Kritika zinematografikoa: ‘A Metamorfose dos Pássaros’

Kritika zinematografikoa: ‘A Metamorfose dos Pássaros’ –
Zuzendaria
: Catarina Vasconcelos
Urtea: 2020
Herrialdea: Portugal

-Objektuek ezkutatzen dituzten istorioak-

Ispilu zahar bat, aitonaren lupa eta haren garaiko kartak, Mozambikeko zigiluak, Sorollaren kuadro baten kopia, edota zuri-beltzeko argazkiak (muxarratuta batzuk, erakusten dutena baino ia gehiago ezkutatzen dutela). Horiek eta beste asko dira Vasconcelos familiaren etxebizitzak urteetan zehar gorde dituen altxor preziatuak. Funtsean, objektu xumeak dira, beste edozein etxetan aurki litezkeenak. Eta, hala ere, gutxi batzuek bakarrik hartzen dituzte aintzakotzat, gutxi batzuek egiten baitute, Catarinak egiten duen legez, altxor horiekin solas eta jolas. Askotan ez da erraza gure egunerokotasunaren sarea ehundu duten egurrezko marko eta gortina estanpatuez ohartzea, eta are gutxiago bertan istorio exotikoak ezkuta daitezkeela susmatzea. Catarina Vasconcelos zinemagileak, ordea, horixe bera egitea lortzen du A Metamorfose dos Pássarosen, dokumentu historikoa eta fabula, formatu dokumentala eta prosa poetikoa dotoreziaz nahasten dituen familia-erretrato ederrean.

Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi zuen filmak Zinemaldiaren aurreko edizioan, eta bertan kontatzen zuen Catarinak errodajeko egun batean izan zuen gogoeta hura, gogoetak eragin zion zirrara azpimarratuz: bada, etxeko objektu preziatu haietako bat eskuetan zuela, ezagutu ez zuen bere amonak ere gauza bera noizbait ukitu izan zuela pentsatzean, objektua bien arteko komunikabide bat zela iruditu zitzaion. Beharbada antzerako zerbait sentituko dute ume txikiek ere oheratzean, amaren agurrek logela bakardadez bete ondoren, pelutxezko hartzak besoen artean gogor estutzen dituztenean. Jacintok, zinemagile portugaldarraren aitak, gazte galdu zuen ama, eta familiaren patu tragikoan idatzita egongo balitz bezala, Catarinaren ama ere zuzendariak hamazazpi urte besterik ez zituela hil zen. Hala eta guztiz ere, amona eta amaren izpirituak eta haien bizitzetako istorioak presente diraute etxeko totem horietan guztietan, eta ume txikien pelutxe fetitxistak balira bezala, haur-fede kartsuz filmatzen ditu Catarinak.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude