Artedrama, Kultur Leioatik kanpo

Artedrama, Kultur Leioatik kanpo –

Artedrama, Ander Lipusek gidatzen duen plataforma da, beste antzerki talde batzuekin bat eginda “Francoren Bilobari Gutuna”, edo azken ekoizpena duen “Hozkailua” (Huts Teatroa)  -azaleko argazkian- antzezlanak taularatu dituena, besteak beste.

Arte eszenikoen plataforma Kultur Leioako talde egoilarra ere izan da azken bost urteotan, eta bertako Kultur Maratila programatzeaz arduratu da, harik eta udalak, “erabaki politikoak medio”, elkarlana etetea deliberatu duen arte.

Komunikatu honen bitartez jakinarazi dute:

.

.

Bost urte eta erdi luze ez ditugu nolanahi pasatzen utzi nahi, eta horregatik, Artedrama arte eszenikoen plataformako kideak gutun forman agurtzen gara Leioaz.

Gurea ez da antzerki talde arrunt bat, hortik plataforma deitzea; egiten dugunaren ardura publikoa oso presente duen antzerki taldea gara. Euskal Herri osoan lan egiten dugu, zazpi lurraldeetan, eta Leioa gurekin, gure proiektuarekin batera eraman dugu orain arte.

2012ko otsailean, babesa eman zigun Leioako Udalak Kultur Leioan. Ordutik, herri honetako euskal sorkuntza eszenikoen motore izaten ahalegindu gara, antzerkiaren eskutik bizia ekartzen herriari eta baita ekonomia bat ere. Bide horretan, hasieratik jaso genuen orduko hautetsi politikoen onespena, eta jakina, Ana Lopez Kultura eta Gazteria Zuzendariaren laguntza, konpromisoa eta babes ezinbestekoa, talde bezala handitu eta sendotzea ekarri diguna.

Antzerki taldeen egoitza naturala antzokiak izan behar luke, eta naturala ere antolatzaile eta sortzaileen arteko sinergiak. Elkarlan horretan, nahi eta ilusio handia egon da gure partetik, baina zoritxarrez azken legegintzaldian ez dugu sentitu nahikoa bultzada politiko, hutsune legalengatik, baina bereziki borondate faltagatik. Hori dela eta, bost urteko harreman artistiko honekin ezin izan gara nahi genuen lekuetaraino heldu.

Gure kanporatzea, udal gobernuaren erabaki politiko bat izan da, zeinarekiko ez dugun jaso ase gaituen argumenturik. Soilik, eta antza denez, erabaki honekin antzerki talde egoiliarren programa osoa ezabatzen dela Leioan, Eusko Jaurlaritzak orain dela urte batzuk bultzatutako bide estrategikoaren aurka.

Ibilitako bidean izan ditugun lorpenekin pozik, Leioako ikuslegoarekin eskertuta, eta aldi berean bide honek izan duen bukaeraren pena eta ezintasunarekin, bagoaz.

Ez adiorik.

Artedrama, Kultur Leioatik kanpo

Artedrama, Kultur Leioatik kanpo

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.