Kulturzale bakartuarentzako gida

bakartua(Euskadi Irratiko Arratsean saioan irakurritako testua)

Bada miresmena merezi duen jende klase bat kontzertu, errezitaldi, antzezlan edo bertso saio guztietan presente dagoena. Bakarka, konfiantzaz gainezka eta euren bikaintasuna dokierki zabalduz batera eta bestera doazen anonimoak dira, beste inoren beharrik ez duten kulturzale bakartiak. Baina ekitaldietara bakarrik doazen, goazen, edo zoazten hankabiko guztiak ez dugu lekurik horren kolektibo estimatuan. Txanpionzeko finalaren ordu berean antzerki esperimentala ikustera joan nahi duzulako, kontzertukide kuadrilak Primavera Soundera ihes egin dizulako edo mikrofono irekietako poesia errezitaldiak entzutea maite duzulako konpainiarik gabe geratu bazara, kulturzale bakartua zara zu. Victor Lenoreren liburua irakurri eta gustu mundutarragoen aldeko apustua egin beharko zenuke akaso, baina kosta ala kosta eutsi nahi badiezu zure lagun taldea den arlote multzotik bereizten zaituzten zaletasun bakan horiei, lasai, bada esperentzarik zuretzat ere. Joan laster batean koadernoa eta arkatzaren bila, eta apuntatu urratsez urrats kulturzale bakartutik bakartira salto egiteko gomendio zerrenda.

1. Ondo pentsatu noiz iritsiko zaren. Ez da dena kalterako izango. Bakarrik zoazenez gero, ez duzu zertan puntuala izan, eta nahi beste denbora erabil dezakezu ispiluari begira Joy Divisionen eta Willis Drummonden t-shirtaren artean hautatzeko. Ez pentsa ordea, nahi duzunean irits zaitezkeenik. Goizegi helduz gero, ezagun pedanteren bati azalpenak eman beharko dizkiozu, eta beranduegi bertaratzen bazara, baliteke ObabaFesteko memeek baino atentzio gehiago zureganatzea. Hasi eta berehala iristea da aproposena. Hori bai, ez ahaztu: kasurik onenean ekitaldi guztiak ordu erdiko atzerapenarekin abiatzen dira.

2. Mugikorrak ez zaitu salbatuko. Sartu zara areto/antzoki/frontoi edo dena delakora, eta zoritxarrez, lehenengo gomendioari tenk egin ez diozunez oraindik ez da ikuskizuna hasi. Salbuespenik gabe, halako egoeran, Iphone 6-a erosi berri duenak zein aitonaren nokia zaharra biziberritu duenak jotzen dute pantaila txikaren babesera. Baina, aitor dezagun, ez da estaldurarik izaten bazterreko kontzertu edo antzerkiak egiten diren zulo ilunetan. Eta baldin badago, are okerrago izan daiteke. Ingurukoekin begirada ez gurutzatzeko aitzakiaren bila, atentzio apur bat erregutuz mezua idatziko diozu azkenekoz erantzun ez zizun amoranteari, edo zure izen ona betiko kondenatuko duzu hatz urduriekin Julio Sotoren azken zutabea nahigabe bertxiotuta. Datozen ekitaldi guztietara ere bakarrik joan nahi ez baduzu, segapotoa etxean uztea da aukerarik onena.

3. Onar ezazu behingoz: bakarrik zaude. Disimulatu nahian tragoak binaka eskatu edo lagunaren zain zaudela frogatu asmoz komuneko atearen alboan estrategikoki kokatzeak ez du inor engainatuko. Antzokia bada aldiz, ez da aukera onegia alboko eserlekua okupatzea. Itxurakeritan hasiz gero, hobe da bakarrik zaudela argi adieraztea bakarrik utzi zaituztela iradokitzea baino. Edo bestela, mugikorrarekin batera egozentrismoa ere etxean utzi eta zure ingurura begira jarri: ez zaio inori axola konpainian edo Bernardo Atxagaren gizona bezain bakardade ilunean bertaratu zaren: Bigarren ilarako horrek badu nahikoa lan Berriarako eskatu dioten kronikarako oharrak hartzen, barraren alboko bikotea euren kanta noiz joko duten zain dago, eta aurreikuspen guztien arabera emanaldia amaitu egingo da eskuinaldeko horiek selfiearen enkodrearekin asmatzen dutenerako.

4. Gustatzen ez bazaizu, alde egin. Sarreran 25 euro utzi badituzu ere, diruarekin batera zure denbora galtzeak ez dizu mesederik egingo. Bakarrik zaude eta ez diozu inori azalpenik eman behar bertatik alde egiteko. Tbilisiko post-funky-a izugarri gustatuko zitzaizula uste zenuen baina ezin duzu segundu bat bera ere jasan. Denoi gertatu zaigu. Oraindik bigarren zatia hastear dago eta segi Txanpionzeko finalaren bigarren zatia ikustera.

Eta azkenik, saiatuta ere, proposamen guzti hauek zure lotsa, gabezia edo maniak osatzeko balio ez badute, kultur peregrinazioa albo batera utzi eta probetxuzko zerbait egiten hastea duzu onena. Oraindik garaiz zaude San Silvestrea prestatzen hasi, igerilekuan izena eman edo Sautrela saio guzti guztiak bata bestearen atzetik ikusteko.

Kulturzale
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude