Kritika zinematografikoa: ‘Old’

.

Zuzendaria: M. Night Shyamalan

Urtea: 2021

Herrialdea: AEB

Vicky Kriepsek eta Gael García Bernalek antzeztutako senar-emazteak bolada zaila igarotzen ari dira, krisia dibortzioan amaitzeko arriskuarekin. Hala, agian familian (haien bi seme-alabekin) azken oporrak izango dituztenak igarotzera joango dira tropikoko resort batera, han egoera birplanteatzeko beharbada, hausnarketa existentzialetarako denbora izateko. Baina ezusteko norabidea hartuko du bidaiak, eta lasaigarria behar zuen oporraldia amesgaizto itogarri bihurtuko da, banatzear dauden bikote askoren azken egunetan gertatu ohi den bezala.

Hala ere, Krieps eta Garcia Bernalen pertsonaiek ez dute batak bestea arerio izango (ez literalki, behintzat), eta beldurrezko pelikula gehienetan bezala, familia barruko gatazkak kanpoko elementu fantastiko batean gorpuztuko dira. Kasu honetan, munstroa lokalizazioa bera da, paradisuko hondartza bat, eta bertan igarotzen den segundo oro. Filmaren lehen zatian erakusten zaizkigun pistekin, laster suma dezakegu hondartzan denbora azkarrago igarotzen dela: han 30 minutu igaroz gero, urtebete zahartzen da pertsona (beraz, hondartzako egun oso bat 50 urteren baliokidea da). Pertsonaiei gauzak zailago jartzeko, etorritako bidetik bueltatzea ezinezkoa izango zaie. Nola egingo dute ba ihes denboraren atzaparretatik?

Frederik Peeters eta Pierre Oscar Lévyren The Landcastle nobela grafikoan oinarrituta, M. Night Shyamalanen azken filmak The Twilight Zone edota Black Mirror telesailetatik irten zitekeen ideia horrekin egiten du jolas. Pertsonaien bizitza osoak bi ordutara sinplifikatuz, haien gorputzak atzera kontaketa erlojutzat hartzea suspenserako abiapuntu paregabea da. Begi bistan da generoan soberako eskarmentua duela zuzendariak (The Sixth Sense (1999), Signs (2002), The Village (2004)… klasiko garaikideak egin ditu). Oldek ere bere filmografiako beste istorio fantastiko eta sinestezin batzuen itxura du, baina, oraingoan ere, ondo harilkatzen ditu kontakizuneko misterioak amaieran, ezusteko bira interesgarri batekin.

.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude