Kritika zinematografikoa: ‘El agente topo’

.

Urtea: 2020
Zuzendaria:  Maite Alberdi
Herrialdea:  Txile

-Munduko espioi zatarrenaren istorioa-

Zaila da adin, interes eta zaletasun anitzak asebeteko dituzten filmak topatzea, batez ere, harritu zein hunkitzeko gaitasuna ere izatea eskatzen badiegu. Aste honetan, ordea, ez dago zertan gehiegi miatzerik, hementxe baitago El Agente Topo (2020) zoragarria, Maite Alberdi dokumentalista txiletarraren azkena.

Los Niños (2016) filmean adierazitako bihozberatasunetik urrundu gabe eta, La Once-n (2014)  egin bezala, adineko pertsonak protagonista bihurtzearen hautuari helduz; bueltan da Alberdiren naturaltasun xamurra, egunerokotasuna zuhurki behatuz edertasuna nonahi aurkitzeko ahalmena duena.

Hain zuzen ere, ederra eta ona den ororekiko bere atxikimenduaren arabera definitu genezake Sergio Chamy, 83 urteko gure espioi traketsa. Egunkarian irakurritako iragarki batek txundituta, Rómulo izeneko detektibe pribatuaren bulegoan aurkeztuko da Sergio, detektibearen esanetara jarri eta zahar-etxe batean infiltratuko da, han ematen diren ustezko tratu txarren inguruan zelatatzeko.

Fikzio hutsa dirudien premisa zoro honi jarraiki, noir dokumentala sortzeko ideiarekin abiatu zuen Alberdik proiektua. Emaitzak ukitu jostalari hori galtzen ez badu ere, azkenean, detektibe jolasaren narratibaren gainetik gailendu egiten da ikerketa honen guztiaren alderik gizatiarrena. Izan ere, ezkutuko kamera, txosten, disimulu eta susmoez haratago, Sergio gizon onbera dugu. Egoitzako andreen miresmena piztuko du hitz gozoez eta entzuteko nahiaz jantzitako bere adeitasunak; eta, nola ez, ikusleon bihotzetan lekutxoa egingo du ere.

.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEAn.

Euskal pantailaren gunea