Kurt Schwitters 2

images-11.jpg

Aurreko post-a irakurrita, badirudi Schwitters gizon arras serioa zela, eta izango zen akaso, baina bizitzan eten gabe jardun zuen sortzen. Denetarik egin zuen pintura, publizitatea, musika, eskultura… Nolabait esateko, “bizirik” bizi zen gizona izan zen. Soldaduskatik libratzeko, esaterako, bide original bezain arriskugarria erabili zuen: agintari militar guztiak, zutena baino gradu askoz handiagoz tratatzen zituen, nazkatuta kaleratu zuten arte. Baina haren bizitzatik irrigarriena egin zaidana, broma bat da, kalean etorri zitzaion hitz totel ezezagun bati egindakoa. Halatsu kontatzen zuen:

— Ba al daddakikizu nnnon aaaurki dededezakekedan kukukuprezko ilililtze bbbat?
— Bai, gizona, hango kale hartatik gora hartu, et bigarrenean ezkerrera eginez, segi arbola handi bat aurkitu arte, eta berriz ezkerra hartuz aurkituko duzun kale txiki batean daukazu burdindegia.
— Eskekekerrrrikaskasko.
— Ez dago zertan, gizona.
Nik, ordea, lasterbide bat ezagutzen nuen eta hura baino lehen iritsi nintzen burdindegira. Eta hitz totelarena eginez, esan nion dendariari:
— Ba al dadadaukkakazu kukukukuprezko ilililtze bat?
Handik gutxira etorri zitzaidan dendaria kuprezko iltze bat eskutan zuela, eta nik:
— EEEz, handididiagoa bebebehar dut.
Eskailera bat hartu eta han hasi zen goiko apal altuetan begiratzen, 25 zentimetroko iltze ikaragarri bat aurkitu zuen arte.
— Hohohori bababai. Hohohori egokikikia da. Eta orain ilililtza ezaezaezazu zeure zeure ipuripurdian!— Eta alde egin nuen dendatik.
Kale bazter batean geratu nintzen urrutitik begira eta, han ikusi nuen benetako hitz totela burdindegira sartzen… eta aringainga bizian bertatik irteten ere bai.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)