haren ikuspuntuan: oro har, gitarra elektrikoekin jotzen dena– asotsa bertzerik ez dela, eta musika klasikoa bezalakorik ez dela mundu honetan: neketan aurkituko dugu –nire osabaren hitzak dira, oraindik ere–, bazkaldutakoan, sinfonia bat paratu eta, melodiak kulunkatuta, sofan lo gelditzea baino plazer handiagorik, eta hori ezinezkoa da rock abeslarien oihu histerikoekin. Harrezkeroztik, musikari baten eginahal eta sufrimenduei buruz irakurtzen dudan aldioro, nire osabaren irudiak pertsegitzen nau gupidagabe.

Dieta egitea, irakurtzea bezala, konpainian hobeki egiten den eginahala da. Ez da egia: biak jarduera pertsonalak dira, eta konpainiarena gure borondate falta justifikatzeko aitzakia bertzerik ez da. Ez da egia, baina esaldi aproposa da Twitterren idazteko; nik, behinik behin, horrelako tontakeriak idazten ditut. Bada, halere, beti edo kasik beti serio eta sakon idazten duenik: pentsamendu filosofiko bat txio bakoitzeko, edo ia-ia. Nire lagun batek hala egiten du, txio serioak idazten ditu beti, edo bederen sakontzat dauzka bere burua eta bere txioak.

Nire lagun hori maiz joaten da Bartzelonara, eta aspalditik buruan daraman dilema bat azaldu dit berriki –ez, lagunak ez dit haren problemak kontatzeko baimenik eman, baina, alde batetik, ez daki euskaraz eta, hortaz, ez du testu hau irakurriko; eta, bertzetik, ipuin batean, Iban Zalduak, edo, tira, ipuineko narratzaileak defendatu zuen idazle batendako zilegi dela bertzeei istorioak ebastea, bere testuak osatzeko–. Erran bezala, nire laguna maiz joaten da Bartzelonara, familiarekin beti –emaztearekin eta bi haurrekin–; Bartzelona gustuko dute, eta aspaldiko lagun batek bere pisua uzten die; beraz, trena, otorduak eta bertzelako gastu txiki batzuk kenduta, merke samar ateratzen zaizkie oporrak. Denbora luzea da urtero bitan, edo hirutan, edo lautan familia osoak denboraldi txiki batzuk pasatzen dituela Bartzelonan; bidaia horietan guzietan, gutienez arratsalde bat ematen dute Tibidabon –zenbaitetan, bi–, baina nire lagunak oraindik ez du La Central liburu-dendako atea zeharkatu –ezta Casa del Llibrekoa ere, baina, azken buruan, Euskal Herrian ere badugu Liburuaren Etxe batzuk, Gasteizen eta Bilbon hain zuzen, izena espainol hutsean badute ere; La Centralik ez, ordea–. Nire lagunak Tibidado azpimarratzen du, zeren, Bartzelonan berdin zaizkion gauza anitz ikusi behar izan dituen arren, mendi hura espezifikoki bisitatu nahi ez zituen gauzen zerrendan baitzen.

Hainbertze urteren buruan, La Central inoiz ikusteko esperantza galtzen hasi da nire laguna; kontatu zidanez, liburu-denda horri dagokionez eta etorkizunari begira, hiru aukera ikusten ditu: a) akaso familiari azaldu beharko lioke La Centralera joan nahia; b) esperantzari eutsi beharko lioke, eta, batek daki, beharbada hurrengo bidaian izanen du tarte bat zorioneko liburu-denda ezagutzeko; c) hobe luke onartzea noizbait La Centralera joanen delako itxaropena ilusio hutsa dela, sekulan beteko ez dena. Nire ustez, a) da aukerarik arrazoizkoena, baina horixe da hain juxtu nire lagunak baztertzen duena: dioenez, ez du negoziazio penagarrietan sartu nahi, La Central ikustea gaizki hezitako ume baten apeta balitz bezala; gaurgero –nire lagunaren hitzak dira oraindik ere– familiak jakin beharko luke. Bertze bi aukerak gelditzen zaizkigu, beraz.

Problema ergelkeria hutsa iduritzen zitzaidanez, nire lagunak La Centraleko dilemaren abstrakzio maila pixka bat igan zuen, eta, horren ondorioz, b) eta c) aukerak galdera hauen bidez formulatu zizkidan: b) “ezkor” –triste, desanimatuak, lur joak– gaudelarik, gauzak arrunt manera negatiboan ikusten ditugu, baina “baikor” gaudelarik, berriz, normal –alegia, beti dago tarte bat itxaropenerako, baita La Central noizbait ikusteko itxaropenerako ere–?; c) edo “ezkor” gaudelarik, gauzak argiago ikusten ditugu, eta, bertzenaz, gure burua engainatzen ibiltzen gara –hots, adio betiko La Centrali–?

Ez nuke zer erantzun jakinen, dilema metadilema bihurtzen baitzait: baikor nagoen uneetan, b) aukeratuko nuke, baina ezkor nagoen egunetan, aldiz, c); eta, orduan, galdemodua zera da, ezkor gaudelarik gauzak arrunt manera negatiboan ikusten ditugu…, eta abar. Erantzuna, nolanahi ere, b) da, edo konbentzio sozialek hala eskatzen dute, zeren, c) aukeratuko bagenu –ezkor gaudelarik ikusten ditugu gauzak argi; gainerakoa iruzurra da–, leihotik beheiti salto egiteko modukoa bailitzateke –non eta ez zaren lehen pisuan bizi, betiere–. Nolanahi ere, ikuspuntu existentzial batetik esperantzari zirritu bat uzten dion aukera hautatu behar badugu ere, horrek ez du erran nahi egiatan erantzun zuzena c) –hau da, itxaropen oro zakur ametsen erresumara igortzen dituena– ez denik. Are gehiago, beldur naiz nahitaez b) hautatzeko premia susmagarri horrek ez ote duen frogatzen egia c) aukeraren aldera lerratzen dela. Baina, dagoeneko bi aukerarekin labirinto bat baino gauza makurrago bat osatu dugu –labirintoetarik posible baita ateratzea–: gurpil zoro bat.

Egia aitortzeko, nire ustez, nire lagunak ez du benetan La Centralera joan nahi; auskalo zergatik: ez da ausartzen, ez luke zer erosi jakinen, biktimarena egitea gustatzen zaio. Dilema, hortaz, deus ez egiteko aitzakia da, edo haren ahuldadea estaltzeko manera makurra. La Centraleko dilemaren azpian, edo gibelean, beraz, bertze dilema bat dago, aise sinpleagoa: nire lagunak joan nahi ote du liburu-denda horretara? Edo akaso ez du bakarrik joan nahi, akaso ingurukoen babesa duela sentitu nahi du. Batzuetan laguntza eskertzen baita, itxuraz indibidualak diren erabakiak hartzeko eta nonbait bakarka egiten diren jarduerak egiteko. Topikoak dioenez, adibidez, irakurtzea, dieta egitea bezala, konpainian hobeki egiten den zerbait da. Betiere, kontuan hartu behar genuke zertaz ari garen irakurtzeaz edo dieta egiteaz ari garelarik…

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

La Centraleko Dilema (Testu Zirkularra)

irakurri, liburu denda, liburuak
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Zer duzu buruan “La Centraleko Dilema (Testu Zirkularra)”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude