Kritika zinematografikoa: ‘THERE IS NO EVIL’

– Kritika zinematografikoa: ‘There is no evil’ –

Zuzendaria: Mohammad Rasoulof
Urtea: 2020
Herrialdea: Iran

-Borrero eta biktimen istorioa-

Sheytan Vojud Nadarad (There Is No Evil)-ek 2020ko Berlinalen film onenaren saria irabazi zuenean, Mohammad Rasoulof zuzendariak ezin izan zuen saria jaso. Bideokonferentzia bidez eskertu zuen saria, duela urte batzuk Iranetik ezin atera baitago, bere zinemaren bitartez herrialdearen aurkako propaganda hedatzea egotzita. Hain zuzen ere, Irango biztanleek pairatzen duten jazarpenaz mintzo zaigu bere azken lanean, klandestinitatean grabatua eta zinema aretoetan aurreko astean estreinatu zena.

Heriotza zigorraren gaiaren inguruan antolatzen dira Sheytan Vojud Nadarad filma osatzen duten lau kontakizunak; erritmo, doinu eta berezitasun zeharo ezberdinek agintzen dutelarik haietako bakoitza. Zentzu horretan, filmaren bizkarrezurra den gaiaz gain, lau istorioek haien artean zerikusirik ez badute ere, Rasoulofek jorratzen duen testuinguraketa argia da. Horri esker, minutuak igaro ahala, Irango egoeraren ñabardurak ezagutuz joango gara: heriotza zigorraren nondik norakoak, soldaduskaren nahitaezkotasuna, lege bidegabekoak, herritarren egunerokotasuna…

Rasoulofek, zinema sozialean urtez trebatutakoak, argi eta garbi adierazten du heriotza zigorraren aurkako bere aldarria. Gaizkiaren hutsalkeriaren inguruko hausnarketak gogora ekarriz, biktima eta biktimarioen arteko aldea lausoa, eta orotara mingarria, dela baieztatzera dator filma. Estatu errepresiboaren pean hartzen diren erabaki pertsonalen itxurazko askatasuna zalantzan jartzen du zuzendariak behin eta berriz, pertsonaien hautuak distantzia neutralaz behatuz. Nire ustez, gehiegizkoa izatera ailegatu daiteke Rasoulofek gorde nahi duen erlatibismo puntua eta, ondorioz, bere aldarria gardena bada ere, indarra galduz doa, auzia gizabanakoen miseria pertsonaletara soilik murrizten duen heinean.

 

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEAn

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude