Kutxa bete Laboa

Kutxa bete Laboa –

Mikel Laboaren heriotzaren 10. urtemugan, musikariak argitaratutako lan guztiak bildu ditu Elkar argitaletxeak, Zumetak diseinatutako kutxa eder batean. 1964ko udazkenean Ipar EHko Goiztiriren eskutik argitaratu zuen “Azken” lehen singletik hasita, guztira hamaika lan, 10 disko eta dokumental bat.

Hamar urte bete dira Mikel Laboa, askoren ustez euskal arima kantuetara eramaten asmatu zuen kantaria zendu zela, 2008ko abenduaren 1ean, eta egunotan hamaika omenaldi antolatu zaizkio Euskal Herri osoan zehar.

Anjel Valdesen esanetan, «gauza asko ikasi ditugu Laboarengandik, erakutsi baitzigun tradizioa maitatzen eta era berean aurrera egiteko tradizio hori gaurkotu beharra. Karramarro baten tankerakoa zen, atzera begira aurrera egiten zuena». “Mikel Laboa: 1934-2008” kutxa aurkezterakoan egin zituen adierazpenok, kantariaren omenezko gorazarre hauetara horrelaxe bildu nahi izan baitu Elkar etxeak, bere grabazio argitaratu guztiak bat eginda.

«Bere momentuan argitaratu eta jendeak ezagutu dituen bezala plazaratu nahi izan ditugu, ondare honen transmisioa errazteko. Ez dugu ezer ukitu nahi izan, musikak hitz egin dezala bere kabuz», jarraitu zuen Elkar diskoetxeko arduradunak, Laboarekin izandako harremanarekin «pozik eta harro».

Belarriprest txapa aldean zuela eta eskuetan dardara, Mikel Laboa zenaren alargunak, Marisol Bastidak, lagundu zuen Anjel Valdes aurkezpenean. Hitz-hartze benetan hunkigarria izan zuen, nagusiki gazteleraz, bikote kide izan zuena gogoan.

Bastidak senarra zuenaren lana sutsu defendatu zuen, Laboaren kantagintza oraindik orain behar beste ezagutzen ez dela iritzita; «askok hitz egiten du ex catedra Mikel Laboari buruz, gutxi jakinda asko balekite bezala». Horregatik eskertu zion Elkarri disko guztiak kutxa batean bildu izana, dokumentatu nahi duenarentzat behar beharrezkotzat jo baitzituen jatorrizko kantuak, eta horretaz gain, baita Laboa Katedrako ataria ere, www.mikellaboa.eus, «hemeroteka osatua du eta ezinbestekoa da Mikelen lau hamarkada luzetako lana aztertu nahi duenarentzako». Erakunde publiko eta kulturalek bi tresna hauek erabiltzea nahiko luke, «lagunduko lukeelako transmisioari dagokionez dugun arazoa konpontzen, klasikoen ezagutzari dagokionez».

.

Transmisioa

Musikariak, bizirik dela, zuzenean defendatzen du bere lana, «eta uste dut hori Mikelek modu sakon eta garrantzitsuan egin zuela lau hamarkadatan zehar, ondo bete zuen bere lana. Baina gaur egun ezin du, eta oso zaila da jatorrizko lanak bizirautea –adierazi zuen Bastidak, ezkor samar-, pena ematen dit». Belaunaldi gazteagoek Laboaren kantak jotzen dituztela-eta, «Mikelen lana ezagutarazten laguntzen dute eta eskertzen ditut, baina ezin dituzte jatorrizko kantuak ordezkatu inondik ere, osagarriak dira».

Mikel Laboa ezagutu beharreko klasiko legez aldarrikatuta, musikagintzari emandako lau hamarkaden laburpena egin gura izan zuen Bastidak, tartean kontu ez hain ezagunak eta oso hunkigarriak emanda. Kontatu zigun 60. hamarkadan larri gaixo izan zela, zenbat maite zituen Atahualpa Yupanqui eta Violeta Parraren lanak -edo Bachena, musika klasikoa ere gustuko zuen-eta-, nola uztartu zuen medikuntza eta musikagintza, eta zein inportantea izan zen Kataluniako Els Setze Jutges ezagutu izana taldearen ideiarekin gerora Ez Dok Amairu sortzeko.

Debekuz betetako garaian, gerora garrantzitsuak izango ziren bi kantu sortu zuela gogoratu zuen, “Baga biga higa” eta “Txoria txori”, «bata jotzen bestea baino askoz zailagoa». Lehena bi kantu onomatopeikoren batuketatik sortu zela argitu zuen Bastidak, batzuek hasieratik onartu zuten arren beste batzuentzako droga gogorra izan zela, eta bitxia zaiola «inork ez erreparatu izana kantuaren zentzu erotikoan». Bigarrena, Artzeren poeman oinarritua, sortu eta gutxira mundu guztiak kantatzen zuela, «derrepente lortu baitzuen onarpena».

