Kulturaren mesedetan

Kanpotik betiko itxura mantentzen dute, baina barrutik zeharo eraldatu dituzte. Han eta hemen badaude horrelako eraikinak.Garai batean ehunka langile edo familia diruduneko kideak hartu zituztenak kulturarako edo aisialdi gune dira orain.

Bilbon eraberritutako Alondegia zabaldu berri dute. Ricardo Bastidak diseinatutako ardo biltegia 1909an inauguratu zuten, eta 70eko hamarkadan bereak egin zuen. Philippe Starck arkitektoak kultur eta aisialdi gune bilakatu du orain Errekalde zumarkaleko eraikina. Zinema, erakusketa eta kontzertu aretoak, igerilekua… Hori guztia eskaintzen du. Euskal Herrian badaude bide bera jarraitu duten eraikin gehiago. Bilbon bertan, adibidez, Bilborock da deigarria: 1750. urtean Mesedetako komentua izandakoa kontzertuetarako aretoa da 1997tik.Gasteizen, XVI. mendean Agirre familiaren egoitza izan zen Montehermoso jauregia hiriko kultur gune garrantzitsuenetako bat da gaur egun. Baina hotela eta gotzain egoitza ere, besteak beste, izan da mendeetan zehar Montehermoso. Duela ehun urte pasatxo eraikineko sotoa eta ondoko ur biltegia elkar komunikatu zituzten. Gaur egun, Montehermosori kultura dario eta ur biltegi izandakoa Ohianederra erakusketa areto zabala da.

Donostian, XX. mendean hiriko lantegi garrantzitsuenetakoa izan zen Tabakalera. Duela hamar urte inguru itxi, eta azken urteotan zenbait kultur jarduera egin dituzte tabako fabrika zaharrean. Kultura Garaikidearen Zentroa egitekoak ziren bertan, baina zer gertatuko den ikusteke dago orain; erakundeak hasierako proiektua murriztearen aldeko baitaude gastua gutxitzeko.Nafarroan ere bada adibiderik: Iruñeko Condestable eta Burlatako Uranga jauregiak kultur etxe dira orain, eta Ipar Euskal Herriari dagoikionez, Ustaritzeko Lota jauregia Euskal Kultur Erakundearen egoitza da.

Euskal Herritik kanpora ere bada alerik. Bartzelonako modernista estiloko ehungintza lantegia Caixaforum da orain, eta arte erakusketak hartzen ditu, besteak beste. Madrilen 80ko hamarkada arte animaliak hiltzen zituzten tokian kontzertuak, antzerkia edota dantza ikuskizunak antolatzen dituzte orain. Espainian bertan, Caceresko Malpartida herrian, Vostell museoa zabaldu zuten artile garbitegi zaharrean.

Ildo beretik joan da Parisko Orsay museoa. Louvre gaindiezinaren parean, Orsayko tren geltokia inauguratu zuten 1900an, baina 40 urte pasata geltokia txiki geratu zen eta, zenbait urtetan itxita egon ostean, 1986an tren geltoki izatetik museo izatera igaro zen Orsay.Alemaniako Berlin hirian gazteen topaleku bilakatutako Brotfabrik ogi fabrika, Mexikoko Zacatecas herrian dantzarako prestatutako meategia, Tarifan arte galeria bihurtutako aletegia…

Aipatutako eraikin horien guztien irudiak ikusteko:

http://www.gaztezulo.com/iruditan.php?pagina=2&grupo=1&uuid=&order=0

Alondegia barrutik

Irudia | Alondegia barrutik | Ezezaguna | Creative Commons By SA

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.