Kritika zinematografikoa: ‘Sweat’

-Kritika zinematografikoa: ‘SWEAT’-

Zuzendaria: Magnus von Horn
Urtea: 2020
Herrialdea: Polonia

Sweat (2020) filmak Sylwia Zajac izeneko “fitness influencer” poloniarra jarraituko du hiru egunez, hasiera batean arrosa kolorekoa zirudien munduaren argi-ilunak erakutsiz. Erreportajeen formatua antzeratuz, filmak protagonista jarraitzen du goizeko lehen entrenamendu jendetsutik, 72 ordu beranduago, telebistako fokuei begira, malkoei eutsi eta irribarre ederra eskaintzen digun arte.

Sare sozialetan gehiegizko agerpenari egiten zaion kritika agerikoaz haraindi, emakume arrakastatsu bezain etsiaren erretratu errealista konposatzen du Sweat-ek; sinesgarritasuna zainduta ere, zorrotza eta  hartzen zaila dena. Bakardadearen inguruko gogoeta ere garatzen du, sare sozialetan erakusten den bizitzaren atzealdetzat. Kasu honetan, Sylwiaren itxurazko egunerokotasun perfektua aurreikusi ezin zitekeen biolentziak urratzen du; jazartzaile bat duela deskubritzen duen unetik, deserosotasun latza darabilten hainbat pasarteetaraino.

Gertakariak era burutsuan eraikitzen doaz, hartara, haietatik izugarrienak ere ondo integratzen dira traman, zeinak filmean zehar landutako haziak amaiera aldera ondo batzen baititu. Bikain funtzionatzen du, beraz, Magnus von Horn zuzendariak idatzitako gidoiak, sinpletasunean erori gabe ebazpen naturalak eta jarraitzen erraza den istorioa lortzen dituelarik. Aipatzekoa ere Sylwiaren entrenamenduak jasotzerako orduan abiatzen den grabaketa eta muntaketa lan trebea. Hasierako sekuentzian, adibidez, baldarra gerta zitekeen mugimendu eta jende mordoa benetan modu itxurosoan harrapatzen da, mementoko energia zirraragarria ederki harrapatuz. Hala da, baita ere, filma ixten duen amaierako bakarkako entrenamenduan, irudien txukuntasunari ukitu espresiboa gehitzen zaiolarik.

 

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEAn

Euskal pantailaren gunea