Biak zeuden Ez Dok Amairuren “Baga, biga, higa” ikuskizunean, «sentikarian, Joxeanek [Artzek] esaten zuen bezala», inoiz plazaratu ez zen arren Fernando Larrukertek grabatu zuena.

Kutxa bete Laboa
Iñaki Salvador eta Marisol Bastida kontu kontari, argazkilaria frogak egiten dabilen bitartean.

Marisol Bastidaren esanetan 72 eta 79a bitartean jo zuen gailurra Mikel Laboak. «Asko jo zuen zuzenean, aretoak betez, batzuetan bakarrik joz»,  Jose Mari Zabala eta Artze anaiekin elkarlanean bezala -Usurbil herriarekin izan zuen harreman berezia ere aipatu zuen, artzetarrak eta zumetatarrak medio-. Eta hamarkada bukaeran, “Komunikazio-inkomunikazioa” egin ostean nola utzi zituen zuzenekoak, bueltatzeko modua berrasmatu behar zuela-eta.

80ko hamarkada aurrera zihoala itzuli zen Laboa, «jendea grinatsu zegoen eta arrakasta handiz», eta orduan hasiko zuen Iñaki Salvador eta Josetxo Silgueiro musikariekin izandako elkarlan emankorra. Eta ekimen handiko 90eko hamarkadan «aitortza handia izan zuen, belaunaldi ezberdinen partetik jaso zuena eta ez bakarrik musika mundutik».

Musika Hamabostaldiarekin eta Donostiako Orfeoiarekin izan zuen harreman ere azpimarratu zuen Bastidak, “Gernika zuzenean 2” lanean jaso zena, «oso garrantzitsua berarentzat». Eta aitortzetara bueltatuta, zinemaren aldetik jaso zituenak, Imanol Uriberen “Haika mutil”, Julio Medemen “La pelota vasca” eta Alex de la Iglesiaren “Las brujas de Zugarramurdi” filmetan; edo hain maite zuen antzerki mundutik, Mireia Gabilondoren muntaietan eta Sevillako Atalaya taldeetakoen bidez, «munduan zehar eraman zuten Mikelen musika, eta ez kantarik entzuten errazenak». Antzerkiarekin jarraituta, komikoak maite zituela nabarmendu zuen Bastidak.

Gizon dibertigarritzat jo zuen senarra zuena, eta berarentzako musika, soinua, oso garrantzitsua zela onartu arren, «baita zuzeneko interpretazioa ere -azpimarratu zuen-, keinuaren bitartekoa, mugimenduaren bitartekoa, performancea, horrela deitu nahi badiozu».

.

Emanaldi sinbolikoa

Egunotan Mikel Laboari omenduz antolatu den ekitaldi uholdearekin hunkituta, kazetarien galderak erantzun zituen gero Bastidak, bitxiren bat tarteko. Laboak beldur eszenikoa zuela argitu zuen,eta grabaketetan ere asko sufritzen zuela –“Lau bost” grabatzean senarra hain gaizki ikusita errudun sentitu zela aitortu zuen-. «Beldur eszenikoa ona zela esaten zuen, hasierako estres une horiek gainditzea garrantzitsua zela».

Osasun arazoek ere asko oztopatu zuten Laboaren jarduna. «Bere beldurrak izaten zituen, eta azken lana, “Xoriek 17”, nik asko maite dudana eta gutxi ezagutzen dena, korapilatu eta urte betez luzatu zen. Baina oso pozik gelditu zen, gelditu ginen guztiok».

«Mikelek kontraesan handiak zituen bere osasunaren eta nahien artean. Berarentzat funtsezkoa zen zuzenekoa», baina Bob Dylanekin batera hondartzan emandako kontzertu «gatazkatsua izan zuen azken emanaldia, beharbada oso sinbolikoa, berak Elkarrirekin aktiboki parte hartzen zuen-eta [bakearen alde antolatu zuten]. Ondo gainditu zuen estualdia».

Horretan patuak hartu zuen parte, Marisol Bastidaren aburuz. «Berak jotzen jarraitu nahi zuen, eta eztabaidak izan genituen; bizitzan lehen aldiz ezin zuela esaten nion, ez zegoela baldintza egokietan. Baina berarentzat izan zen, eta niretzat, gitarra jotzeari utzi beharra, izan zen, 2007ko udaberrian, hainbeste urtetan zehar jo zuena… izan zen oso tristea; hunkitu egiten naiz gogoratzean».

Kutxa bete Laboa Kutxa bete Laboa Kutxa bete Laboa

ZUZEUko erredakzio kide